astekaria 2019/06/21
arrowItzuli

gizartea

Sexu pedagogia epaitegian

Ainhoa Larretxea Agirre

Sexu pedagogia epaitegian

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak deituta, atzo goizean lekuko gisa deklaratzera deituta zeuden Skolaen lanean aritutako hamar profesional: programa diseinatu zuten bortz aditu eta irakasleak trebatzen ari diren bertze horrenbertze hezitzaile. Azkenean, ordea, akusazioak lau adituren lekukotasuna eskatu zuen: Marian Moreno eta Carmen Ruiz programaren egileak, eta Jabi Arakama eta Zaloa Basabe irakasleak trebatzeko tutoreak mintzatu ziren epailearen aurrean. Iruñeko San Cernin ikastetxearen akusazioak eraman zituen ataka horretara.

Marian Moreno genero indakeriaren prebentzioan aditu eta irakaslea izan zen deklaratzen lehena. Skolae irakasle gisa «egia bilakatutako ametsa» izan dela adierazi zuen: eduki «serioak» eta «oso onak» dituela. Egungo berdintasun legeak betetzen dituela ere adierazi zuen. Bide beretik jo zuen Carmen Moreno soziologoak ere. Skolae hezkidetza programa bat dela adierazi zuen, eta helburua ezberdinenganako errespetua izatea dela. Erran zuen haurtzarotik lantzen hasi beharra dagoela hori lortzeko. Bortz trebatzailea ere deitu zituzten deklaratzera, eta haietatik Zaloa Basabe eta Javi Arakama bakarrik galdekatu zituzten. Biek adierazi zuten ez dutela kexarik jaso Skolaeren inguruan; kontrakoa, «zorionak» eman dizkietela bai «edukiagatik» eta bai programak eskola bakoitzera egokitzeko duen egokitasunarengatik ere.

Epailearen aitzinean solastatu ondotik, Basabek salatu zuen ideologia jakin batera lerratutako tutoreak bakarrik deitu zituztela auzitegira. Gaineratu zuen galderetan sexualitatean eta eremu sexualean jarri zutela arreta, eta sexualitatearen inguruko «ikuspegi iluna» erakutsi zutela: «3 urteko haurren gelan sexualitatearen gaia nola landuko litzatekeen galdetu digute, baina beti haien begirada ilunarekin. Sexualitatea praktika sexualekin nahasi dute. Oinarrizko pedagogia ariketa bat izan da. Hainbat unetan, oinarrizko prestakuntza ematen ari nintzela zirudien», nabarmendu zuen Basabek.

Egindako galderetan, Skolaeren inguruko usteak zabaldu zituen akusazioaren abokatuak, Basabek salatu zuenez: «Ematen zuen orientazio sexual bat bultzatzen ari zinela aniztasun sexualari buruz hitz egitean. Behin eta berriz aldarrikatu dugu Skolae horren aurkakoa dela, gure helburua haurrak eskubide berdintasunean bizitzea dela».

Ez da Skolarekin lotutako adituek epaitegira joan behako duten aldi bakarra izango: atzo bertan zabaldu zen datozen egunetan berriro itzuli beharko dutela segur aski. Concapa elkarteak ere salaketa jarri du, eta hark ere jaso nahi ditu programari buruzko azalpenak epaitegian. San Cernin ikastetxeaz eta Concapa elkarteaz gain, 18 M plataforma ere akusazioaren parte da.

Elkarretaratze jendetsua

Epaileak 10:00etarako deitu zituen deklaratzera hamar lekukoak. Ordu erdi lehenagorako CCOO, CGT, ELA, Esk, LAB, Steilas eta UGT sindikatuek elkarretaratze baterako deia egin zuten, Berdintasuna ez da hautazkoa lelopean. Ehunka pertsona bildu ziren. Tartean ziren EH Bildu, Ahal Dugu, Geroa Bai, Ezkerra eta PSN alderdietako ordezkari politikoak ere. Sindikatu guztiek onartutako adierazpen bateratua irakurri zuten epaitegiko atarian. Skolae bultzatzen ari direnen aurkako jazarpena amaitzeko eskatu zuten: «Lotsagarria da hezkuntzako hamar profesionalek deklaratzera joan behar izatea berdintasuna defendatu eta emakumeen aurkako indarkeria amaitzearen alde lan egiteagatik». Nafarroako hurrengo gobernuari ere Skolaerekin jarraitzeko eskatu zioten.

BERRIAn argitaratua (2019/06/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA