kirola
JUAN VALLEJO
«Oraindik ezin dut sinetsi nola nagoen bizirik eta hain ondo»
Unai Ugartemendia
Hiru hilabete pasatu dira istriputik. Zer moduz zaude orain?
Pixka bat hobeto, baina oso izorratuta egon naiz. Istripua oso larria izan zen. Bi hilabete eta erdi luze egon naiz ohean, mugitu gabe, medikuek etxera etortzeko baimena eman zidaten arte.
Nolakoa izan zen erorketa?
Askotan gertatzen den moduan, esplikatzeko zaila den egoera batean izan zen. Hilabete eta erdi generaman Argentinako Patagonian edozein modutan eskalatzen, eta, etxera itzuli aurreko egunean, kirol eskalada egitera joan ginen. Berez, arriskurik ez zuen jarduera bat egitera gindoazen; baina, halako batean, 25 metro inguruko altuera batetik erori nintzen, hutsegite baten ondorioz. Konortea galdu nuen, eta ez naiz ezertaz oroitzen. Oraindik ez dakit zer egin nuen, baina ziur zerbait gaizki egin nuela. Jaiki nintzenean, ospitalean nengoen. Oraindik ezin dut sinetsi nola nagoen bizirik, eta are gutxiago nola nagoen hain ondo.
Zer duzu hautsita?
Hezur asko hautsi nituen: izterrezurra erditik apurtu nuen, pelbisa hainbat zatitan, errain-hezurra, eskumuturreko ia hezur guztiak... Hiru ebakuntza egin zizkidaten Argentinan, baina, ebakuntza gelara sartzen ninduten bakoitzean, hainbat hezur berreraikitzen zizkidaten, bide batez. Orain nahikoa dut errehabilitazioarekin. Oso luze joango dela aurreratu didate.
Osatzeko eperik jarri al dizute?
Ez, batez ere ez dutelako arriskatu nahi. Zorte handia izan dut halere; hezur hausturak izan dira gehienak, eta ez dut puskatu giltzadurarik. Haustura guztiak ondo geldituko direla esan didate. Agian eskumuturrekoak du itxura okerrena. Hilabete asko joango zaizkit erabat osatzeko, baina, oraingoz ,epeak laburtzen ari naiz.
Oso argal itzuli zara Euskal Herrira. Zenbat kilo gutxiago zara?
Hamalau kilo gutxiago naiz orain. Lehen hamasei egunetan ia korderik gabe egon nintzen. Bi hilabete pasatu ditut ohean etzanda, gora begira, ia mugitu ere ezinda. Beldurgarria izan da.
Lehenik, osatu egin behar duzu, baina berriro ere ikusiko al zaitugu goi mendietako espedizio batean?
Mendian eta eskalatzen beti ibiliko naiz, ahal dudan artean behintzat. Oraindik ez dut baztertzen zortzimilakoren batera joatea berriro ere. Ikusi beharko da.
Azken urteetan, Alberto IƱurrategirekin eta Mikel Zabalzarekin egin dituzu espedizioak. Jende askok galdetzen du ea ez ote zareten berriro ere espedizioetan murgilduko. Zer duzu esateko?
Ez dut inoiz mendia albo batera utzi, eta argi daukat ez dudala inoiz utziko. Espedizioen gaia beste kontu bat da. Azken espedizioa 2017an izan zen, baina ez da nahi ez dugulako, baizik eta gauzak ez direlako hain errazak. Fisikoki oraindik ere ondo gaude, eta mendian esperientziak garrantzi handia du. Oraindik ere gauza politak egin ditzakegula uste dugu, baina egia da guk egiten ditugun espedizioak oso garestiak direla, eta gure poltsikotik ordaintzea ezinezkoa dela. Urte asko pasatu genituen espedizioak kateatzen. Ez dugu baztertzen itzultzea, ezta gutxiagorik ere.
Berriro ere joatekotan, argi al duzu haiekin joango zarela?
Bai, zalantzarik gabe. Gainera, urteak aurrera doazen neurrian, denok arraroagoak bihurtzen gara [barrezka], eta orain ez gaude esperimentuekin hasteko moduan. Gogotsu gaude, eta gauza politak egin ditzakegula uste dugu.
Zuen azken espedizioan ez zenuten Gasherbrum II igotzeko aukerarik izan, baina Valerio Annovazzi alpinista italiarrari bizitza salbatu zenioten. Edozein gailur baino garrantzitsuagoa izan zen hura.
Edozein gailur lortzea baino ilusio handiagoa egin zigun hark. Etxera alde egin behar genuen, eta, bat-batean, hura suertatu zen. 7.000 metroan zegoen, noraezean, eta ez genuen pentsatu ere egin. Beheko kanpalekuan jende asko zegoen, baina inork ez zuen bere bila ateratzeko asmorik ere.
Horretan asko aldatu al da alpinismoa? Alegia, orain 20 urte bat baino gehiago irtengo ziren haren bila.
Bai, asko aldatu da, zalantzarik gabe. Hasteko, gizon hori ez zen bakarrik joango mendira. Mendira bakarrik joateko joera hori berria da, ez da normalena bakarrik joatea, nahiz eta espedizio komertzial baten barruan zegoen. Bakarrik joatearen ondorioetako bat da. Arazoak izaten direnean inork ez du ezer jakin nahi izaten.
Zuentzat ere gogorra izango zen, ezta?
Bai, nik uste nuen hilda zegoela. Egun asko zeramatzan bakarrik, hainbesteko altueran... Inork ez zuen harekin hitz egin egun askotan. Edozer gauza ikusteko prest joan ginen. Bi egunetan, beheko kanpalekuan geunden. Oso jaitsiera gogorra izan zen. Aseta sentitu nintzen, egunero ez baita pertsona baten bizitza salbatzen. Gainera, oso tipo jatorra zen.
Azken espedizioetan, ez zenuten gailurrera iristeko aukerarik izan. Zailtasun handiko bideak jorratzearen arriskua hori da?
Bai, baina bagenekien erronka zailak zirela. Ez genuen bide aurruntetatik igo nahi; Kukuczka bidetik igo nahi genuen, eta bagenekien zer zaila zen Gasherbrum I [Pakistan, Himalaia, 8.080 metro] eta Gasherbrum II [Pakistan, Himalaia, 8.035 metro] batera kateatzea. Azkenaldian, zailtasunak mugitzen gintuen; gauza berriak egiten saiatzen ginen. Bestalde, egia da eguraldiak asko baldintzatzen duela, eta alde horretatik ez dugu zorte handirik izan. Pakistango eguraldiak horrelako gauzak ditu. Azken urteetan, eguraldia oso aldakorra izan da. Arantza txiki bat gelditu zaigu.
Zure lehen espedizioa 1993an izan zen, munduko gailurrera, Everestera. Espedizio handia eta oso astuna izan zen hura. Azkenaldian, berriz, oso talde txikian mugitu zarete. Zein duzu nahiago?
Zalantzarik gabe, azken urteetakoa. Hau da espedizio batean aurkitu nahi izan dudana, jende gutxirekin, material gutxirekin, lagunekin... Pirinioetan edo Alpeetan eskalatzen dugun antzera, gauza politak egiten saiatzen, eta, ahal bada, gauza berriak egiten. Bakoitzaren ahalmenaren arabera, hori bai.
Lehen espedizio hartatik zerk liluratu zintuen?
Altuerak modu berezi batean erakartzen zaitu. Altueran ibili den edonork esango dizu; zerbait magikoa dauka. Gauza asko daude tartean, bidaia bera, logistika... Orduan kateatu ninduen alpinismoak.
Zure ibilbidean alpinista handiekin ibilitakoa zara. Hasi, Juanito Oiartzabalekin hasi zinen, Himalaiako espedizioetan. Zer ezaugarri nabarmenduko zenuke?
Naturaren indarra izan du beti. Altuerara oso gutxi bezala egokitu izan da. Inoiz ez da nabarmendu bere gaitasun fisikoarengatik, baina Himalaian Pirinioetan bezala ibiltzeko gaitasuna zuen.
Alberto Zerainena?
Altuerara ondo egokitzen zen, eta fisikoki oso indartsua zen. Azkenean, Himalaian espedizio batean baino gehiagotan izandakoak altuerara ondo egokitzen direlako izan dira hainbestetan. Hain gaizki pasatzen da bertan! Gaizki pasatuz gero, ez da errepikatzeko esperientzia izaten. Ni ere ez naiz batere ondo egokitzen, eta asko sufritzen dut lehen egunetan, baina burugogorra naiz eta horrek asko laguntzen dit [barrezka].
Alberto IƱurrategirena?
Alpinista osoa dela. Ondo egokitzen da; oso metodikoa da, eta fisikoki zer esan! Oso eskalatzaile ona da, eta, niretzat, himalaista perfektua da. Burua beti bere tokian duen horietakoa, eta erabakiak hartu behar direnean burua oso hotz izaten duena. Inoiz ezagutu dudan onena.
Mikel Zabalzarena?
Nik beti pentsatu izan dut himalaista baino gehiago, Pirinioetakoa dela. Uste dut bere garaiera onena zortzi mila metrotik beherago dagoela, Alpeetan edo. Fisikoki agian gu baino ahulxeagoa da, baina Pirinioetan eta Alpeetan ireki dituen bideak oso gutxik egin ditzakete. Oraindik ere izugarrizko indarra eta gogoa dauka gauzak egiten jarraitzeko. Eredu bat da niretzat.
Askorentzat, zure belaunaldiko alpinistak eredu izan zarete, baina zuek beti bigarren lerroko alpinistak zaretela esan izan duzue. Zergatik?
Bada, inoiz ez garelako alpinismoaren elitea izan, hori oso argi daukat. Ez ginen izan, orain ere ez gara eta gero ere ez gara izango; baina saiatu izan gara onenengana ahalik eta gehien hurbiltzen. Himalaian egin ditugun gauza gehienak aurretik ere eginak zeuden. Egia da bide berriak ireki ditugula Himalaian, horiek ere ezin ditugu ahaztu. Beti izan dugu argi zein ziren gure mugak, eta uste dut alde horretatik geure buruarekin leialak izan garela.
Gaur egungo Everestek ez du zerikusirik orain berrogei urtekoarekin. Zer pentsamolde duzu gaur egungo Everesti buruz? Zer eragiten dizute gailurreko azken argazkiek?
Zeharo erotzen ari garela! Ilara handiak ikusitakoa naiz Everesten, 2001ean esaterako, baina ez zen hainbesterako. Egia esan, zaila da aztertzea, baina zerbitzu horiek eskaintzeko enpresak eta zerbitzu horiek ordaintzeko jendea dauden bitartean, ez da aldatuko. Baina gauza bat daukat argi: hori ez da alpinismoa. Hala ere, Everesten oraindik ere alpinismoa egin daiteke.
Zailtasuna eta bide berriak al dira alpinismoaren etorkizuna?
Bai. Azken espedizio indartsuek horixe egin dute: bide berriak, oso bide zailen errepikapena, zailtasuna edo berrikuntzak igoeretan.
Zailtasunak, ezinbestean arrisku hitza dakar gogora. Negua gogorra izan da: Daniele Nardi eta Tom Ballard Nanga Parbaten gelditu ziren; David Lama, Hansjorg Auer eta Jess Roskelley, berriz, Kanadako haitzetan. Ez ziren nolanahiko alpinistak.
Zailtasuna altuera handian bilatzen baduzu, arriskua areagotu egiten da. Konpromisoa askoz ere handiagoa da, eta istripuren bat gertatzeko aukera ere bai. Lama eta Auer zailtasun gorenaren bila ibiltzen ziren eta, gainera, altuera handian. Etorkizuneko alpinistak ziren hiruak, gu haiengandik mundu batera geunden. Alpinismoaren elitea ziren.
Azken hemezortzi urteetan, mendia izan da zure ogibidea. Iaz, ordea, berriro ere suhiltzaile postura itzultzea tokatu zitzaizun. Nolakoa izan zen itzulera?
Moldatzeko aldi bat pasa behar izan dut. Derrigortutako itzulera bat izan da, ez nuelako itzuli nahi, baina ez zen garai txarra berriro ere itzultzeko. Mendiko jarduera pixka bat utzita genuen, eta zerbaitetik bizi behar da. Ez dut arazorik izan itzultzeko. Lan posibleen artean, onenetakoa da, askok amesten duten ogibidea.
Bazenekien egunen batean berriro ere itzuli beharko zenuela?
Bai. Baimena eskatu nuenean bi urterako eskatu nuen, eta inoiz ez nuen pentsatuko hemezortzi pasatuko nituenik. Lehena espedizio pare baterako eskatu nuen, eta ia hogei urte joan dira bidean.
Mendi gidari izateko titulua ere atera duzu. Etorkizunean lan horretan ibiltzeko asmoa al duzu?
Egia da beti gustatu izan zaidala jendearekin mendira joatea. Beti topatu izan dut jendea mendian gidatzeko, baina argi neukan egunen batean goi mendietan ibili nahi banuen titulua atera behar nuela. Erantzukizun handia da jendearekin ibiltzea, eta ezin da jendearen bizitzarekin jolasten ibili. Kanpotik oso lan polita ematen du, baina barrutik bere zailtasunak baditu.