astekaria 2019/06/21
arrowItzuli

gizartea

Ozeano bat jende babes eske

Ion Orzaiz

Ozeano bat jende babes eske

Urtetik urtera ari da gaiztotzen errefuxiatu eta iheslarien drama. Gero eta gehiago dira euren herrialdetik ihes egin eta Europan babesa eskatzen dutenen kopurua. Horren gaineko txostena aurkeztu du CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeak, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunaren harira -bihar izango da-. «Kezka» adierazi dute batzordeko ordezkariek, errefuxiatuen krisia «inoiz erregistratu den exodorik handiena» dela iritzita: «Mundu osoan, 70 milioi baino gehiago dira lekualdatzera behartuak izaten ari diren pertsonak».

Euskal Herria ez da salbuespena, eta goranzko joera hori ere nabari da Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako harreraguneetan. Espainiako Barne Ministerioak argitaratutako datuen arabera, 2.075 asilo eskaera egin dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bost hilabetean: urtarriletik maiatzera. Iaz urte osoan erregistratutakoak baino 500 bat gehiago dira horiek -nazioarteko babesa jasotzeko 1.595 eskaera egin ziren 2018an-. Hortaz, joera hori urte osoan mantentzen bada, baliteke aurtengo asilo eskaeren kopuru totala «iazkoa halako bi baino gehiago» izatea, CEAR-Euskadi elkarteko zuzendari Patricia Barcenaren arabera.

Nafarroari dagokionez, berriz, Barne Ministerioak oraindik ez ditu argitaratu 2019ko datuak, baina joera «goranzkoa» dela azaldu du Idoia Onekak, CEAR-Nafarroa elkarteko koordinatzaileak: «2017. urtean 175 asilo eskaera erregistratu ziren Nafarroan, eta 2018an, berriz, 324. Aurtengo datu zehatzik ez dugu, baina joera bertsua da: urteko lehen hilabete hauetan, esaterako, 544 errefuxiatu hartu ditugu Gurutze Gorriaren eta CEARen aterpe eta harrera lekuetan».

Espainiak, bestalde, asilo eskaera gehienak atzera botatzen dituela nabarmendu dute erakundeko ordezkariek. CEARen txostenean nabarmentzen denez, aurkeztutako eskaeren laurdenak bakarrik onartzen dira: «Europako batezbestekoa baino dezente gutxiago dira; han, eskaeren %38 onartzen dira». Atzera botatakoen kopuru handiaren ondorioz, errefuxiatu askok hilabeteak ematen dituzte esperoan, paperak lortu aurretik. Nafarroan, kasurako, urtebete baino gehiago.

Hori dela eta, «harrera sistemak hobetzeko beharra» nabarmendu du Barcenak. Oñatiko (Gipuzkoa) Larraña Etxea jarri du adibide modura: «Estatuko harrera sisteman toki bat eskuratu arte egoitza baliabideak behar zituzten pertsonei erantzuteko sortu zen, eta uste dugu bizikidetzaren eredu argia dela». Urrian ireki zutenetik, 161 pertsona pasatu dira etxe horretatik; gehienak, Saharaz hegoaldeko Afrikatik bakarrik etorritako gizonak.

Kriminalizazioa Europan

Denbora luzez toki bat lortzeko zain daudenen egoera hobetzen saiatzen direla azaldu du Barcenak. Uneotan, 930 pertsona daude horrela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horiei laguntza ematen segitzeko, beste harrera zentro bat ireki asmo dute, Tolosan (Gipuzkoa). Oñatikoak bezala, udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa izango luke, eta 30-35 pertsonentzako lekua.

CEARen txostenak azaltzen duenez, Mediterraneo itsasoa da «planeta osoko ibilbiderik arriskutsuena» migratzaileentzat. 2018an, 2.299 pertsona hil ziren hango uretan. Horien artean, 800 baino gehiago zihoazen Iberiar penintsulara, aurreko urteetan baino askoz gehiago. «Hala ere, Europako Batasuneko herrialde gehienen erantzuna izan da gobernuz kanpoko erakundeen itsasontziek egiten duten salbamendu lan solidarioa kriminalizatzea», gaineratu du Onekak.

Hori dela eta, «migrazio politikak kudeatzeko era berri bat» eskatu die CEARek Espainiako Gobernuari eta Europako Batasunari, «muga kontroletatik harago». Besteak beste, «lehorreratze segurua bermatzeko mekanismo bat» ezartzeko galdegin diete Europako erakundeei, «inor behartua egon ez dadin bere bizitza arriskuan jartzera, segurua ez den herrialde batera itzularazi dutelako». Lehen arretaz gain, bestelako erronka batzuk ere aipatu dituzte CEAReko kideek: erroldatzeko laguntzak ematea asiloa eskatzen dutenei; itxaron denbora murriztea; etxebizitza bat izateko aukera bermatzea; eta asilo eskaera atzera botata ere, enplegua ez kentzea.

Salbuespenaren kontakizuna

BERRIAn argitaratua (2019/06/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA