astekaria 2019/06/14
arrowItzuli

gizartea

Muga lausotzeko ahaleginetan

Arantxa Iraola

Muga lausotzeko ahaleginetan

«Gaur egun dagoen legediaren arabera, Ipar Euskal Herriko ikasleak Europako beste edozein herrialdetako ikasleak bezalakoak dira: Austriatik edo Baionatik datorren ikaslearen artean legeak ez du berezitasunik egiten: tramite berberak egin behar dituzte». Aitziber Arregi MU Mondragon Unibertsitateko idazkari akademikoa da; aratz azaldu du Ipar Herriko ikasleek Hegoaldean ikasten hasi nahi dutenean izaten duten eragozpen handienetako bat: atzerritarrak dira. Euskaraz ikasiak badira ere —are, Seaskan, Ikastolen Elkartearen abaroan jardun badute ere—, beste hezkuntza sistema bateko kideak dira, eta aparteko zailtasunak izaten dituzte urratsa egiteko. Aspaldiko kezka dute gai horren inguruan Seaskan. Ahalegin handia egiten dute haur eta nerabeek euskarazko heziketa egokia jasotzeko, eta goiko mailetan ere ikasleek euskaraz jarduteko modua izatea nahi dute. Soilik Hegoaldean dute, ordea, horretarako aukera zabala. Eta ikasleei kosta egiten zaie hautu hori aintzat hartzea. «Ipar polora begira egoten dira», azaldu du Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak. Hein batean, ulertzen ditu: «Sekulako abentura da Hegoaldera ikastera joatea». Horregatik, urteak daramatzate auzia lantzen, hobetu dadin.

Baionan sortua da Eneko Bidegain, eta egun MUko irakaslea. Gazteen errezeloen atzean zer dagoen badaki: «Nahiago izaten dute segurura jotzea». Bestetik, uste du errealitate horrek agerian uzten duela Euskal Herria banatzen duen muga administratiboa zeinen sakon txertatuta dagoen euskaldun gehienen bihotz-buruetan: «Kostatzen da muga mental hori apurtzea; guraso askorentzat eta gazte askorentzat zail da ulertzea badirela aukerak Euskal Herrian ikasten jarraitzeko». Bernat Etxepare Lizeoko zuzendaria da Iban Tikoipe eta Frantziara begirako tradizioa sakon errotuta dagoela onartu du: «Frantziako hezkuntza sisteman dena bideratua da Frantzian ikasketak egitera; hortik aldentzeko borondate handia behar da». Graduen matrikularen prezioa ere eragozpen da sarri askotan: garestiagoak dira Hegoaldean.

«Hurbiltzeko» ahalegina

Seaskak urteak daramatza Hegoaldeko erakundeekin gaia lantzen. Aurrerapausoak ere eman dira: ahaleginak egin dira, bereziki, Seaskako azken ikasturteetako ikasleek Hegoaldeko eskaintza ezagut dezaten, eta senti dezaten Euskal Herrian jarraitzeko urratsak arinduko dizkien norbait izango dutela ondoan. EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordea da Jon Zarate. Egungo errektoretza taldeak, Nekane Balluerka errektorea buru, gaia aparteko arduraz landu duela azaldu du. Legeak ezarritako arazo «burokratikoak» gainditze aldera deus gutxi egin dezaketela esplikatu du, baina ikasle horiekin harremanak sendotze aldera, eremu zabal bat ikusi dutela lantzeko: «Instituzionalki gehiago egitea bazegokigula sentitu dugu: ikasle horiengana hurbiltzea». Ikasturte honetan, esaterako, bisitan eraman dituzte Bernat Etxepare lizeoko ikasleak EHUra, eta harremanak «estutu» dituzte Hegoalderako urratsa egitekotan dabiltzan ikasleekin, bidea samurtzeko: «Bakoitzaren analisi pertsonalizatu bat egiten dugu». Gazteen familiengana heltzeko ahalegina ere egin dute: «Transmititu nahi izan diegu EHUn ikasi ahal diren gradu gehienetan izan ditzaketela aukerak haien seme-alabek». Bisitaren garrantzia nabarmendu du Tikoipek. «Ikasle askok deskubritu zuten etxetik 30-40 kilometrora badirela nahi dituzten karrera unibertsitarioak, askotan, gainera, kalitate handikoak, eta hemen edo han lan egiteko aukerak anitz». MUrekin ere, alde horretatik, erlazioa ona dela adierazi du. Arregiren arabera, «arreta berezia» jartzen dute ikasle horien prozeduretan; eskertzen dute Seaskan abegikortasun hori.

Hortik aurreragorako urratsak egiteko erarik ez dutela zehaztu du Zaratek. «Ezin diegu bermatu leku bat izango dutela haiek nahi duten graduan. Hizkuntza argudiotzat hartuta ezin dugu sarbidea diskriminatu: arazo itzelak ekarriko lizkiguke». Harremanak ehundu ahala, ordea, gazteen eta EHUren arteko «konfiantza» sendotuz joatea espero du, eta ikasle horien presentzia ugaritzea. Egokiak iruditzen zaizkio Bidegaini ahalegin horiek: «Izan ere, euskal unibertsitateetako informazioa heldu behar litzaieke gazte horiei, ez Frantziako unibertsitateetako maila berean, baizik eta gehiago: diskriminazio positiboa egin beharko litzateke». Baina haragoko aldarriak bazterrean ez uzteko eskatu du: «Traba administratiboak kendu behar lirateke: ezin dira atzerriko ikasletzat hartu. Ez da zuzena».

Eta oztopo askoren kausa da. Usu ikusten ditu Tikoipek lizeoan. «Batetik, paperkeria anitz da: erotzekoa». Erlojuaren kontrako lasterketa eroan egin behar izaten dute, gainera, Seaskako gazteek: baxoa —Batxilergoaren amaierako azterketa, Frantziako hezkuntza sisteman— beranduago egiten da selektibitatea baino, eta Hegoaldeko unibertsitateetako onarpen epeetan sartzeko «estu» ibiltzen dira. Hirugarren zailtasuna kalifikazioekin lotuta dago: «notaren bidegabekeria» esaten dio Tikoipek. Notak jartzeko sistema ezberdinak dituzte bi hezkuntza sistemek, baliozkotu egin behar izaten dituzte kalifikazioak Seaskako gazteek —UNED urrutiko unibertsitateak egiten du, algoritmo baten bidez—, eta beren ikasleak «zigortuak» diren sentipena dute. Hain justu, sarbide nota oso altua eskatzen duten ikasketetan nahi eta ezin ikusi dituzte maiz lizeoko ikasle «distiratsu» asko Euskal Herriko unibertsitateetan atea jo ostean; bertan sartu ezinik. Eta, egiatan, badute egiturazko «desabantaila» bat. Hegoaldeko ikasleei amaierako notan kontuan hartzen zaizkie Batxilergoko notak eta unibertsitateko hautaprobakoak; Iparraldekoei, soilik baxokoa. «Hor ere zigortuak dira gure ikasleak. Bi urtez egindako ibilbidea ez zaie kontuan hartzen». Noten balorazioa zorrotzagoa da, gainera, baxoan.

Lanbide Heziketan, zail

Baikortasunerako zioak ere badira: alde sentitu ditu Seaskak urteotan Hegoaldeko erakundeak. Lizeoko zuzendariak nabarmendu du, bereziki, EHUren jarrera: «Begi onez ikusi dute gure ikasleei euskaraz jarraitzeko aukerak irekitzea eta lehenestea». Haien unibertsitate eskaintza hurbiltzeko ahaleginetan ere «arreta biziki ona» jaso dutela onartu du. Eragozpenak zamatsuagoak dira gaur Lanbide Heziketan. «Hegoaldean badira Frantziako sisteman aurkitzen ez diren gradu aukera ugari», azaldu du Tikoipek. Erakargarriak dira ikasle askorentzat, baina kalifikazioak baliozkotzeko prozedura asko luzatzen da, eta ataka zailean geratzen dira ikasleak horren ondorioz: matrikulatu ezinik. Hendaiako ikasle batekin halaxe geratu zaie igaro ikasturtean; Santiagoko zubia zeharkatzea besterik ez zuen Irunera ikastera joateko. «Baina ikasturtea galdu du».

BERRIAn argitaratua (2019/06/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA