politika
Urrutikoetxea atxiki egin dute, dei auzitegiak aske uztea erabaki ostean
Ekhi Erremundegi Beloki
Atzo 10:30 aldera iritsi zen Urrutikoetxea Paris erdigunean dagoen epaitegira. Maiatzaren 16an atxilotu zuten ETAko kide historikoa Frantziako Alpeetan, Sallanches herrian, eta presondegian sartu; bi espetxe zigor ditu betetzeko Frantzian. Parisek 2010ean zazpi urteko zigorra ezarri zion, ETAko zuzendaritzako kidea izatea leporatuta; eta 2017an, zortzi urtekoa, 2011-2013 artean Osloko elkarrizketa mahaian izan eta ETAko egitura politikoan parte hartzea egotzita. Urrutikoetxea bi epaiketetan ez zegoela ebatzi zenez, haiei uko eginez gero berriro epaitzeko aukera aitortzen dio Frantziako legeriak, eta hala egin zuen. Atzoko auzia 2010eko zigorrari buruzkoa zen, eta epaiketa lehen instantziara itzultzea onartu zuen epaileak; hilaren 28an izango da, Parisen, Korrekzionalean.
Urrutikoetxeari ezarritako behin-behineko espetxealdiari helegitea jarri zioten bere abokatuek, eta hori izan zen atzoko saioko gakoetako bat. Haiek esan zutenez, legez hamabost eguneko epea dute behin-behineko espetxealdiaren helegitea aztertzeko -ekainaren 8an bukatu zen epea-, eta, prozeduraren oker bat argudiatuta, presoa aske uzteko eskatu zuen Laurent Pasquet-Marinacce abokatuak. «Ez zarete baldintzapeko askatasun eskaera bat aztertzera deituak; espetxeratze prebentibo bat aztertzera deituak zarete», esan zien epaileei.
Urrutikoetxearen osasun egoera ere hizpide izan zuten, eta kartzelaldiarekin bateragarria ez dela argudiatu zuen Pasquet-Marinaccek. «Ospitale batean atxilotua izan zen, bezperan izandako hitzordu baten ondotik, larrialdi handiko ebakuntza egin behar ziotelarik. Ebakuntza ezin izan zioten egin atxiloketaren ondorioz». Atxiloaldian aztertu zuen medikuak ebakuntza egitea ezarri zuen baldintza modura, baina, La Sante Parisko presondegian hilabete pasatu ondotik, oraindik ez diote egin, eta ez da programatua ere. Bere dosierra galdu egin dela erran omen diote. Josu Urrutikoetxeak berak ere eman zuen bere egoeraren berri: «Osasuna asko okertu zait azken egunetan. Atxilotu nindutenean, medikuarekin ordua nuen. Atxilotu aurreko astean zortzi kilo galdu nituen. Hilabete bat da La Santeko presondegian naizela; nire eskutitz guziak blokeatuak dira; ez dut bisita eskubiderik, abokatuarena bakarrik».
Estatuaren abokatu nagusiak ukatu egin zuen prozeduran oker bat egon dela, epaiketa berriro egiteko eskatu zenetik bi hilabete daudela argudiatuta -ez zuen behin-behineko espetxealdiaren helegitea aipatu-. Urrutikoetxeak 1970eko hamarkadatik ETAn leku garrantzitsua izan zuela nabarmendu zuen estatuaren abokatuak, eta «talde terroristak» eragindako kaltea zerrendatu: «800 hildako, mila zauritu». Espainiako Estatuarekin izandako elkarrizketak ere aipatu zituen, baina, haren arabera, ETAren arma guztiak ez dira itzuli.
«Urrutikoetxea ez da sekula zigortua edo inplikatua izan hilketa batean. Ez dakit zertaz ari zareten. ETA erakunde beraz ari ote gara?», erantzun zion, haserre, Laure Heinich defentsa abokatuak. «Lehen aldia da entzuten dudala arma guztiak ez direla itzuliak izan. Denak itzuliak izan dira, eta erakundea desegin da».
Louis Joinet, berme gisa
Atzoko auzi saioa Urrutikoetxearen ibilbidea gogoratzeko parada izan zen defentsako abokatuentzat. Pasquet-Marinaccek «bakearen alde» hark egindako «30 urteko borroka» aipatu zuen. «Leku aktibo eta zentrala izan du 1980ko hamarkada bukaeratik, ETA eta Espainiako Estatuaren arteko gatazkari konponbide baketsu bat aurkitzeko indar eta ekinaldi guztietan parte hartu du». Aljerko negoziazioak (1989) eta Genevakoak (2005-2006) aipatu zituen, 2011n Norvegiako autoritate nagusien harrera izan zuela ere esan zuen, baita ETAren desegite adierazpena irakurri zuela ere, 2018ko maiatzaren 3an. «ETAren borroka armatuaren bukaera ekarri duen aktore nagusia da preso duzuena».
Azkeneko asteetan Frantziako hedabideetan argitaratu dituzten iritzi artikuluak aipatu zituen Heinich abokatuak. Libération-en nazioarteko 62 pertsona ezagunek Urrutikoetxea askatzeko eskatu zuten orain aste batzuk, eta, herenegun, gatazken konponbidean diharduten hiru adituk «ausardiaz» jokatzeko eskatu zioten Frantziako Gobernuari, Le Monde egunkarian. Epaitegian politika egin nahi izatea ukatu zuen abokatuak, baina bi testuen garrantzia azpimarratu zuen, jasotako sostengua Urrutikoetxeak ihes egingo ez duela segurtatzeko «bermea» dela adierazita.
Pisuzko beste argumentu bat ere aurkeztu zuen abokatuak: Louis Joinet Frantziako magistratu ezaguna prest agertu da Urrutikoetxea bere etxean aterpetzeko, Parisen. Beste pertsona ezagun andanak ere gisa bereko engaiamendua hartu dutela baieztatu zuen Heinichek.
Abokatu nagusiaren argudioei ere aurre egin zien: «Kontsideratzen ahal ote da norbait ihesean dela autoritate guztiek dakitelarik non den?», galdetu zuen, Osloko negoziazio saioaren aipamena eginez. «Haren hitza kontuan hartua izan da, askoz garai zailagoetan, haren askatasun eskaera baino askoz ere garai zailago eta inportanteetan. Engaiamendu bat hartzen duenean, atxikitzen du. Horregatik hautatua izan da negoziazio horietan parte hartzeko».
Defentsaren argudioei segituz, Urrutikoetxearen aldeko erabakia hartu zuen epaimahaiak. Pozik agertu ziren defentsako abokatuak: «Justiziak irabazi du».
Baina epaileen erabakiaren berri izan bezain pronto hasi ziren mugimenduak Espainiako Estatuan. AVT eta Covite ETAren biktimen elkarteek «harridura» agertu zuten epaileen erabakiagatik, eta jakinarazi zuten «azalpenak» eskatu zizkietela «frantziar autoritateei». Espainiako Barne Ministerioak, aldiz, iluntze partean esan zuen Parisen erabakia «erabat judiziala» zela, eta «lehenago ala beranduago» Urrutikoetxea epaituko dutela Espainian.
Barne Ministerioak horiek esan eta gutxira iritsi zen Urrutikoetxearen atxikitzea, familia eta prentsa kartzelatik noiz aterako zain zeudela. Zuzenbideak erabaki zuen Urrutikoetxea aske uztea, ikusteko dago zer arlotako erabakia izan den atxikitzearen oinarrian dagoena.
Espainiari «mezu argi bat», hirugarren aldiz gutxienez