astekaria 2016/02/05
arrowItzuli

mundua

ALEX SALMOND

«Londresek ez du hitza bete, eta prezio politikoa ari da ordaintzen»

Adrian Garcia

«Londresek ez du hitza bete, eta prezio politikoa ari da ordaintzen»

Independentziaren atarira eraman zuen Eskozia Alex Salmondek (Linlithgow, Eskozia, 1954) 2014ko udazkenean. Erreferenduma tarte zabalarekin galdu arren —baietzak %45 jaso zuen—, harro oroitzen ditu egun haiek Eskoziako lehen ministro ohiak. «Politikari bizkar emandako jendea mobilizatu zen, bozka sekula eman ez zuena». Dimisioa eman eta Westminsterreko parlamentari da orain, baina inoiz baino indartsuago utzi du alderdiaren buruzagitza. Londresko gobernuaren Europako Batasunetik ateratzeko saialdia eta botere itzulketaren inguruko auzia direla eta, ez du baztertzen epe laburrera begira beste independentziari buruzko erreferendum bat egitea. «Independentzia gailenduko da». Euskal Herrian izan da egunotan, Sabino Arana Fundazioko saria jaso du, eta The Dream Shall Never Die liburuaren euskarazko bertsioa aurkeztu du: Ametsa ezin da sekula hil.

Urtebete baino gehiago igaro da Eskozian erreferenduma egin zela. Nola sentitzen zara atzera begiratzen duzunean?

Nire ibilbide politikoko unerik onena izan da, izugarri gozatu nuen erreferendum kanpainan; jendeak ulertu behar ditu Eskoziaren ezaugarriak. Politikan inoiz parte hartu ez zuenak, politikariengan sinesten ez zuten horiek, prozesu politiko horretan interesa agertu zuten. Biztanleen %98k izena eman zuten bozkatzeko; %85ek eman zuten botoa. Baztertutako jendea etorri zen bozkatzera, demokraziatik kanporatu zituztenak. Eta itzuli egin ziren, haien ahotsa plazaratzeko. Garai izugarria izan zen, sinesgaitza. Atzera begiratzean, harro sentitzen naiz prozesu horren partaide izateaz.

Ametsa ezin da sekula hil da euskaratu berri dute, erreferendumari buruzko zure liburua.

Ingelesez, gaelikoz eta euskaraz argitaratu da liburu hau. Euskara da hirugarren hizkuntza, katalanaren eta AEBetako edizioaren aurretik. Euskalduna naiz ni, kar- kar-kar.

Izenburua dimisioa emandako hitzaldian esandako hitzekin bat dator. Zergatik eman zenuen pauso hori? Damutzen al zara erabaki horretaz?

Pentsatu nuen mugimenduari onura egingo ziola baten batek —nik neuk— erantzukizunak hartuko balitu erreferenduma ez irabazteagatik. Horrekin zorrak kitatu genituen, eta arrakasta itzela izan genuen Westminsterreko bozetan; 59 eserlekuetatik 56 irabazi genituen. Inoizko garaipen politikorik nabarmenena da; ez soilik Erresuma Batuan, baizik eta mundu osoan.

Westminsterreko parlamentaria zara orain. Zer moduz Londresen?

Oso ondo. 56 kide gaude, talde ikaragarria da. Noski, asko berriak dira parlamentuan, eta zeregin interesgarri bat izan dut: haiek gidatzea Westminsterreko egunerokoan, gure lana ahalik eta eraginkorrena izan dadin. Gaitasun handiko jendea da.

Kanpaina bizia izan zenuten erreferendumean. Zein irakaspen utzi dizkio prozesu horrek Eskoziari?

Irakasgai onak. Galdu egin genuen, baina, bestalde, inkestek %20 ematen ziguten hasieran, eta %45eraino egin genuen. Irakasgai nagusia ondokoa da: irabazi eta babesa bildu nahi baduzu, aurkeztu beharra duzu independentziaren aldeko proposamen baikorra, integratzailea eta zabala, nazionalismo zibikoaren eredukoa. Biztanleria guztia kontuan hartu behar da. Adibide bat: izugarri harro sentitu nintzen jakitean Asiako komunitatearen %60k independentziaren aldeko botoa eman zutela. Oro har, ikusita non hasi ginen eta non bukatu genuen, oso pozik nago.

Atzera begira, zerbait aldatuko zenuke?

Orain dakidana jakin izango banu, ez nuen egintzat emango BBCren Eskoziako adarrak alderdikeriarik gabe jokatuko zuela. Agian jendeak pentsatuko du oso inozoa naizela, baina azken 30 urteetan Eskozian jokatu dudan hauteskunde guztietan egunkariak unionismoaren alde lerratu dira. Daily Mail, Daily Express eta horrelakoak Londresera begira daude. Zaborra dira, baina hori egiteko eskubidea dute, zaborra izatekoa, alegia, hori nahi badute behintzat. Erreferendumaren aurretik telebistari buruz nuen kexa bakarra zen ez nintzela nahikoa ateratzen, gehiago nahi nuen beti. Baina saioa edozein zela ere, orekatua, zuzena eta egokia zen. Eta ez nuen aurreikusi zein eskrupulurik gabekoa eta zein lerratua izango zen BBC. Komunikazioan izen ona dute munduan, baina ez ziren gai izan Eskoziako erreferendumaren berri emateko era zuzen eta inpartzialean. Berriro kanpainaren buruan egongo banintz, zerbait egingo nukeen hori gerarazteko.

Posible al da Eskoziaren, Kataluniaren edo Euskal Herriaren gisako herrialdeek estatuaren propaganda makineriaren aurka erreferendum bat irabaztea?

Bai. Zuek abantailak dauzkazue; Euskal Herrian eta Katalunian telebista publikoaren kontrola hobea da. Guk beste abantaila batzuk ditugu, sistema judizialarena, esaterako. Baina kontuan hartu beharko nukeen Irrati Telebista Korporazio Britainiarra oso britainiarra izango zela. Hori da nire damurik handiena. Beste gauzatxo batzuk agian beste era batera egingo nituzke. Baina, halere, era orekatuan epaitu behar da prozesua: nik inoiz parte hartu dudan kanpaina politikorik izugarriena, sormen handikoena eta biziena izan da.

Dinamika biziak sortu ziren kanpainan. Mugimendu horrek guztiak nola eboluzionatu du?

Inoiz bozka eman ez zuen jendea mobilizatu zen. Gogoan dut Dundee hirira joan nintzela irailaren 1ean, kanpainan. Jende ilara batera hurbildu nintzen, eta gizon bati galdetu nion zertan ari ziren: botoa emateko izena ematen ari zen. 25 urtean ez zuen izena eman, eta, horrenbestez, ez zuen bozkatu, 1999ko Poll tax [bozkatze zerga] saihesteko. Ospe txarra zuen zerga bat zen, eta jendeak uste zuen bozkatzeko izena ematen ez bazuen muzin egin ahalko ziokeela. Tipo horrek ez zuen politikan parte hartu 25 urtez. «Lehenengo aldiz zerbaitek bozkatzea merezi du», esan zidan. Esperientzia horren parte naiz; gauzak aldatzea posible dela uste dute eskoziarrek, eta ideia horrek nazioa moldatu du. 2014an bozkatu zuen Eskoziak, eta esperientzia horretatik herrialde osoago bat atera da.

Dinamika horiek berriro azkar berreskuratu daitezkeela uste al duzu?

Bai. Uste dut beste erreferendum bat egingo dugula, eta independentzia gailenduko dela.

Erreferendum kanpainan eskumen gehiago hitzeman zituen David Cameronek.

Westminsterreko gobernuak traizioa egin du, eta ez ditu promesak bete. Erreferendumeko azken astean uste zuten galdu egingo zutela, eta Eskoziari eskaini zioten lurra, ilargia eta zerua. Eta gazta fresko hau eman ziguten. Espero zitekeen Londresko politikariengandik eta kontserbadoreengandik. Baina bi ahoko ezpata dute. Londresek konpromisoak betetzen ez baditu, prezio politikoa ordainduko du. Eta ari dira dagoeneko prezio politiko hori ordaintzen. Federalismo antzeko bat, autogobernua eta autonomia fiskala hitzeman zuten, eta ez dute garatu.

SNP indartu egin da herri galdeketaz geroztik. Zein da alderdiaren etorkizuneko estrategia?

Nicola Sturgeon lehen ministroa buru doa inkestetan, eta berak ikusiko du zein izango den une egokiena beste erreferendum batera deitzeko. Nicola oso azkarra da, eta ni baino zuhurragoa. Ez da gauza txarra, baina ni suharragoa naiz berez. Bermatu egin nahiko du hurrengo erreferendumera deitzean kausa nazionalak irabaziko duela, eta denborak zainduko ditu. Egiten duena egiten duela babestuko dut nik.

Zer egin daiteke Westminsterretik Cameronek gehiengo osoa badu?

Bi arrazoirengatik nahi nuen hauteskunde horietara aurkeztu. Batetik, uste nuelako SNPk hautetsontziak irauliko zituela erreferendumaren ostean. Eta egin genuen, nik aurreikusi baina emaitza hobearekin, gainera. Bestetik, espero nuen parlamentu orekatua izango genuela, zuek Espainian daukazuena bezalakoa. Baina, tamalez, tory-ek gehiengoa dute. Horrek esan nahi du eragiteko aukera urria dela. Halere, gehiengo kontserbadoreak behera egingo du, eta aukerak irekiko dira eragin nabarmenagoa izateko. Bloke oso indartsua dugu, eta Eskozia ezin izango dute gehiago baztertu.

Maiatzean egingo dira Eskoziako legebiltzarrerako hauteskundeak. Zer duzue jokoan?

SNPk irabaziko du.

Erreferenduma hauteskunde programan joango al da?

Nicolak erabakiko du. Ziur naiz erabaki egokia hartuko duela.

Edinburgoko itunean adostu zenuten Cameronek eta zuk erreferenduma egitea. Zer egin daiteke beste aldeak hitz egin nahi ez badu? Zilegi iruditzen al zaizu alde bakarreko independentzia aldarrikatzea?

Eskozia ez da Katalunia, ez eta Euskal Herria ere. Ezin diot esan jendeari zer egin behar duen, baina bi ohar egingo ditut. Aspaldi Irlandan erabiltzen duten esana da: Ingalaterraren zailtasunak Irlandaren aukerak dira. Madrilen ez atzera eta ez aurrerako egoeran daude, eta aukera bat da Euskal Herriarentzat eta Kataluniarentzat. Politikariek aprobetxatu egin beharko lituzkete Madrilen zailtasunak. Bigarrenez, interesa dut Europako estatuen artean nola erantzuten dioten mugimendu demokratikoei. Europako Kontseiluan mozio bat aurkeztu dute, autodeterminazio prozesuak babesteko.

Eskoziako baiezkoaren aldeko kanpainak zergatik baztertu zuen gainerako autodeterminazio prozesuei erreferentziarik egitea?

Nik beti esan dut Eskozia ez dela ez Katalunia ezta Euskal Herria ere. Historia, testuingurua eta pertzepzioak desberdinak dira. Demokraziaren eta autodeterminazioaren alde nago, baina ez diot esango jendeari nola bozkatu behar duen.

Arnaldo Otegik sei urte eman ditu kartzelan. Zein da zure iritzia auziaren inguruan?

Ezagutzen dut haren kasua, bake negoziazioetan parte hartu zuen. Erresuma Batuan bake prozesuetan parte hartu dutenekin izandako esperientziaren arabera, bakea deklaratzean barkatzeko ahalmena nagusitu da, testuinguru berri bat gailentzen delako. Kasu honetan hori ez da horrela gertatu, tamalez. Baina beste gauza bat esango dut: ez dago modurik terrorismoa defendatzeko. Eskozia oso bestelakoa izan da beste herrialdeekin alderatuz, horren jakitun naiz. Eta ez dut uste horregatik hobeak garenik. Baina ehun urtez borroka egin dugu, euskaldunak bezala, gure subiranotasuna ezartzeko: botere itzulketak, deszentralizazioa, parlamentua Eskoziarentzat, erreferenduma eta independentzia. Eta ehun urtean pertsona bat bera ere ez da hil independentziaren alde. Txarrenean jendea elkarri irainka aritu da Interneten. Badakit desberdina dela herrialde bakoitzaren esperientzia, baina ezin da inola ere indarkeria zuritu. Eta indarkeria babestu edo haren alde egin duena egoera oso zailean dago, nire ustez. Zure ametsak botopaperen bidez gauzatzeko aukera badago, ez dago indarkeriarentzako aitzakia posiblerik. Hori esanda, uste dut bake prozesu batean barkamena behar-beharrezkoa dela.

BERRIAn argitaratua (2016/02/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA