astekaria 2019/06/14
arrowItzuli

politika

Herritarren defentsan artekari

Edurne Begiristain

Herritarren defentsan artekari

Administrazioaren jarduera oker edo legez kontrakoak direla medio herritarrek egindako kexuei erantzutea, eta politika publikoak hobetzeko gomendioak egitea. Helburu horiei helduta ekin zion lanari, duela 30 urte, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Arartekoak. Martxoan hiru hamarkada bete ziren Juan San Martin EAEko lehen ararteko izendatu zutela. 1985eko otsailaren 27an, abiatu zen instituzio berriaren ibilbidea, Eusko Legebiltzarrak Arartekoa erakundea sortzeko eta arautzeko legea onartu zuenean. Suedian XIX. mendearen hasieran sortutako Ombudsman erakundearen ereduari jarraikiz egin zituen lehen pausoak Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak. EAEko Estatutuak aurreikusten zuen halako erakunde bat sortzea, eta bat zetorren Espainiako Konstituzioak araututako herriaren defendatzailearen figurarekin ere.

Legebiltzarraren legeak eman zion izena eta izana erakunde berriari, baina lau urte baino gehiago behar izan ziren instituzioaren burua izendatzeko. Juan San Martin Ortiz de Zaratek ez zuen ararteko kargua hartu 1989ko martxoaren 8ra arte. Legeak aginduta, bost urterako aukeratu zuten ararteko, eta haren lekukoa hartu zuten gero Xabier Markiegik (1995-2000), Mertxe Agundezek (jardunean 2000tik 2004ra), IƱigo Lamarcak (2004-2014) eta Manuel Lezertuak (2015etik dago postuan).

Sinesgarritasuna irabazita

Lezertuak lau urte daramatza karguan, baina ongi ezagutzen du erakundearen ibilbide osoa. Gogora ekarri duenez, hasierako urteak «bidea egitekoak» izan ziren, erakundea «antolatzeko» eta prozedurak nola abiatu «asmatzeko». San Martin «aitzindaria» izan zen lan horretan, eta haren esku egon zen erakundea edukiz betez joateko lana. «Instituzioaren kontsolidazioa, berriz, Markiegiren eskutik etorri zen, eta Lamarcak eman zion bultzada aniztasunari», zehaztu du.

Lamarcak gogora ekarri du instituzioaren hasierako urteak «zailak» izan zirela. «Herritarrentzat erabat ezezaguna zen erakunde berria, eta lehen etapa horretan Arartekoa bera ezagutzera ematea izan zen egiteko nagusia». Denborarekin, ikusgarritasuna ez ezik herritarren artean «sinesgarritasuna» ere erdietsi du Arartekoak, Lamarcak azpimarratu duenez. «Herritarren konfiantza eguneroko lanarekin irabazi du instituzioak, herritar guztien kezkak entzunez eta erakutsiz herritarren eskubideen defentsan lan eraginkorra egiten duela».

Gizartea asko aldatu da hiru hamarkada hauetan, eta errealitate berrietara moldatuz joan da Arartekoa. Herritarrek aurkeztutako kexa kopuruen datuek erakusten dute bilakaera hori. Idatzizko kexa kopuruak, esaterako, nabarmen egin du gora hiru hamarkadetan: 1989an, 585 kexa aurkeztu ziren, eta iaz, 2.552. Herritarren zalantzak, kezkak eta salaketak telefono bidez zein bulegoetan bertan aurkezteko modua ere ematen du erakundeak -Bilbon, Gasteizen eta Donostian daude bulegoak-. Horiek guztiak aintzat harturik, 15.000 kontsulta inguru bideratzen ditu urtero.

Orokorrean, administrazioek aintzat hartzen dituzte Arartekoaren eskaerak -%90 inguru betetzen dituzte-. Horretarako, Lamarcari iruditzen zaio ezinbestekoa dela instituzioak «inpartzialtasunez» jokatzea, «autoritatea» izatea eta bere lana «zorroztasunez» egitea. «Alderdikerietatik at egin behar du lan, erabaki guztiek ongi argudiatuta egon behar dute, eta erakundean ahalik eta profesionalik hoberenek egon behar dute, bikaintasun horrek emango diolako erakundeari auctoritas hori». Lamarcak uste du Arartekoaren kasuan ezaugarri horiek guztiak betetzen direla, eta horrek «bermatzen» duela bere lanaren «eraginkortasuna».

Instituzioaren proposamen eta aholkuak, baina, ez dira bete beharrekoak. Hala, zenbait kasutan, instituzioek ez dituzte aintzat hartzen; salbuespenak dira, baina Lezertuak aitortu du «etsipena» sortzen dutela. «Administrazioari gomendioa egin ondoren, hilabete batzuez itxaroten dugu, eta, ez badugu inolako erantzunik jasotzen, ondorioztatzen dugu ez duela aholkua beteko. Jarrera horrek frustrazioa sortzen digu, baina horiek dira joko arauak».

Kasu horien artean daude, besteak beste, Hondarribiko eta Irungo (Gipuzkoa) alardeen auziak. Arartekoak babesa adierazi izan dio beti alarde parekideari, eta bi udalei eskatu die haiek ere babesteko; artean, eskaerei kasurik ez diete egin. Lamarcak eta Lezertuak aitortu dute alardearen aferak «ezinegona» sortzen diela, eta konponbidea bilatzea izan dela -eta badela- euren kezka. Soluzioa, baina, ez da samurra. Lamarcak argi du alarde parekidearen defentsak Arartekoaren betebeharra izan behar duela, eta onartzen du «atsekabea eta amorrua» sortzen diola bi udalen jarrerak.«Giroa ez da ona, eta akordio bat bilatzea premiazkoa da», dio Lezertuak.

Demokraziaren berme

Herritarren defendatzaileen figurak ez daude herrialde guztietan, baina Lamarca erakunde mota hori sortzearen aldekoa da, herritarren eskubideen bermea «indartzen» duelako, politika publikoak ebaluatzeko eta sustatzeko zeregina duen neurrian. «Ona da legebiltzarraren menpeko erakunde independente eta inpartzial bat egotea; berme eta kalitate gehigarriak ematen dizkio demokraziari».

Iritzi berekoa da Lezertua ere: «Mundua aldatu egin da azken 30 urteotan, baina Arartekoak erakutsi du balio duela eta ekarpen garrantzitsu bat egiten duela gure bizitza hobetzeko». Hala ere, erakundea arautzen duen legea berritzea ezinbestekoa dela dio, «garai berrietara» moldatzeko. Alde horretatik, instituzioaren lana nazioartean zabaltzen jarraitzearen alde dago Lezertua, eta Europako Batzordean 30 urte lanean aritu izanak eman dion eskarmentua baliatzen ari da hori egiteko: «Ahalegintzen ari naiz kanpoan ikus dezaten giza eskubideak badirela gure kezka iturri, eta gauza interesgarriak egiten ditugula arlo horretan. Besteengandik ikasteko prest gaude, baina baita haiei irakasteko ere». Agintaldia amaitzerako helburu hori « erabat finkatuta» egotea nahiko luke.

BERRIAn argitaratua (2019/06/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA