astekaria 2015/10/02
arrowItzuli

iritzia

Llachenak

Elixabete Garmendia Lasa

Llachenak Elixabete Garmendia Lasa

Egia esan, enpatxatuta bukatu genuen 70eko hamarkadaren erdialde hartan L´estaca-rekin. Metxeroak piztu eta gorputza ezker-eskuin mugituz osatzen zen koreografia, eta jende oldeak mantsotzen duen erritmo nekosoan, arrastaka bukatzen zen beti Llachen kanta. Errepikapenak eta parafernaliak itzali egiten zuten Siset aitonaren txinparta..

Ez dira horrenbeste maiztu —gurean behintzat— Llachen beste kanta batzuk. Adibidez, A poc a poc, pasarte batean hauxe dioena: «Pixkaka-pixkaka askatasunak hesiak zabaltzen dizkie / hainbat eta hainbat herri makurturen ametsei».

Hor dago Tossudament alçats, 2013ko ekainaren 29an Camp Noun Assemblea Nacional Catalanak eta Omnium Culturalek antolatu zuten Askatasunaren aldeko Kontzertu hunkigarri hari amaiera eman zion kanta, himno bihurturik; hantxe hartu zuen txanpa independentziaren aldeko mugimenduak hiru hilabete eskasera —Diada egunean— osatuko zuen giza kate erraldoirako. Tossudament alçats kantari, metxeroen ordez, telefono mugikorrek jarri zioten argia.

Normalean, kanten eta eguneroko bizitzaren artean halako arrakala bat egoten da. Kantak fantasiaren munduari dagozkio, gurari eta ametsen adierazpideak dira, eta errealitatearekin topo egitean distira galdu eta pitzatu egiten dira askotan. Berdin gertatu ohi da kantariekin: magoen parekoak dira, liluratuko zaituzte eszenario gainetik, baina bakar-bakarrik utziko astegun buruzurietan. Badaude salbuespenak; Lluis Llach, esaterako. Katalunian martxan dagoen prozesu honetan ez da egon kantekin bakarrik; Junts Pel Si taldeko zerrendaburu izan da Gironan igandeko hauteskundeetan, eta dagoeneko Parlamenterako bidean da.

Samara Veltek egin zion elkarrizketan (BERRIA, 2015-09-10) baina batzuk azaltzen ziren: CUPen eta Junts Pel Siren artean aukeratu behar izana —bihotza han, burua hemen—; «halako gauzetan parte hartzeari», dion «erreparoa eta izua...», eta, aldi berean, konbentzimendu sendoa eta ondo oinarritua: «Komunikazio bide izan nahi izatea —artistikoa edo ez— eta tresna politiko gisa ardurarik ez sentitzea, hasteko, hutsaltasun intelektuala da; eta horren ostean, iruzurra».

Honenbestez, Llachen koherentzia begi bistara ateratzen da; koherentzia bere kanten eta jarrera politiko aktiboen artean. Bere ikuspegiak badu beste osagai erabakigarri bat ere, egungo arazo prosaikoei (langabezia, ongizatea...) dagokiena: «Horregatik nahi dugu askok burujabetza nazionala, gero burujabetza soziala egiteko. Bestela, zertarako estatu bat?».

Brunete politiko-mediatikoak darabilen zalapartak islatzen du Kataluniako prozesuaren tamaina. Botoetan gehiengoaren langa ez pasatu izanaren arantzak min egin behar du independentisten azalean. Eta, hala ere, nork ez luke egon nahi tren horretan, tunelean geldiarazi eta zubiak saboteatuko badizkiote ere? Batzuek bai, baten batzuek sentitu genuen inbidia aurtengo Diadan —ere—; inbidia ematen digu Kataluniako jendartearen zati handi baten erabakimenak; miretsi egiten dugu ANC eta antzeko erakundeen indarra; eta errespetua sentiarazten digu hango hainbat politikariren abildadeak eta ausardiak.

Llachen kasuan, berriz, bere abestiak ezin hobeto egokitzen zaizkio gertatzen ari denari, poesiaren eta errealitatearen arteko hausturarik gabe. Entzun bestela Tossudament alçats-en zati hau: «... gure gain hartzen dugu etorkizuna idazteko eskubidea / pentsatuz herri zahar hau / bidea izan daitekeela oraindik / urrutirago heltzeko eta bizitzearen artera hurbiltzeko». Profetikoa dirudi.

BERRIAn argitaratua (2015/09/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA