astekaria 2019/06/21
arrowItzuli

politika

PSNk atzera egin du, eta EH Bilduk idazkari bat izango du mahaian

Joxerra Senar

PSNk atzera egin du, eta EH Bilduk idazkari bat izango du mahaian

Azken unean, korapiloa askatu dute. Herenegun gauez, bost ordu eman zituzten PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, parlamentuko mahaiaren osaketari buruz negoziatzen, akordioa erdietsi ezinik. Atzo, goizean goiz, berriro ahalegindu ziren, baina emaitzarik ez. Geroa Baik, parlamentuko lehendakaritzaz gain, mahaian EH Bilduk ordezkaritza izatea nahi zuen; aitzitik, PSNk mahaitik kanpo utzi nahi zuen. Blokeoa gainditu ezean, aurrera begira, sozialistek arriskua zuten Nafarroako Gobernuaren negoziazio prozesua kale itsu batean sarrarazteko. Horregatik, atzo, parlamentuko lehendakariaren bozketa erabakigarria hasi aurretik, PSNk atzera egin zuen, eta EH Bilduk mahaian idazkaritza izatea ahalbidetu zuen. Geroa Baik, berriz, konpromisoa hartu du etorkizunean legebiltzarreko araudia moldatu eta mahaian beste bi kide sartzeko —bata sozialista, eta bestea Ahal Dugu-koa—.

Aurreko legealdian Andaluzian erabilitako formula baliatu nahi dute horretarako. Espainiako autonomia erkidego horretako parlamentuan, 2016an, mahaia eratzeko prozedura baliogabetu zuen Auzitegi Konstituzionalak. Epaiak eragin zezakeen anabasa ikusirik eta, aldi berean, alderdi guztiei ordezkaritza ziurtatu nahirik, mahaia zabaldu eta araudia aldatu zuten. Orain, antzeko zerbait egin nahi dute Nafarroan. Behin eledunen batzordea osatuta, mahaia handitzeko proposamena egingo dute taldeek, eta araudia aldatzea galdegin. Halaber, Navarra Sumak hori baliogabetu dezakeenez, zerbitzu juridikoek aztertu beharko dute gaia. Luze joko du auziak, eta, bitartean, PSNri arnasa ematen dio.

Presioa, PSNren gain

Izan ere, irtenbide horrekin lasaitasuna eta denbora irabazi dute alderdiek, batik bat, PSNk, datorren astean akordio programatikoaren inguruko negoziazioei ekin ahal izateko. Ia hasieratik gobernua osatzeko prozesua bera kolokan gera zitekeela jakinik, presioa PSNren teilatu gainean zegoen, batik bat. Ezinbestean, Ferrazen oniritzia erdietsi dute.

Duela bi aste, PSNrekin izandako lehen bileran, Geroa Baik argi utzi zien mahaiak Nafarroako aniztasuna islatu behar lukeela, eta EH Bilduk bertan egon behar zuela. Astelehenean, Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak proposatu zuen, irtenbide gisa, lehenik mahaia osatu beharko litzatekeela, EH Bildu gabe, eta aurrerago zabaldu: kasu horretan, PSN prest zegoen EH Bilduri tokia egiteko, baina boto eskubiderik izan gabe.

Geroa Baik ez zuen onartu, eta Ezkerrak bat egin zuen. Iragan asteburuan udaletan gertatutakoak egoera are gehiago nahasi du. Sozialistek hainbat udal handi eskuinaren eskuetan utzi izanak konfiantza krisia handitu zuen, eta, horregatik, eskaintza horrek itsu-itsuan PSNri konfiantza ematera derrigortzen zuen. Astelehenean, Geroa Baik publikoki ohartarazi zuen udaletan gertatutakoaren ondorioz sozialistekiko konfiantza ez zela hautsi, «baina 2007an» zegoela; erabat ahul.

Konfiantza krisi horretan, asteartean Ahal Dugu-k bere egin zuen PSNren proposamena. Astearte arratseko bost orduko negoziazio luzean, eskaintza haren nondik norako juridikoak aztertu zituzten lau alderdietako ordezkariek, hausturaren arriskua buruen gainean zutela. Han izan zen ordezkari baten ahotan, «gogorra» izan zen. Baita nekagarria ere. Gauerdia jota amaitu zen bilera, akordiorik gabe.

Atzo goizean berrekin zioten negoziazioari. Ordubete pasa iraun zuen beste bilera horrek, eta, berriro ere, emaitzarik ez. Bitartean, parlamentuko atarian nabari zen ikusmin handia zegoela, bai komunikabideen artean, bai gonbidatuen artean.

Gonbidatuen harmailak beterik zeuden. Han ziren, besteak beste, Joseba Asiron Iruñeko alkate ohia, Lola Eguren parlamentuko presidente ohia, Jone Belarra Ahal Dugu-ko diputatua, Ana Beltran Nafarroako PPko presidentea, Javier Gomara UPNren sortzailea, Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero Navarra Sumako diputatuak, Santos Cerdan PSNko diputatu eta PSOEko zuzendaritzako kidea, Alberto Catalan eta Ruth Goñi Navarra Sumako senatariak, Ines Arrimadas Ciudadanoseko diputatua, Laura Perez parlamentari ohia, Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuko ordezkaria, eta abar.

Akordiorik gabe, 11:00etan ekin zioten saioari. Adineko mahaiari egokitu zitzaion osoko bilkura berezia gidatzea. Parlamentariek karguaren zina egin ostean, legebiltzarreko lehendakaria hautatzeko garaia heldu zen. Hiru hautagai aurkeztu ziren: Navarra Sumako Iñaki Iriarte, Geroa Baiko Unai Hualde eta PSNko Inma Jurio. Bozketako lehen itzuli horretan argi zegoen ezein hautagaik ez zuela gehiengo osorik lortuko. Bezperan, Ahal Dugu-ko Herritarren Kontseiluak hala erabakita, talde horretako bi parlamentariek zuri bozkatu zuten. Ezkerrak ere bai. Gainerakoek euren hautagaiei eman zieten botoa, eta EH Bilduk, Geroa Bairi.

Une erabakigarria

Boto gehien lortu zituztenez, bigarren itzulian, Iriarte eta Hualderen artean hautatu beharra zegoen. Hareazko erlojuaren azken hondarrak amaitu zitzaizkion PSNri. Zirt edo zart, bere borondatea neurtzeko une erabakigarria heldu zitzaion, saihesbideetarako aukerarik gabe —boto zuriak ere Iñaki Iriarteren eskuetan utz zezakeen lehendakaritza—.

Hualdek hamar minutuko etenaldia eskatu zuen, eta, Maria Txibiterekin batera, ziztu bizian ganbera utzi, eta alboko areto batean bildu ziren. Pasabideetan zurrumurru giroa handitzen zihoan bitartean, kamerariak eta argazkilariak aretoaren ate aurrean elkartu ziren, irudiak hartzeko. Minutu batzuen ondoren, Hualde atera zen, sozialisten jarreraren berri emateko, Geroa Baiko taldekideei lehenik, eta EH Bilduko ordezkariei ondoren. Gero, Hualde eta Manu Aierdi jarduneko lehendakariordea sozialistekin elkartu ziren. Hainbat sartu-irten egin zituzten. Uneren batean, sozialistak bakarrik geratu ziren. Ordu erdi pasa iraun zuen ikuskizunak.

Sozialistek baiezkoa eman zutenean, berriz hasi zen saioa, eta Hualdek 30 boto eskuratu zituen. Hautaketa horrek bidea erraztu egin zien sozialistei hurrengo bozketan eserleku bat ziurtatzeko mahaian. Hala, lehendakariordetzak aukeratzeko txanda iritsi zenean, PSNko Inma Jurio (23 boto) eta Navarra Sumako Yolanda Ibañez (20 boto) hautatu zituzten. EH Bilduk zuri bozkatu zuen.

Azken bozketa baino ez zen falta. Mahaiko bi idazkariak hautatzeko, EH Bilduk Maiorga Ramirez proposatu zuen; Navarra Sumak, Sanchez de Muniain; eta PSNk Ainhoa Unzu. Sanchez de Muniainek bere taldeko hogei botoak jaso zituen, eta Ramirezek EH Bilduren, Geroa Bairen eta Ezkerraren babesa jaso zuen. Ahal Dugu-k zuri bozkatu zuen.

Ahal Dugu-ren jarreraz

Bere lehen hitzetan, «ohore handiz» eta «arduraz» hartu zuen kargua Unai Hualdek. Itxaropena agertu zuen Nafarroako erakundeek «aniztasunaren aitortzaren bidetik jarraitzeko eta sakontzeko». «Espero dut zuen itxaropena ez zapuztea. Guztion lehendakari izan nahiko nuke, konfiantza eman didazuen eta eman ez didazuen legebiltzarkide guztiena».

Saioa amaitu ondotik, Eduardo Santos Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak botoaren zentzua azaldu zuen. Nahiago zuten 23 parlamentariko gehiengo bat islatuko lukeen mahai bat osatu, eta ondorengo zabaltzean EH Bilduri tokia egin: «Kontua ez da EH Bilduk postu bat izan behar duen, baizik eta 23 eserlekutan sostengatutako gobernu batek ea gehiengoa izan behar duen mahaian edo ez». Alta, arlo horretan ez da akordiorik egon: «Ez ditugu ez batzuk ez besteak babestu».

Navarra Sumako Javier Esparza haserre agertu zen. «Aurreko egunetan prestatutako antzezlan bat izan da guztia, gauza baten itxurak egiteko eta azkenean kontrakoa egiteko». Haren hitzetan, PSNk hitzarmena egin du EH Bildurekin, eta «moralgabetzat» jo du haien jarrera.

PSNko Ramon Alzorrizek bestela ikusi zuen azken emaitza. Bere ustez, «etorkizunerako garai berri bat» hasi da, eta argi utzi du 23 parlamentariko gehiengo bat osatzea dutela helburu, lehenik akordio programatikoa eta ondoren gobernua hitzartzeko: «Hori da gure helburua, eta, gainera, gure hitza betetzen jarraitzen dugu, ez baitiogu Navarrari botorik eman, ezta EH Bildurekin hitzartu ere». Lasaitasuna eskatu zien herritarrei: «Egon daitezela lasai, ez diegu hutsik egingo».

EH Bilduko Bakartxo Ruizen hitzetan, nafarrek bozkatutakoa islatu du mahaiak. «PSN gu mahaitik kanpo uztearekin tematu da, eta hori ez da ez arrazoizkoa ez logikoa». Azkenean ez dute PSNren botorik behar izan: «Ikuskizun tamalgarri hau eragotzi zezaketen». Geroa Baiko Koldo Martinezen arabera, akordioa lortzea «ez zen ezinezkoa, baina bai zaila». Gobernua osatzeko bidean, gutxieneko konfiantza baten oinarria jarri dela deritzo.

BERRIAn argitaratua (2019/06/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA