astekaria 2019/06/21
arrowItzuli

iritzia

Basazabal eta historia

Iñigo Aranbarri eta Jose Luis Otamendi

Basazabal eta historia

Urtarrilean ireki zuten Azpeitiko Zurbano-Basazabal jauregia zaharberrituta. Txukundu dute kanpo eta barru, eta erabilgarri jarri ere bai hainbeste urtez itxita egon ondoren. Turismo bulegoa bertan da, erabilera anitzeko hainbat gela martxa bizian hasita daude, eta beste zenbait ekimen ere (dela ezkontza, dela bestelako) hor egiten dira.

Jendearentzat ikusgarri jarri duten honetan, kontakizun bat egin beharra ere badakar etxe apaindu berriak. Eta hala, eraiki zen garaiko Azpeitiaren eta orduko zenbait herritarren berri eman nahi izan dute horma-irudi edo panel informatiboak jarrita.

Herri agintarien arduretako bat da kultura, ondarea eta historia zaintzea ez ezik, herritarrei horien berri zintzoa ematea, gezurrik gabe, engainu asmoak alboratuta. Zientzia historikoaren eta historialarien makulua bilatzen ere jakin behar izaten da horretarako, jendarte bateko muina eta ertzak, argiak eta itzalak zertan izan diren erakusten saiatu, gero bakoitzak bere ondorioak atera ahal izan ditzan.

Basazabaleko paneletako testuek, ordea, historia asko ezkutatzen dute hemengo eta hemengoen historiaz. Hainbat pertsonaia itzal handikoren soslaia lau-lau, inongo tolesik gabe ageri da bertan, dena ordeka eta zelai, euren ospearen eta aberastasunaren parte handi bat alderdi ilun sakonen aterpean eskuratu zutela estalita. Izan ere, hala eraiki dira hemen ere hamaika etxe, eliza eta palazio, besteri kendutakoarekin, alegia. Eta hori pentsatu egin daiteke, esan ere bai plaza egokian, baina ez du ondo ematen, nonbait, inon idatzita edozeinek ikusteko moduan gera dadin.

Gatazka eta kontraesanik gabeko jendarte bat erakutsi nahi dugu, antza. Hori, gainera, jakinik Basazabalen sartuko den herriko eta kanpoko ehunka eta milaka bisitarik horma horiek kontatzen dutena jan eta irentsiko dutela, gure historiaren hainbat atalen bertsio ofiziala eta, horrenbestez bertsio bakarra, panel horietan idatzita dagoena izango dela beraientzat.

Besteak beste, «abenturazale» eta «humanista» gisa erakutsi nahi diren gure handi horiek, XV-XVI. gizaldietako Gaztelaren eta Espainiaren inperio-ametsen abaroan eta testuinguruan handitu eta gizendu dira erabat: Zurbano, Saenz Elola, Antxieta, Enparan, Loiolatarrak... Beti izan da horrelatsu: jende xehea eta kultura larri edo apalagoak mendean hartuz aberasten dira inperioak eta haientzat ari direnak. Eta gurean, apezpiku jazarleak dira, konkistadoreak, gorteko musikariak, merkatariak, santuak.

Zurbano, Martin Azpeitia, inkisidore eta apezpiku izan zen Errege-Erregina katolikoen garaian, Nafarroaren konkistaren aldian, eta haien estatu politikaren kolaboratzaile leial. Saenz Elola, Nicolas Azpeitia, berriz, Pizarroren ondoan zen Carlos I.aren inperioaren zerbitzura Cajamarcako sarraskian (kroniken arabera, 4.000 eta 5.000 lagun artean hil zituzten espainolek arratsalde bakar batean; hauek, aldiz, biktima bakarra izan omen zuten, «esklabo beltz bat»). Orduan atxilotu eta hil zuten Atahualpa Inka. Haren altxorren partizioan ageri da gure «abenturazale humanista», hala dago eraikia bere buruari eginarazi zion kapera ederra herriko elizan. Etxera etorrita, bere emaztea jotzeagatik auzipetua izan zen. Zenbat horrelako.

Ezin bihur gaitezke garai bateko jauntxo eta handikien defendatzaile eta nahigabeko publizista, herriaren eta herrien mendeetako borrokak ahaztuta. Akritizismoa klasista da, eta hori ez onartzeak estaltzen ditugun desmasien konplize egiten gaitu. Gure historiaren berrikuste kritikoa egiteko aukera ezin da joaten utzi eta ezikusia egin salagarri zaizkigun alderdiei, turismoaren edo bestelako komenentzia lausoen pean.

Herri ireki eta aurrerakoia da Azpeitia egun, herritarren lanak eta borrokek ekarri dute dagoen tokiraino. Herriaren lorpen direnak ezin dira handikien eta jauntxoen begiz azaldu, herriak bere egin dituen espazioak eta historia ezin dira jauntxoen eta handikien gotorleku bilakatu. Horrek belaunaldi osoen ahaleginak eta borrokak harrika botatzeko prest gaudela esan nahi luke hein handi batean.

Galdera asko sortzen zaizkigu eta ez da erraza, baina gure ardura ere bada erantzunak bilatzen saiatzea. Historia nola irakurri behar da? Haiek eta gu bezalako kontzeptuekin zer ulertu behar da gaur? Zein da historiaren eta memoriaren egitekoa gaurko jendartean? Eta atzokoaren memoria? Eta biharkoa? Herriari, herritarrei nola aurkeztu behar zaio historia? Nola eta zertarako erabili jendaurreko espazioetan?

Ezin dira tratatu herritarrak turistak balira bezala, ezin dira tratatu turistak merkantzia balira bezala. Jendea, honen ondarea eta memoria, begirunez hartua izan dadin egin behar dute lan agintariek.

Basazabaleko jauregi eder hori jendearen gozagarri dago orain, baina barruko hormetan kontatzen den historia herriaren kontra, herriari bizkar emandako historia da. Aukera eder bat dago gertatzen diren gauzak beste modu batez esaten hasteko.

BERRIAn argitaratua (2019/06/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA