astekaria 2016/02/05
arrowItzuli

bizigiro

SANTIAGO IANIZ

«Argazkilaritza gero eta gutxiago baloratzen da»

Lander Muñagorri Garmendia

«Argazkilaritza gero eta gutxiago baloratzen da»

«Bilbotar petoa naizenez, Euskal Herria ondoena ezagutzen dutenetako bat naizela esan ohi dut». Lau pertsonak ezagutzen omen dituzte euskal lurraldeetako txoko guztiak berak bezala, eta bera horien artean kokatu da, umorez. Ez ditu adierazpen horiek alferrik egiten Santiago Ianiz argazkilariak (Bilbo, 1957), 30 urteko ibilbide profesionalean Euskal Herriko txoko ia denak erretratatu baititu. Lurretik, itsasotik, eta baita airetik ere. Urte luzez ETBn eman zuten Euskal Herria lau haizetara programarentzat lan egin zuen, eta lantaldea zeraman helikopteroak izan zuen istriputik bizirik irten zen bakarra izan zen. Airetik argazki ugari atera zituen hartan, baita ondoren ere, eta orain Euskal Herria goitik behera liburua argitaratu du. «Lankideentzako omenaldi moduko bat ere bada, bai». Bere kabuz argitaratu du liburua, argitaletxe bateko mahai gainean hiru urte egon ondoren. «Erabakia hartu nuen, nik ateratzen ez banuen ez zelako argitaratuko». Eta hala egin du.

Goitik behera atera dituzu liburu honetako argazkiak, urteetan helikopteroan ibili zarelako Euskal Herrian barrena.

2001. urtean, Euskal Herria lau haizetara programan gidoilari moduan hasi nintzen lanean, eta, egun batean, helikopteroan joan behar zuen batek ezin zuela eta, niri galdetu zidaten nahi ote nuen. Ni, pozarren. Nire argazki makinak hartu, eta hor joaten nintzen kopilotu, gidariari nondik joan behar zuen esaten. Ondo ezagutzen dut Euskal Herria, eta gidoiko puntuak lokalizatzen laguntzen nien. Istripua izan genuen, eta, osatu ondoren, bigarren zatia iritsi zen. Galdetu zidaten ea joango ote nintzen, eta probatzen saiatu nintzen, ea nola ateratzen zen. Hasieran oso gogorra egin zitzaidan, beldurra eman zidalako, baina, sentimendu horiek menperatuta, ondoren pozik ibili nintzen.

Ordura arte sekula ibili gabe zeunden helikopteroan?

Joan nintzen lehen aldia Pirinioetan izan zen, mendiko sorospenari buruzko erreportaje bat egitera. Hortik aurrera, ezer ez. Programarekin, Euskal Herria goitik behera ezagutu nuen, eta itzela izan zen. Orduan pentsatu nuen zerbait egin behar nuela bertan bildutako material guztiarekin.

Zure lankideentzako omenaldi gisa.

Hori ere bai, noski. Argazki pila nuen, baina, istripua gertatu eta gero, proposamen gehiago etorri ziren airetik argazkiak ateratzeko. Orduan, niretzat eduki nuen helikoptero bat, eta nik agintzen nuen helikopteroak nora joan behar zuen. Dirutza handia balio du, baina itzela izan zen. Ordu pila eman nuen argazkiak ateratzen, begia hor jarrita neukan. Hori guztia, ordea, artxiboetan gordeta neukan, eta modu batean edo bestean atera nahi nuen.

Askatzeko modu bat izan da?

Bai; lan bat egin nuen nik. Argazki solte batzuk atera dira hainbat hedabidetan, baina horrela, pakete batean, ez. Eta hori inoiz atera behar nuen, argazkilari moduan egin behar nuela iruditzen baitzitzaidan. Atera ezean, bota egingo nituen, baina, liburua argitaratuta, helburua beteta dago. Oso gustura gelditu naiz.

Nola ikusten da Euskal Herria zerutik?

Oso ezberdina da. Leku bera lurretik ikusten duzu, eta ederra da, baina han goitik begirada zorrotzagoa da. Nik beti egin dut lan naturarekin, eta ikusten nola egiten dugun herria. Ikusten duzu badagoela ekonomia bat, baina era berean apurtu egiten dugula lehendik zegoena. Argazkietan hori erakusten saiatu naiz, interpretazioa inoiz ez baita neutroa.

Zuk zurea eman duzu liburuan.

Hori da. Esaterako, hor dago Itoizen kasua. Liburuan laku baten argazki bat ikusten da, basoz inguratuta; irudia oso polita da, baina horren azpian badago beste interpretazio bat. Dena apurtu zuten hori egiteko.

Esan daiteke goitik beherako begirada horrek min gehiago ematen duela?

Bai, duda barik. Gero ikusten dituzu hiriak behetik, eta sekulako anabasa da. Goitik ikusita, ordea, sekulako geometria hartzen dute, eta interpretazio oso polita egin daiteke. Paisaia berri bat sortzen da goitik ikusita, eta beste aurkikuntza bat da. Ni menditik asko ibili naiz, eta puntatik beste modu batean ikusten da dena; oso ikuspegi zabala hartzen duzu. Baina tontor gainetik igotzen bazara, oraindik zabalagoa da ikusmira, eta indartsuagoa da. Ez daukat patrika diruz beteta, baina, edukiko banu, egunero joango nintzateke helikopteroan ibili eta argazkiak ateratzera. Sekulakoa da.

Esan izan duzu istripuaren ondoren ikasi zenuela gauzak lasaiago hartzen. Zergatik?

Ni ez naiz oso presaka ibili sekula. Baina, gaur egun, egunerokotasuna puntu batetik bestera heltzea da. Hori da helburua. Eta bidea zer? Askotan behar izaten dugu halako abisu bat horretaz ohartzeko. Topiko bat eman dezakeen arren, nik beti esan izan dut bidea ere garrantzitsua dela. Nik ikuspegi hori egunero aplikatzen diot neure buruari. Oso garrantzitsua zait egiten dudan gauza bakoitza.

Hori esaten duzu argazkilaritzan korrika eta presaka ibiltze hori zabalduta dagoelako, ala?

Hala da. Niri gustatzen zait eseri eta begira jartzea. Horrela ikasten duzu zer gertatzen den, eta zer gerta daitekeen. Hori zure bihotzerako inportantea da, era berean. Patxada da hori; beti izan dut. Horretarako ere, bakardadean asko ibili izan naiz; oso ondo ezagutzen dut. Pirinioetara joaten nintzen hamar egun, eta bakarrik joaten nintzen. Esan daiteke nire lana bakardadean egitekoa dela.

Horregatik zara, agian, Euskal Herria hoberen ezagutzen dutenetako bat?

[Barreak] Zaharra naiz, eta denetarik egitea tokatu zait. Ondare industriala landu dut, erlijiosoa, herrien erreportajeak, mendiak... Denetarik egin dut, eta askotan tokatu zait lehendik egondako leku batera itzultzea. Esaterako, orain tokatzen zait Trianoko meatzeetan erreportaje bat egitea. Ez dakit zenbat aldiz egon naizen han. Pentsa, meatzeak lanean zeudela ezagutu nituen! Eta pentsatzen duzu: «Argazkiak izango ditut, ba!». Baina beti dago zerbait berri. Hamar urtean asko aldatzen da dena.

Euskal Herriko paisaia nola aldatzen den ikusiko zenuen bertatik bertara...

Bai, egia da. Aurreko egun batean, bestalde, Urduñan egon nintzen argazki batzuk ateratzen, eta hango mendatean bazegoen lehen zuhaitzekin egindako galeria bat, eta ebaki egin dute. Jo! Hor oso argazki ederrak ditut. Pentsatuta daukat hor badagoela Ezinezko paisaiak izeneko bilduma bat egiteko aukera.

Begirada nostalgikoa da hori…

Bai, egia da. Baina argazkien bidez ikus daiteke nola aldatu den herria.

Ondare industriala landu duzu zure ibilbidean. Hori izan daiteke, besteak beste, ezinezko paisaien bilduma horretarako gai on bat.

Bai, egia esan. Arkeologia industriala deitzen zaiona egiten aitzindarietako bat izan nintzen Espainiako Estatuan. Egin nituen hiru liburu Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ondare industrialarekin. Lanean ari nintzela, fabrika pila bat desagertu ziren. Horietako asko itxita zeuden, eta hilabete batzuen bueltan hondeamakinak iritsi, eta bota egin zituzten. Hori askotan gertatu zitzaidan. Hortik hasita, bada, pentsa nola aldatu den inguru hau guztia orduz geroztik. 30 urte igaro dira.

Ikuspegi kritikoa daukazu hor ere.

Oso ikuspegi kritikoa. Beste adibide bat jarriko dizut: gaur egun, Guggenheim oso ederra da, eta erreferentzia ere bihurtu da, baina hor azpian egon zen fabrika bat tximinia eder batekin. Sekulakoa zen, zeramikarekin apainduta. Non dago hori? Ez dugu ezer babestu, ezta mahai bat egiteko euskarri moduan ere! Ez daukagu ezer iragan hura gogoratzeko. Eta Alondegian ere, berdin. Berritu baino lehenago, duela zenbait urte egon nintzen bertan, eta han zeuden upel zahar handi batzuk botata, usteltzen. Ez dago memoriarik han gertatu zenarena. Gelditzen den bakarra adreilu batzuk besterik ez da, eta gainerakoa bota egin dugu. Iraganean izan dugun ondarea baztertu egiten dugu behin eta berriro, eta nondik gatozen ahazten dugu. Hori penagarria da. Korrika goaz etorkizunera bidean, baina non geratu da iragana?

Garai hartan atera zenituen argazkiek horretarako balio dezakete, akaso...

Agian bai! [Barreak].

Hor dituzun milioi erdi diapositiba horietan zerbait egongo da.

Horrek sortzen dizkit niri buruhausteak. Zer egin horrekin guztiarekin? Saldu? Bota? Pentsatu izan dut akaso erre egingo dudala.

Edo erakunderen bati eman...

Bai? Eta nori? Kutxa batean sartuta edukitzeko? Ez, ez!

Zer egin nahiko zenuke?

Ez dakit; balioa badauka, saldu egingo nuke, eta, bestela, erre.

Erre ere ez duzu egingo. Orain esan duzu desagertutako ondare baten lekuko izan daitezkeela argazkiak.

Bai, baina iraupen kontu bat da.

Amorrua ematen dizu, ala?

Bai, oso haserre nago horrekin. Baditut ideia batzuk buruan lan horiekin zerbait egiteko, baina ikusiko dugu. Ikusten dut egoera nola dagoen, eta... Begira, orain dela gutxi Kataluniako argazkilari bati gertatu zaiona kontatuko dizut. Etxetik bota dute dirurik ez zuelako, eta bere artxibo osoarekin zer egin ere ez zekien. Ezin zuen saldu; inork ez du baloratu lan hori. Azkenean, erakunde batek hartu du behin-behinean artxibo hori gordetzeko. Eta argazkilari hori kalean bizi da.

Argazkilaritzari ez zaio ematen duen balioa?

Ez, batere ez. Oso gutxi baloratzen da, eta, orain, gero eta gutxiago. Argazkiekin inflazio moduko bat dago; demokratizatu egin da. Hori, alde batetik, ona da, baina argazkilaritzak daukan ikuspegia hutsean geratzeko arriskua ere badakar berekin.

Argazkilariaren ofizioa lausotzen ari dela sumatzen duzu?

Bai, erabat. Baina lekuaren araberakoa da ikuspegi hori ere. Frantzian, esaterako, beste modu batean ikusten da argazkilariaren figura. Oso zorrotzak dira han, eta argazkilariaren begirada asko baloratzen dute. Baloratu eta eskertu, hemen ez bezala. Hemen zerbait gaizki dagoenean bakarrik esaten dute zerbait zure lanaren inguruan. Eta zorrotza izatea garrantzitsua da, baina zure lana ondo eginda badago. Argazki eder bat atera dezakezu momentu horretan hor egon zarelako, ados. Baina istorio bat kontatu nahi baduzu, hori beste gauza bat da.

Istoriorik ez da kontatzen, ala?

Ez dut hori esan nahi. Baina niri askotan gertatu izan zait aldizkari batetik deitu izana larrialdi batean zeudelako, ea hutsune bat betetzeko argazki bat bidaliko ote nien. Suhiltzaile baten lana egiteko erabiltzen dute nire lana, beste norbaitek txarto egin duena betetzeko. Horregatik, horrelako kasuetan deitzen didatenerako erantzun hori prest izaten dut. Ez da zilegi.

Eta joera hori areagotzen ari dela ikusten duzu?

Bai. Begira: nik, nire lana ondo egiteko, denbora behar dut, patxada, eta nire begirada erreportaje horretan sartu. Egin behar dudan lanaren aurrekontu bat eskatzen badidate, askotan ezetz esaten diet, hortik bizi behar dudalako. Baina gero buelta etortzen da, eta esaten dizute aurrekontu bat eskatu ondoren lan kaskar bat bidali diotela. Zer nahi duzu, bada?

Freelance moduan egin duzu zure ibilbide profesionalaren zati handi bat. Hori iraupen proba etengabe bat izango da...

Bai. Nik beti esan izan dut: «Krisia? Nire bizi osoan horrela bizi izan naiz». Nik Euskal Herriko ia aldizkari denetan egin izan dut lan. Ikusi ditut aldizkariak sortu eta desagertzen, asko. Nire ibilbide profesionala Etor argitaletxean abiatu nuen, eta, bertan, entziklopedietarako argazkiak ateratzen nituen. Baina, egun batetik bestera, 1991. urtean, esan zidaten argitaletxea itxi egin behar zutela. Nik aurrekontu bat neukan, eta nire bizitza hari lotuta zegoen. Beraz, karpeta besazpian hartu, eta nire argazkiak saltzera joan behar izan nuen. Baina egungo ikuspegitik esan dezaket gertatu ahal izan zaidan onena izan zela hori.

Lotura hori apurtzeko, ala?

Bai, hori da. Hortik aurrera, nire ikuspegia zabaldu egin zen, eta oso ondo moldatu naiz beti. Eta, ordutik, freelance aritu naiz.

Eta nondik sortu zitzaizun argazkilaritzarako har hori?

Ba, egia esatea nahi baldin baduzu, ez dakit. Ni biologia ikasten hasi nintzen; Felix Rodriguez de la Fuente moduko bat izan nahi nuen. Naturak beti erakarri izan nau. Baina ikasketak hasi, eta ez nuen atarramentu onik izan, eta nire aitarekin hasi nintzen lanean garraioan. Era berean, arte grafikoetan argazkigintza ikasten hasi nintzen. Zergatik? Batxilergoan bagenuen apaiz bat, eta hark erakutsi zigun argazkigintza zer zen. Laborategian sartzen ginen, eta, hori ikusi bezain pronto, berehala harrapatu ninduen esparru horrek. Ordutik, argazkilaritzari lotuta egon nintzen, harik eta soldaduska egiteko deia iritsi zitzaidan arte. Amarru txiki bat egin, eta bertatik libratzeko aukera izan nuen, eta, orduan, neure buruari erronka bat jarri nion: «Urte bat irabazi dudanez, urte hori argazkigintzari eskainiko diot, eta gero ikusiko dugu zer gertatzen den horrekin». Gaur arte.

Ondo atera zitzaizun soldaduskara ez joatea, orduan!

Bai [barreak]. Errentagarria izan zen, bai. Zaila izan da, ordea; ez dut ukatuko. Nirekin batera, beste zortzi gazte hasi ziren argazkilaritzatik bizitzeko asmotan, eta, egun, horietatik bi bakarrik bizi gara horretatik.

BERRIAn argitaratua (2016/01/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA