astekaria 2015/10/16
arrowItzuli

bizigiro

Tontorrerako bidean, pausaleku

Pello A. Zuazo

Tontorrerako bidean, pausaleku

Euskal Herrian, hiru mendiko aterpe daude mila metrotik gorako garaieran. Eta hirurak ingurune natural babestuetan daude: Belaguako aterpea, Urbiako fonda eta Gorbeiako aterpea. Euskal mendizale orok ondo baino hobeto ezagutuko ditu hirurak, hainbat hamarkadako ibilbidea duten gotorlekuak baitira. Lotarako lekua eta indarra berreskuratzeko jan-edana eskaintzen dute, arrisku eta ekaitzen aurrean babesa, eta zalantza kasuetan, informazioa. Horietako bik aldaketak eta berrikuntzak izan dituzte azken hilabeteetan.

Urteotan erronka izan da hainbat zailtasun gainditu beharra; besteak beste, baliabide falta. Ondo dakite hori Belaguan, 11 urtez itxita eduki baitute aterpea. «Gure nahia berriz martxan jartzea zen, guk edo beste edonork, baina martxan jartzea». Koldo Aldazen hitzak dira, Nafarroako Mendi Federazioko lehendakariordearenak. Hori horrela, Erronkari bailarako Batzar Nagusiak Nafarroako Mendi Federazioaren eskuetan utzi zuen Belaguako Angel Oloron aterpearen kudeaketa duela bi urte, eta hogei urterako tratua sinatu zuten. Jada hasiak dira eraikina zaharberritzeko diru laguntzen bila; izan ere, oso kaltetuta dago, eta estruktura izan ezik, gainontzeko guztia goitik behera berritu behar da. «Europako Batasunak Poctefa programaren bitartez ematen duen diru laguntza lortu nahi dugu. Hilabete honetan aurkeztu behar dugu proiektu guztia. Ea onartzen diguten», baikor ageri da Aldaz.

Euskal Herriko aterpe garaiena da Belaguakoa: 1.428 metroko garaieran dago, Larrako erreserba naturalean. Inguruan Lakora, Kartxela, Auñamendi, Añelarra mendiak ditu, eta San Martingo Harria eski estazioa zazpi kilometrora dago. 1971n eraiki zuten, eta 33 urtez zabalik egon ostean, 2004an itxi zuten, diru faltagatik. Aldaz bera hamahiru urtez izan zen hango zaindari: «Garai hartan, lotarako 111 leku zituen, 25 laguneko gelatan banaturik. Itzela zen; mugimendu handia egoten zen». Eta ordutik 11 urte pasatu dira. «Erronkariko Batzar Nagusiak ez zuen interesik agertu aterpeak martxan jarrai zezan, baina ordutik egoera erabat aldatu da. Jende berria sartu da Batzar Nagusian, gazteagoa eta ideia berriekin, eta federazioaren zuzendaritza ere aldatu egin da. 10.000 mendizale federatu gara; horrelako kontu bat guk ez badugu bultzatzen, nork bultzatuko du?», adierazi du, irmo, Aldazek.

2017an hasi nahi dituzte eraikina berritzeko lanak. Aterpe modernoa sortzea da asmoa, lotarako toki gutxiagorekin, baina zerbitzu gehiagorekin: lotarako 50-60 leku -4-6 lagunentzako geletan banaturik-, elbarrientzat egokitutako gela bi, jatetxea eta taberna. Horretaz gain, mendiaren inguruko heziketa ere eskaini nahi dute: ikastaroak, jarduerak, irteerak... eta aterpea Larrako Erreserba Naturaleko informazio gune bihurtu. Segurtasun aldetik ere aurrerapausoak eman nahi dituzte: neguan Belaguako errepidea oztopatzen duten elur-jausi ugari izaten dira, eta horiek aztertzeko behatoki bat komenigarria litzateke.

Bitartean ere, ateak zabalik

Berritze lanak hasi arte, bi urte hauetarako txoko txiki bat atondu dute aterpe zaharraren garajea izandakoan. Aldazek azaldu duenez, «Pirinioetako zeharkaldiak zein bestelako ibilbideak egiten dituztenek gaua pasatzeko edota trumoietatik babesteko leku bat» da. «Federazioan diru apur bat geneukan, eta horrekin egin dugu. Aterpe libre bat da; zabalik dago». Joan den abuztuan probatzea erabaki zuten, eta harrera paregabea izan du: «Asko erabili da, eta jendeak oso ondo zaindu du: kartelak jarri dituzte, hobekuntzak egin, bisita liburuan idatzi... beraz, martxan jarraituko du. Orain, neguan, mendizale gehiago bilduko dira, eta turista gutxiago. Berehala izango dugu elurra hemen, eta eski zeharkaldiak egiten hasiko dira».

Lotarako hamabi leku ditu, mahai handi bat, ur edangarria, su txiki bat, gas bonbona, gauerako esku-argia, baita letrina bat ere. Egunotan, egur berogailu berri bat jarri dute, eta egurrez beteriko kamioi handi bat eraman. «Nafarroako Gobernuari larrialdietarako irrati bat ere eskatuko diogu; bailara honetan seinale gutxi dago, eta komunikazio arazoak egoten dira»; egin beharreko hurrengo urratsaz mintzo da Aldaz. Nafarroako Mendi Federazioa bera arduratzen da tokiaren zainketaz, eta noizbehinka joaten dira zerbait behar ote den ikusteko. «Bisita liburuan irakurri dugunez, jendeak, oro har, gau bat pasatu du aterpean, baina familia batek bost egun pasatu zituen. Eta ez gaua pasatzen bakarrik, bazkaltzen eta arratsalde pasa jende ugari egon da adibidez; izan ere, furgoneta eta karabanentzat aparkaleku handia dago». Trasteleku bat ere jarri dute mendirako materialarekin, baina federatuek bakarrik daukate horiek erabiltzeko eskubidea. Bertako giltza Izabako Marruzuri gozotegian har daiteke, aurretik federaziora deituta.

Giltzen beharrik ez dute izango, aldiz, Gorbeiako aterpera joango diren mendizaleek. Zaindari berriak ditu iazko abendutik hona. Bizkaiko Mendizale Federazioak zozketara atera zuen lanpostua, eta Joseba Elorrieta eta Yolanda Martin senar-emazteak izan ziren hautatuak; biak urduñarrak dira.

Javier Fombellida aurreko ugazabak 23 urte inguru igaro zituen han. Aterpea Zeanuriko Udalaren eta federazioaren arteko lankidetzari esker egon da zabalik urte askoan, eta Elorrietak ere luzarorako egon nahi du: «Ez dugu eperik markatu; proiektu bat da guretzat, bizitzako etapa berri bat, eta oso animatuta gaude, oso pozik gaude atera zaigun aukera honekin. Mendia izan da beti gure bizimoduaren ardatza, eta Gorbeia txiki-txikitatik ezagutzen dugu».

1960. urtean zabaldu zituen ateak, Angel Sopeña izenarekin; hura izan baitzen eraikinaren sorrera bultzatu zutenetako bat. 1992an zaharberritu zuten. Aterpea Zeanuriko Udalarena da, eta Bizkaiko Mendi Federazioa arduratzen da kudeaketaz. Zehazki, Arrabako landako Elorria izeneko txokoan dago, 1.066 metroko garaieran. Lotarako 24 leku ditu, sukaldea, taberna eta jatetxea. «Beharrezko guztia daukagu: jatekoa, edariak, kafea, salda... baita inguruko produktuak ere: Lea-Artibaiko sagardo eta sagar zuku ekologikoa, Altunosteko gazta, Baias garagardoa, Orozkoko ogia, arrautza ekologikoak...», azaldu du Elorrietak. Era berean, azpimarratu nahi izan du ostalaritza zerbitzua emateaz gain aterpea laguntza gune ere badela, eta edozeinek arazorik izanez gero han informazioa eta babesa jasoko duela. Izan ere, inguruotan aterpe eta txabola pribatuak egon arren, hori da Gorbeialdeko aterpe publiko bakarra, bai Bizkai aldean eta baita Araba alde guztian ere.

Gorbean, berrikuntzak

Gainera, eraikina berritu egingo dute, aterpea iraunkorrago eta garbiago bihurtzeko asmoz. «Gaur egungo teknologiak ematen dituen abantailak aprobetxatuz, kontsumoa eta kutsadura murriztu nahi dugu», nabarmendu du Elorrietak. Horretarako, eguzki plakak jarriko dituzte, eta argindar instalazioa modernizatu. Jantokiko sukaldean ere ekipo berria jartzea da asmoa, eta iturgintza aldetik hobekuntzak egitea: «Jada egin dugu eskaera, eta bide onetik doa; udala eta federazioa ados agertu dira. Hau parke naturala da, eta guztiak behar du bere txostena eta tramitea. Negua baino lehen berrikuntzak eginda egotea espero dugu».

Maiatzaren 1etik azaroaren 1era arte egunero zabalik egoten da aterpea, goiz, arratsalde eta gau. Neguan, ordea, asteburuetan eta eskolako oporraldietan (Gabonak, Aste Santua, aratusteak...). Federatuek beherapenak dauzkate zenbait zerbitzutan, baina federatu izan ez arren ere, edozeinek har dezake ostatu: «Denetariko jendea etortzen da: familiak, umeak, mendi taldeak, txirrindulariak... joan-etorri handia dago. Gehienek gau bat edo bi egiten dituzte». Webgune berria estreinatu dute: Gorbeiakoaterpea.eus. Hor dago aterpeari buruzko informazio guztia.

BERRIAn argitaratua (2015/10/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA