gizartea
«Frogarik gabe» salatu zituzten Intxaurrandieta eta Errazkin
Jokin Sagarzazu
Iazko urrian auzitegi horretako epaile Margarita Mariscal de Gantek kaleratutako ebazpena goitik behera berretsi dute Justizia Salako hiru magistratuek. Auzibideak eragin dituen «zuzenbideko eta bestelako zalantzak» tarteko, auzi jartzaileak ez ditu ordaindu beharko prozesuak eragindako kostuak -salaketa GHK-k jarri zuen, eta fiskaltzak bat egin zuen-. Hala ere, erabakiaren aurka kasazio helegitea jarri ahalko dute aldeek; GHK-k jakinarazi du «eskura dituen aukera guztiak» aztertuko dituela aipatu 46 milioi euroak «berreskuratzeko».
Bilduk foru aldundian agintean egin zuen legealdian (2011-2015), orduko GHK-ko buruek hartu zuten aurreko gobernuak (EAJ) diseinaturiko errauste plantaren lanak gerarazteko erabakia. Intxaurrandieta patzuergoko presidentea zen; Errazkin, aldundiko Ingurumen diputatua.
Erabaki hori okerra izan zela salatu zuten EAJko eta PSEko buruzagiek, eta, azken agintaldian, foru gobernua berreskuratuta, auzitara eraman zituzten. Kontu Auzitegian salatu zituzten botere desbideraketa larriagatik -aurreko gobernuak hartutako erabakia eteteagatik Gipuzkoako Batzar Nagusien gehiengoaren babesik gabe-, eta leporatu zizkieten, halaber, azpiegituraren lanen gelditzeak eragindako diru galerak: 46 milioi, haien arabera.
Lehenengo puntuaz, Kontu Auzitegiak gogoratu du EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak eta Espainiako Auzitegi Gorenak aztertu dutela, eta legez kanpoko jo dutela kontratua eteteko erabakia. Dena den, azaldu du ez dagokiola berari horri buruz iritzia ematea. Hori hala izan zein ez, nabarmendu du Bilduko agintariek zuzen jokatu zutela diru publikoaren erabileraren ikuspegitik.
Are gehiago, auzi jartzaileari leporatu dio ez frogatzea bere salaketan esaten direnak. GHK-k bere helegitean argudiatu zuen aurreko ebazpenean -De Ganterenean- akatsak zeudela, baina Salako magistratuek ukatu dute halakorik. «Epaileak agerian utzi zuen, zehaztasunez, bere argudiatze juridikoan zehar, auzi jartzaileek frogatu egin behar zutela funts publikoei kalte ekonomiko bat egin zitzaiela, eta zenbatekoa zen kalte hori. Bada, frogak eta aldeek aurkeztutako alegazioak aztertuta, agerian geratu da ez duela frogatu aipatutako karga frogagarria».
Lehen epaia idatzi zuen De Gantek -Espainiako Gobernuko Justizia ministro ohiak, Jose Maria Aznarren gobernuan (PP)-. Eta hark esandako dena berretsi du Salak. Epailea auziaren sakonean sartu zen. Esan zuen erabaki zuzena izan zela azpiegitura horren lanak gelditzea. Ziurtzat eman zuen, besteak beste, orduko errauste plantaren proiektua neurriz gainekoa zela. Bankuekin sinatutako Swap-en afera ere aipatu zuen: adierazi zuen egungo agintariek horiek eragindako zorrak eteteko aukera izan zutela, baina ez zutela egin.
Intxaurrandieta «pozik» azaldu da Kontu Auzitegiaren erabakiarekin. Azpimarratu du horrek erakusten duela «legea errespetatuz» eta «gipuzkoarron ongizatean kontuan hartuta» jokatu zutela haiek, eta EAJ eta PSE «mendeku gosez» aritu direla haien aurka.
Udazkenerako martxan
Auzitegietako bide eta erabakiek, dena dela, ez dute eten errauste planta eraikitzeko egitasmoa. 2015ean, EAJk eta PSEk gobernu akordioa egin eta berehala berrabiarazi zuten proiektua: hala ere, aurrenekoan-Bilduk etendakoan- zehaztu baino txikiagoa izango da. 2016an, Urbaser multinazional txinatarra buru duen enpresa talde bati eman zioten azpiegitura eraikitzeko kontratua, eta 32 urtez kudeatuko du. Gainera, amaitzear dituzte lanak. Apirilaren 25etik martxan da azpiegituraren zati bat, tratamendu bio-mekanikorako planta, eta udazkenerako espero dute %100 lanean egotea osorik.