astekaria 2016/02/05
arrowItzuli

kirola

JOXEMARI OLASAGASTI

«Sentimendu handiko pertsona naiz, baina negarrik ez dut egiten»

Unai Zubeldia

«Sentimendu handiko pertsona naiz, baina negarrik ez dut egiten»

«Pentsatzen dudana esaten dut nik beti». Etxeko atea alderik alde ireki dio Joxemari Olasagastik (Igeldo, Gipuzkoa, 1959) kazetariari. Begiak itxita kontatzen du, oraindik, abenduaren 27an motozerrarekin izan zuen istripu larria, eta ezker eskuko hatz txikiko tendoiarekin dauka orain zalantza. «Horixe txukun jarriko balidate...». Aitzol Atutxaren aurkako apustua dauka buruan. Enbor gainean bi besoak zabaldu, arnasa sakon hartu, keinuak egin, denak oihuka jarri... Aizkolari berezia da igeldotarra. «Laster izango naiz, berriz ere, plazan».

Ez da erraza zure aurkezpen bete-betea egitea.

Aizkolari gisa naiz ezaguna, 49 apustu jokatuta nago, idiekin ere beste asko eginda dauzkat... Gustatu egiten zait saltsa hori. Familiatik ez nuen jaso giro hori, baina pixkanaka hasi nintzen, animaliak ere asko gustatzen zaizkit, aizkora eta harri-jasotzea ere bai, sega... Eta atzekoei ez, onentsuenei aurre eginez nabil urte askoan. 22 urterekin hasi nintzen Lehen Mailan, Tolosako zezen plazan, eta sua sortu zidan barruan.

Olasagasti showman-a bakarrik ezagutuko dute batzuek...

Bai... Baina amorrurik edo minik ez dit ematen horrek. Nik egiten dudan pixka bat eta telebistan egiten duten beste pixka bat, eta... Ezingo diegu ba debekatu! Lasai bizi naiz hala ere.

Urrezko Danborrik-eta ez da banatzen Igeldon, baina zuk ondo famatua duzu zure txokoa.

Ez dakit famatu dudan, baina eginda dauzkadanak agertuko dira nonbait. Urte mordoan Euskadiko kirolari onenaren saria irabazita nago, eta zerbaitegatik izango da; atzean ibilita ez zizkidaten emango sari horiek, eta ahalegina, behintzat, egiten dut.

Igeldo Donostia da orduan?

Buruko mina sortzen dute kontu horiek. Igeldok Igeldo behar luke. Baina ezin bada ezer egin, aguantatu beste erremediorik ez da egongo. Sekula ez zaizkit gustatu izan politika kontuak, baina penagarria da Igeldorekin gertatzen ari dena, gustura ikusiko nukeelako herri gisa. Bertan bizi izan naiz betidanik, bertan daukat negozioa, hemen hazi naiz, hemen demostratu dut dena...

Istripu larriaren ondoren, ari al zara pixkana zeure onera etortzen?

Bai... Baina aizkorari heltzerako beste bi-hiru hilabete joango dira oraindik. Tendoiekin dauzkat arazoak orain, eta horren arabera egongo da dena. Baina martxoa pasatzerako eskua biguntzen badidate... Kontua da ezker eskuarekin kontrolatzen ditudala aizkora kolpe guztiak, eta ikusi egin beharko dut nola osatzen zaidan tendoia. Ezker eskuak zuzentzen du dena, baina hala tokatu da, eta kito.

Behar bezala osatuko ez ote zaizun beldurrik badaukazu?

Kolpearekin daukat beldurra. Egur gogorrak ebakitzeko indarra behar izaten da atzaparretan. Orain arte zortea eduki izan dut, baina behin hasitakoan ikusiko dugu nola gauden. Gure adinera helduta, ezinezkoa da esku kolpea lekuz aldatzea.

Zenbat aldiz etorri zaizu gogora istripua izan zenuen goiz hura?

Askotan! Goizean idiei jana ematera joaten naizenero gogoratzen naiz neukan mugimenduarekin. Sekula baino ilusio handiagoa neukan Atutxaren aurkako apusturako. Hura da onena, azken bi txapelak irabazita dagoelako. Oso apustu gogorra neukan, oso gaiztoa, baina apustua ez da txapelketa edo erakustaldia. Apustuak beste grina bat dauka, eta ni indarrean ateratzen naiz beti plazara. Gazte jendea mugitzen ari zela ikusten nuen, bi kamioikada egur ekarrita neuzkan, oso ondo prestatzen ari nintzen, baina...

Donato Larretxeak ere antzeko istripua izan zuen 23 urterekin. Bi hilabete egin zituen hark igeltsuarekin.

Bai. Baina 23 urte ez dira 56, eta lesioak ere ez dira berdin-berdinak izango. Motozerrarekin istripua izandako jende asko dago, Arria bera adibidez, eta ea ba pazientzia pixka batekin txukuntzen garen.

Negarrik egin al duzu aspaldian?

Ez, ez. Sentimentu handiko pertsona naiz, baina negarrik ez dut egiten.

Ume garaira joanda, zazpi anai-arreba zineten etxean, ezta?

Hala da, bai. Lau neska eta hiru mutil. Bosgarrena naiz ni. Giro onean bizi izan ginen beti. Etxe batetik kirolari on bat ateratzea hobe izango da bi txar ateratzea baino. Familiak lagundu egiten zidan beti, jan ere neronek jaten nituen mahaian jarritako gehienak, ama zenak ere ondo zaintzen ninduen, eta...

Baserrira lotuta hasieratik...

Bai, bai. Baserriari lotuta bizi izan gara beti, eta bizio handirik ez dugu izan guk. Baserria eta kirola, horrela moldatu izan naiz ni beti.

Nolatan apusturako grina hori?

[Jesus Olaizola] Agite eta beste lagun batzuk banituen, aizkolariak, eta haiek hasi ziren ni aizkorara inguratzen eta entrenatzen. Behin hastea nahikoa izan zen harra barruraino sartzeko.

Idi demak, sega, txinga, aizkora, korrika, pentatloia... «Honek zaukak kabitu ezina!», pentsatuko zuten askok.

Kabitu ezina ez. Arria II.a, Goenatxo zena, Usategieta... Sasoiko jende asko zegoen orduan, eta eurek jarri zuten martxan pentatloia. Lehen urtean ni ez nintzen izan plazan. Baina 23 urterekin, ezkondu berritan, txapela atera nien denei. Markak asko jaitsi nituen; 42-43 minututik 36-37ra. Arria, Arrospide, Arregi, Agite, Usategieta... Denak hor zebiltzan, baina nik jarri nuen marka: 27.15 minutu uste dut. Zortziko bolari 25 jasoaldi, gizon proban bi plaza, bost kanaerdiko, txingekin sei plaza, eta hiru kilometro korrika. Gaur egun ere mutil gazte horiei gustura jarriko nieke antzeko lanen bat. Orduko sasoia galduta nago ni, baina demostratu beharrekoa demostratuta daukat.

Segan ere ez zinen atzera geratu. Handia izan zen 1990eko apustua, Juan Manuel Erasunen aurka jokatu eta irabazi zenuena. Hogei kanaerdiko lehenengo eta bi ordu segan gero.

Segan ere onenei jokatu nien nik apustua. Hogei kanaerdiko eta ia 6.000 kilo belar ebaki genituen Andoaingo Garate zelaian. 25 urte joan dira ordutik. Lehenengoa irabazi, eta bestea galdu egin nuen, 2005ean.

Aurretik ere apustu handia jokatu zenuen Nemesio Arregiren aurka (1984). 125 kiloko harriari 25 jasoaldi eman, 72 ontzako sei enbor moztu, eta sei kilometro korrika. Irabazi egin zenuen.

Apustu handi asko dauzkat. Eta garaiz kanpo jokatutakoak ere bai. Pena handia daukat Mendizabal zenaren aurka jokatutakoarekin. Hark bota zidan desafioa, lau kanako nork azkarrago ebaki, nik bost minutuko aldea emanda. Inork ez zion jokatu, eta neronek eman nion baiezkoa azkenean. Hantxe gelditu zen hura.

Lanak amaitu gabe gelditu ere...

Ez zituen bukatu, ez. Hiru ebakita, marka harrigarria utzi zuen 63 urterekin. Lehen enborrean kendu nizkion bost minutuak, baina latza izan zen apustua, latza. Beldurtzeko modukoa.

Latza bai, baina ondorioa ere neurri berekoa izan zen. Merezi al du horrela ibiltzea?

Tristea izan zen, eta barrua mugitzen du horrek. Baina... «Nahikoa duk», esaten didate askok, baina Mindegia bertan zela txapela janzteko ilusioa izaten genuen guk, eta orain ere plazan egon behar dugula iruditzen zait. Seme-alabek eta emazteak eta... lagundu egiten didate denek, ilobak ondoan dauzkat, gazte jendea edukitzen dut beti egur pilaren ondoan, eta niretzat luxua da hori. Horrelakoetan inoiz baino gehiago estimatzen dut neure burua. Badakit 9-10 minutu jaitsita nagoela, baina gazte horien ondoan egon behar dugu beteranoek. Sekula baino gehiago gozatzen ari naiz.

Istripua izan eta biharamunean ospitalean izan zen Atutxa, eta zu osatu arte zain egoteko prest dago.

Txapeldun handia da Atutxa, eta gizon portatu da. Baina ondoko apustu soinu horiek kontuak dira. Abantailarik ezean, ez dago inor Atutxari irabaziko dionik.

Zure aizkora kideetako batzuen ustea da galtzeko dena daukazula apustu horretan.

Lan serioa geneukan aurrez aurre, eta 30 urteren aldea ere bai. Baina hiru apustu irabazita nago azkenaldian, eta... Galtzera ez naiz joango ni plazara. Irabazten ez badut ere, han geldituko da egindako lana. Eta txapelketara joan egingo naiz berriz, eta saiatu egingo naiz finalean sartzen. Zer egin behar du Olasagastik bestela, ohean egon? Ahal dudan bitartean plazan egongo naiz ni.

Apusturako zein aizkolari izan duzu gogokoena?

Nik beti onari jokatu izan diot apustua. Arrospide, Larretxea, Mindegia, Mendizabal zena, Arria... Momentuan onena dena, huraxe izaten dut nik gogokoena. Pena bakarra daukat: apustua ia inoiz ez dugula lotu nik nahi nuen neurrian; beti, bueltan-bueltan, parekoaren gustura.

Eta gustura apustua egin nahi bai, baina jokatu ez zenuena?

Floren Nazabal ez probatu izana, pena horixe daukat, baina hala beharko du honezkero.

57 urte beteko dituzu martxoaren 15ean. Zenbateko pisua dauka zifra horrek?

Pisu handia dauka, baina osasunez ondo nago, eta ilusioz ere bai.

Apustua dela, erakustaldia, txapelketa, afaria... Etxekoek ere esango dute, bada, zerbait...

Emazteak poza hartzen du etxera nola iristen naizen ikusitakoan. Igande gauetan elkarrekin kanpora afaltzera joatea gustatzen zaigu, eta pozik bizi gara. Etxera inguratutakoan bere aginduak betetzen ditut: «Kasu egin horri», eta «hara joan zaitez» eta «txuleta batzuk ebaki itzazu» eta... Marketin deitzen zaio horri. Horrela bizi da Olasagasti.

Lagunak edo etsaiak, zer egin dituzu gehiago aizkoran?

Lagunak uste dut. Nik ez daukat aparte uzteko inor. Hori bai, garai batean, saioa egin ondoren, elkarrekin joaten ginen denok afaltzera. Orain, alde egiten dute denek. Ez dut ulertzen. Herrian erakustaldia eginda, ostatuan bertan gastua egitea gustatzen zait niri. Herriak merezi duela uste dut. Gero, gainera, hortik sortzen dira erakustaldiak eta gainerakoak.

Herri kirolak oso lotua izan du beti dopin susmoa.

Kontrol ugari egin dugu guk! Pentsa zenbat apustu eta txapelketa pasatu ditudan neronek. Iaz, esaterako, bost egin zizkidaten, eta emaitzak hor daude.

Etorkizunik ba al du aizkorak?

Bai, bai. Gazte hauek marka onak egingo dituzte oraindik. Lehengoa dena ona dela iruditzen zaigu guri, baina oraingoak ere badu bere xarma. Desberdina dela? Bai. Baina okerragoa ez da. Etorkizun ona dauka aizkorak.

BERRIAn argitaratua (2016/02/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA