bizigiro
Natura, sendagai
Maialen Unanue Irureta
Eskozian harritu samar daude albisteak izan duen harrerarekin, Elizabeth Robinsonen esanetan. Osasun Publikoko arduraduna da Eskoziako NHS Shetlanden. «Gainezka egin digu: mundu osoko egunkarietatik idatzi digute, baita CNNtik eta Kanadako Telebista kateetatik ere». Robinsonek dio sistema «oso arrunta» dela eta ezer gutxi dagoela kontatzeko: «Medikua konturatzen bada gaixoa ez dagoela oso animatuta, edo depresio arina duela, egunero denbora bat naturan pasatzeko aholkatzen dien liburuxka bat ematen dio».
Hainbat iradokizun bildu dituzte Here is your prescription for nature liburuxkan [Hementxe duzu naturaren zure errezeta]: txoriei jaten ematea, atea ireki eta entzutea, harriekin irudiak sortzea hondartzan, txanoa kendu eta haizea sentitzea... Horretarako, pazienteak gertuen duen atea ireki baino ez du egin behar, liburuxkaren arabera. Zergatik? Naturak «zoriontsuago» eta «osasuntsuago» izaten laguntzen duelako.
Leiho handiak dituzte, pazienteak natura barrura sartzen delako sentsazioa izateko. Ivar Kvaal
UEA Ekialdeko Angliako Unibertsitearen ikerketa bat hartu du oinarri NHS Shetlandek: berdeguneetan denbora pasatzeak edo haietatik gertu bizitzeak murriztu egiten du II motako diabetesa, arazo kardiobaskularrak, heriotza eta erditze goiztiarrak eta arteria presio altua jasateko arriskua. Gainera, nabarmen jaisten omen da listu-kortisola, estres mailaren adierazgarri dena. «Oso garrantzitsua da datu hori; izan ere, Erresuma Batuan, esaterako, 11,7 milioi lan egun galtzen dira urtero estresagatik, depresioagatik edo antsietateagatik».
Baita hirian ere
Izan ere, greenspace edo berdegunea kontzeptua darabilte naturaz hitz egiteko, eta ez du esan nahi mendira joan behar denik egunero: «Berdegunetzat har daitezke lursail irekiak, garatu gabeak, landaredi naturala dutenak; izan daitezke berdegune urbanoak ere». 140 ikerketatako ebidentziak bildu dituzte, zeinak hogei herrialde eta 290 milioi pertsona barne hartzen dituzten: berdeguneetatik gertuen eta urrutien bizi diren lagunen arteko desberdintasunak behatu eta topatu dituzte.
Felix Zubia medikuaren ustez, oso ideia ona izan dute eskoziarrek: «Gaixotasunik ez hartzeko edo osasuntsu mantentzeko gauza asko behar ditugu: naturarekin hartu-emanean gaudenean hobeto egoten gara, alderdi askotan egiten digulako mesede». Zubiak azaldu duenez, estresa baretzen laguntzen du, eta ariketa fisikoa egiteko modu on bat izan daiteke, besteak beste. Beste gako bat ere eman du harreman horren onurak azaltzeko: «Askotan ahaztu egiten dugu animaliak garela eta gu ere naturaren parte garela».
Eskoziako proposamena Euskal Herriko osasun sistema publikoan txertatzeko modukoa iruditzen zaio: «Estres, depresio edo antsietate egoerei aurre egiteko neurri oso ona litzateke». Gaineratu duenez, hiriguneetan edo haiengandik hurbil topa daitezke halakoak Euskal Herrian: «Ez dago urrutira joan beharrik naturarekin harremanetan jartzeko».
Japonia da UEAko ikertzaileek nabarmendu duten herrialde horietako bat. Izan ere, shinrin-yoku edo baso bainuak hartzen dituzte han: basoan esertzea, etzatea edo paseo bat ematea terapia zabaldua da 1980ko hamarkadaz geroztik. UEAko ikerlarien ustez, praktika oso egokia da, kontuan izanda karoshi edo gehiegizko lanagatik hilak daudela: Japoniako Lan ministerioak 2.310 heriotza lotu zituen horrekin 2015ean; Karoshiren Biktimen Defentsarako Kontseiluak, berriz, 10.000.
Natura parke baten erdian daudela iruditu arren, ospitaleen ondo-ondoan daude. I. Kvaal
Ikerlariek azaldu dutenez, naturaren eta osasunaren arteko harremana argia den arren, ez dute lortu zehaztea zerk bihurtzen duen on. Haien esanetan, Japoniako ikerketak iradokitzen du zuhaitzek askatzen dituzten fitozidak izan litezkeela onura eragiten dutenak. «Gaizki gaudenean, botikak erosten ditugu, baina gero eta gehiago ari da zabaltzen berdeguneen erabilera, prebentziorako zein gaixotasunen tratamendurako: gure ikerketak erakusten du berdeguneen onurak modu esanguratsuan nabaritzen direla osasunean», esan zuen Andy Jones ikertzaileak. Haren lankide Caoimhe Twohig-Bennett harago joan zen, eta hirigintza sailetan aritzen direnei dei egin zien inberti dezatela berdeguneak sortzeko, berreskuratzeko eta mantentzeko politiketan.
Etxolak, naturan egoteko
Baso bainuak bultzatzen dituen Espainiako institutu batek baso bainuak hartzeko lekuak identifikatuta ditu Galizian, Katalunian, Euskal Herrian eta Espainian. Euskal Herriko berdegune batzuk ere nabarmendu dituzte: besteak beste, Omako basoa (Bizkaia), Iratikoa (Nafarroan) eta Donostiako Ulia mendia. Azken horretan, izatez, baso bainu bat hartzeko hitzordua dute ekainaren 22an; izen ematea itxi dute, guztiz bete baita.
Bestela lotu dituzte Norvegian osasun sistema publikoa eta natura. Zehazki, Friluftssykehuset Fundazioa ari da hori bultzatzen, etxola berezi batzuen bidez. Badirudi naturagune betean daudela, baina ospitalearen ondo-ondoan daude: gaixotasunen tratamendua eraginkorragoa izan dadin sortu dituzte, eta ospitaleei ematen dizkiete, haien pazienteentzat. Havard Hernesek izan zuen ideia, eta Osloko Unibertsitate Ospitalearekin elkarlanean aritu da: 2015ean estreinatu zituzten lehenengo bi etxolak: bata Oslon, eta bestea Kristiansanden. Esperientzia pertsonal eta gogor batetik otu zitzaion ideia Hernesi: 6 urteko alabari minbizia diagnostikatu zioten, eta haurrari oso gogorra egiten zitzaion ospitaletik ezin ateratzea.
Edozein adineko gaixoentzat eta edozein gaixotasunentzat pentsatuak daude etxolak: «Gaixoek tratamendua eta babesa jasotzeko eta kontenplaziorako tartea hartu ahal izan dezaten diseinatuta daude, tratamenduak iraun bitartean fisikoki zein psikologikoki arnasa har dezaten».
Altzari gutxi dituzte, baina erabilera baterako baino gehiagorako daude eginda. I. K.
Egurrezko bi modulu elkartuta egiten dituzte etxolak; hala, edonon eraiki eta erraz eraman daitezkeelako kokatu nahi diren lekura. Materialak berariaz aukeratu zituzten, «ingurumenarekiko eta iraunkortasunarekiko errespetuz»; minimalistak dira barrutik zein kanpotik, eta altzari guztiak daude erabilera bat baino gehiago izateko pentsatuak. Leiho asko eta handiak dituzte, naturan bertan egotearen sentsazioa areagotzeko. «Pazienteek ospitalean jasotzen duten tratamendua hobetu nahi dugu modu horretan». Norvegiako ospitale guztietan gutxienez halako bat izan dezaten nahi dute, eta mundu osoan halakoak eraikitzea gustatuko litzaieke. Oraingoz, bost etxola gehiago eraikiko dituzte 2020. urterako.