kirola
TATI GARMENDIA
«Ez dut ezerekin aldatzen sasoi honetan Europan bizi izan duguna»
Ainara Arratibel Gascon
Zein nota jartzen diozu taldearen denboraldiari?
Liga ez dugunez irabazi, batek baino gehiagok pentsa dezake denboraldia ez dela ona izan. Baina ez da horrela. Oso-oso ongi nota jarriko nioke. Jokoan izandako hiru tituluetatik bi irabazi ditugu; Europan, berriz, gai izan ginen EHF kopako final-zortzirenetako ligaxkara iristeko, eta azken jardunaldira arte aukerak izan genituen sailkatzeko. Hori guretzat ere ezustea izan zen.
Liga irabazteko zer falta izan zitzaizuen?
Bagenekien zaila izango zela Granollersen irabaztea, goiko talde gehienek galdu egin zutelako han. Gakoa Valladoliden galtzea izan zen, ez genuelako ondo jokatu, eta haiek oso nagusi izan zirelako. Kolpea izan zen taldearentzat. Ez naiz aitzakiak jartzeko zalea, baina, ziurrenik, Europan egindako ahalegina ordaindu genuen azken txanpa horretan. Beste behin argi geratu da gero eta zailagoa dela liga irabaztea, eta ikusi da aurkari zuzenen kontra irabaztea garrantzitsua izan arren ez dizula ezer bermatzen. Ligak beste talde batzuen aurka galtzen dira.
Europan egindako lan onarekin geratzen zara, Espainiako Kopa eta Superkopa irabazi izanarekin bainoago?
Argi dago tituluek estatusa ematen dizutela. Baina Europan bizi izan duguna ez dut ezerekin aldatzen: emandako maila, Gaskako eta Artalekuko giroa...
Imanol Alvarez aulkira itzultzeko egin zenuten apustuak esperotako emaitzak ekarri ditu?
Halako aldaketa bat egiten duzunean, beti egiten duzu onerako. Aurreko sasoi amaieran ikusi genuen aldaketa bat behar zuela taldeak. Hasieran, kostatu egin zen, eta taldea zalantzekin aritu zen. Entrenatzaile bakoitzak bere jokatzeko era dauka, eta jokalariek horretara ohitu behar zuten. Baina egokitzapen aldi hori pasatuta, taldeak goi mailan lehiatu eta jokatu zuen denboraldiko garai askotan. Alde horretatik, gogobete egin gaitu Imanolen lanak, eta gure aurreikuspenak bete egin dira.
Ia osatua duzue datorren sasoirako taldea. Ohi bainoa azkarrago ibili zarete. Zer dela eta?
Klub guztiak gero bizkorrago mugitzen dira, eta guk ere hala egin dugu. Gero eta lehenago saiatzen zara datorren denboraldirako duzun aurrekontua lotzen, eta jokalariekin hitz egiten. Beharbada, aurreko sasoietan gehiago kostatu zitzaigun joan ziren jokalarien ordezkoak fitxatzea. Baina, aurten, egin ditugun negoziazio ia guztiak ondo atera zaizkigu. Dena oso bizkor joan da. Guk ere ez genuen espero. Izan ere, joan diren jokalarietako batzuk hemen segitzea nahi genuen. Baina hainbat arrazoirengatik ez egitea erabaki dute, eta horrek behartu gaitu nahi baino pieza gehiago mugitzera. Taldearen muinak, dena den, jarraitu egiten du, eta guretzat hori oso inportantea da.
Zer emango dizuete fitxaketa berriek?
Manuela Pizzok eskarmentua du; defentsan oso zorrotza da, bizkorra, eta kanpoko jaurtiketa oso ona du. Emma Boada jokalari oso taktikoa da, bizkorra; jokoa azkar ikusten du; bi biren kontrako jokaldiak oso ondo jokatzen ditu, eta gehienetan beti hartzen du erabaki aproposa. Maria O'Mullony min hartuta egongo da hasieran, baina haren osaketa ondo doa. Ondo bidean, azaro inguruan egongo da prest. Gol asko sartzen ditu. Eli Cesareo jokalari garaia da, eta oso ondo defendatzen du. Gainera, Nekane Teres ezagutzen du, eta hori abantaila da. Oso indartsua da, gainera. Mirene Morenoren fitxaketarekin ere oso pozik gaude. Etorkizun handiko jokalaria da, eta osagarri oso ona izango da ezker hegalean. Bizkorra da, gainera.
Zer falta zaizue oraindik?
Jokalari asko joan dira, eta ez ditugu guztiak ordezkatuko. Datorren sasoian talde txikiagoa izango dugu. Baina alboko jaurtitzaile bat falta zaigu, Elke [Karsten] ordezkatzeko. Ondo bidean, atzerritarra izango da, eta gola eta jaurtiketa ematea nahi dugu. Espero dugu aurki lotzea.
Aipatu duzu nahi zenuten baino jokalari gehiagok utzi dutela taldea. Batzuek, gainera, ez dute kirol arrazoiengatik egin, baizik eta ikasketak eta lana ezin uztartzeagatik, familia kontuengatik, lesioengatik... Nola bizi izan duzue hori?
Penaz, gehienek taldean jarraitzea nahi genuelako. Elke liga indartsuago batera doa. Judithena [Sans] gehiago da kontu psikologiko bat. Ez zen gozatzen ari, eta eskubaloia uztea erabaki du. Gero, etxeko jokalarien kontua dago: Uxuerena [Ezkurdia], Norarena [Azurmendi], Leirerena [Aramendia], Maiterena [Zugarrondo]... Horrek badu beste alde bat. Izan ere, gure apustua beti izan da harrobiko jokalarien aldekoa.
Apustu horretan ez al duzue apur bat atzera egin azken denboraldietan?
Ni idazkari teknikoa naizenetik taldearen %70-%80 etxeko jokalariz osatua egon da. Baina zaila da. Batetik, jokalari guztiek ez dute Ohorezko Mailan jokatzeko kalitatea; eta, bestetik, zuk nahi dituzun guztiak ez dute etorri nahi. Adibidez, iaz bi jokalari izan genituen gurekin entrenatzen, eta geratzeko aukerekin. Baina ikasketak tarteko, Bilbon bizi dira, eta Zuazon ari dira jokatzen. Jone Loidi fitxatzen saiatu gara, eta zenbait arrazoirengatik Barakaldon geratu da. Hemendik jokalari asko pasatu dira: Ane Encina, Andrea Zaldua... eta beste bide bat hartzea erabaki zuten. Bigarren Mailan ere bi jokalari ditugu utzita. Baina egia da, behetik datozen jokalariei begiratuta, lehen baino gutxiago daudela. Garai batean ahalmen handiagoa zegoen harrobian, baina lanean jarraitu behar dugu: klubek, federazioek... Gero eta kirol eskaintza handiagoa dago, eta nekezagoa da neskak eskubaloira erakartzea.
Gero eta zailagoa da Esther Arrojeria, Maitane Etxeberria edo halako jokalariak ateratzea?
Bai, Ohorezko Mailarako saltoa handia delako. Nire garaian ere gertatzen zen. Nirekin junior eta gazte mailetan ikaragarri ondo aritu ziren jokalariak egon ziren, baina gero ez ziren gora ailegatu. Gainera, nik maila horietan pazientzia falta sumatzen dut jokalarien artean. Garai batean, 20-23 urte zenituen, eta ziurrenik ez zenuen jokatzen. Bidegabekeria bat iruditzen zitzaizun, eta amorratu egiten zinen. Baina lanean segitzen zenuen. Orain, aldiz, ez bakarrik eskubaloian, bizitzan oro har, gazteek oso azkar lortu nahi dituzte gauzak, eta ez pausoz pauso. Orduan, helburua berehala lortzen ez badute, amore ematen dute.
Baina zuek orain tituluengatik ari zarete borrokan. Exijentzia maila ez al da handiagoa azken sasoietan? Horregatik ez al du zerikusirik?
Hemen exijentzia maila handia izan da beti. Orain tituluak irabazteko lehiatzen gara, eta nik jokatzen nuen garaian Europarako sailkatzeko. Beraz, ez dut uste lehen baino gehiago eskatzen zaienik jokalariei. Bestalde, guk beti izan dugu irizpide bat: etxeko jokalarien alde egitea. Uste dugu, gainera, jokalari horiek talde honetan egon daitezkeela tituluak irabazten. Beharbada, ez 60 minutuz jokatzen, baina bai 30, eta minutu horietan laguntzen eta garrantzitsuak izaten.
Eta ikasketa kontuengatik uztea erabaki duten jokalariekin zer pasatu da?
Nik uste dut uzten dutela ikasketei arreta handiagoa eskaintzeko, baina ez ezin dituztelako biak uztartu. Mezua ezin da izan exijentziak ez dizula biak uztartzen uzten. Ahalegina eginez gero, posible da. Denboraldi honetan Leireren [Aramendia] kasua izan dugu. Baina berak aspalditik esaten zuen, krisiaren aurretik ere esaten zuen ez zuela bere burua luzaroan ikusten eskubaloian jokatzen, eta, ondoren, biokimikari moduan lan egin nahi zuela. Egia da krisiaren eraginez soldatak ez direla horren altuak, eta, horregatik, jokalari batzuek, beharbada, lehenago hartzen dute uzteko erabakia, lan merkatuan lehenago sartzeko.
Errealitate horren aurrean zer egin dezakezue zuek?
Jokalariei gauzak erraztu. Dagoeneko egiten ari gara hori. Adibidez, lehen baziren entrenamenduak goizez, eta horiek kendu egin ditugu. Astean bitan baino ez dira izaten lan saioak, eta fisikoak izaten dira. Gainera, jokalariren batek unibertsitatean zerbait garrantzitsua badu, utzi egiten diogu joaten. Horretara moldatzen gara, egitura eta eguneroko profesional bati eutsiz.
Lehengora itzultzeko aukera ikusten duzu?
Ez dakit krisiaren aurreko egoerara itzultzeko aukera egongo ote den, baina argi dut hobetu egin behar duela egoerak.
Zugarrondok harreran dituen bi ilobak zaintzeko hartu du erretiroa. Haren kasuak oihartzun handia izan du. Nola bizi izan duzue zuek?
Ni ere ama naiz, eta oso gogorra izan zen. Gogorrena berak bere egoeraren berri eman, eta Nafarroako Gobernuko gizarte zerbitzuetatik etorri zirenean izan zen, jakiteko zein baldintzatan zegoen bi ilobak harreran hartzeko. Guk bakarrik biziko zela ziurtatu genien, eta denen artean bultzatu genuen haurrekin geratzeko. Eta hala izan da. Denen artean lagundu genion. Adibidez, Imanolekin hitz egin genuen, eta adostu jokatzeko aukerarik ez bazegoen kanpoko partidetara ez zela joango. Orain, arreta osoa txikiengan jarri nahi du, eta ulertzekoa da. Sekulako emakumea eta kirolaria da, eta gure laguntza ondo merezita dauka .Halako gauzak gizonezkoen kirolean ez dira geratzen, eta ikusgarri egin behar dira, profesionalizaziorako urrats asko egin behar direlako oraindik.
Nola bizi izan duzue denboraldi honetan futbolak edukitako gorakada? Eskubaloian posible ikusten duzu halako zerbait?
Futbolak indar handia du berez, eta telebistak ikusgarritasun handia du. Gainera, Realaren kasuan, adibidez, oso emaitza onak lortu ditu, eta Kopa irabazita biribildu du. Zubietara doan jende kopurua hona datorren jende kopuru berdina da, baina, aipatutakoagatik, ikusgarritasun hori lortu dute. Gure kasuan, beharbada, telebistaren aldetik beste urrats bat falta zaigu.Teledeportek ematen ditu partidak, baina jendeak hori ez badaki ez ditu ikusiko,
Datorren denboraldiari begira zer helburu dituzue?
Beti bezala gure helburua titulu guztiak lortzeko borrokatzea izango da, eta izugarria litzateke berriro ere EHF kopako ligaxkarako sailkatzea. Zaila da. Izan ere, hiru kanporaketa gainditu beharko ditugu, eta ez da erraza. Baina ilusioa dugu. Garrantzitsuena izango da fitxaketak ondo egokitzea. Liga ondo ezagutzen duten jokalariak izatea gauzak erraztuko dizkigu.