astekaria 2019/06/14
arrowItzuli

kirola

IRENE PAREDES

«Hazten segitzeko aukera aparta da Munduko Kopa»

Ainara Arratibel Gascon

«Hazten segitzeko aukera aparta da Munduko Kopa»

Zelaian jokalari zorrotza da Irene Paredes, Paris Saint-Germaineko eta Espainiako selekzioko jokalaria. Gaur, bere bigarren Munduko Kopari ekingo dio. «Sasoi betean iritsi naiz, bai fisikoki, bai psikologikoki. Motibazio eta ilusio handia daukat».

B multzoan ariko zarete, eta Hegoafrikaren kontra egingo duzue debuta, gaur (18:00). Luzea egin al zaizu itxaronaldia?

Egia esan, taldekideak eta ni irrikaz geunden eguna iristeko, jokalarioi gustatzen zaiguna lehiatzea baita, eta are gehiago Munduko Kopa batean bada. Baina niri, behintzat, egunak azkar pasatu zaizkit. Hiru asteko egonaldia egin dugu, baina denbora libre gutxi izan dugu: entrenamenduak, adiskidantzazko norgehiagokak, hedabideetako elkarrizketak, publizitate iragarkiak... Gainera, asteburuetan jai izan dugu, eta horrek eramangarriagoa egin du. Izan ere, aukera izan dut etxekoekin egoteko.

Denbora libre apur horretan zer duzu gustuko egitea?

Inguruko txokoak ezagutzea eta irakurtzea. Orain, adibidez, Ane Odriozolaren El Secreto de Gibola irakurtzen ari naiz. Ane nire herrikoa da, Legazpikoa; gainera, liburua han dago girotua.

Nola helduko diozue txapelketari?

Gogoz, ilusioz, eta argi izanda zer ardura dugun. Prestaketa ona egin dugu, eta adiskidantzazko partidetan oso ondo ibili gara. Ondo joan dira. Japoniaren aurka berdintzeko gai izan ginen, adibidez. Horrek erakusten du edozeinen aurka nor baino nor gehiago lehiatzeko gai garela. Nahiz eta oraindik eskarmentu apur bat falta zaigun halako txapelketetan, eta multzo gogorra tokatu zaigun. Gaurko partida oso garrantzitsua da, Hegoafrikari irabazita konfiantza hartuko dugulako, eta horrek lagundu egingo digulako hurrengo partidei begira. Alemania talde oso sendoa da, eta Txina gora egiten ari da. Disfrutatu egin nahi dugu, eta dena eman. Hori da gauzak ondo ateratzeko gakoa.

Nolako txapelketa espero duzu? Zer selekzio ikusten dituzu faborito?

Txapelketa polita eta parekatua izango da, eta espero dut joko ona ikustea. Faboritoei dagokienez, betikoak aipatuko nituzke: Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia, Japonia eta Ingalaterra. Baina ezusteak ere egon daitezke, ziur nago. Izan ere, hona iritsi diren selekzio guztiak maila oso onekoak dira, eta, talde on bat izateaz gain, halako txapelketa bat irabazteko beste gauza batzuk ere behar dira; tartean, zoria: lesioekin, txartelekin, jokoan izaten diren beste gorabeherekin.

Zuen gaurko aurkaria, Hegoafrika, estreinakoz ariko da Munduko Kopa batean, Eskozia, Txile eta Jamaikarekin batera. Horien artean zein uste duzu iritsiko dela urrutien?

Txile esango nuke. Hango atezaina, Christiane Endler, nire taldeko atezaina da, eta hark kontatu dit zenbat lan egin behar izan duten iritsi diren lekura iristeko, ez kirolari dagokionez bakarrik, baita eskubideen eta baldintzen alorrean ere. Horrek are gehiago batu ditu, eta herrialdeko jende askoren babesa lortu dute. Mimoz prestatu dute txapelketa, eta ziur lan ona egingo dutela.

Nolako futbola izango da nagusi: fisikoa edo teknikoa?

Punta-puntan dauden selekzioak fisikoak dira: Frantzia, AEB, Alemania... Hori dela eta, joko hori nagusituko dela uste dut. Herbehereak eta Japonia izan daitezke salbuespena. Ikusi beharko da zer emaitza lortzen dituzten.

Hori guztia kontuan hartuta, zer jokalari nabarmenduko direla iruditzen zaizu?

Zaila da, asko baitaude. Selekzio bakoitzean bat esango nuke... Baina denen ahotan daudenak aipatuko nituzke: [Alex] Morgan, [Dzsenifer] Marozsan, [Vivianne] Miedema... Beren selekzioetako zama hartzeko gai dira. Baina Munduko Txapelketa irabazi ohi duen selekzioa talde lan on bat egiteagatik nabarmendu ohi da, eta oraingoan ere hala izan liteke.

Emakumeen futbolak azken sasoi honetan izan duen gorakadan, zer ekarpen egin diezaioke Munduko Kopak?

Ginga izango dela uste dut, duen jarraipen eta oihartzunagatik, eta horrek emango digun hauspoa eta ikusgarritasuna baliatu behar ditugu gora egiten segitzeko. Izan ere, futbolaren agertoki garrantzitsuena da Munduko Kopa. Bestalde, espero dut balio izatea tekniko-taktikoki ere, eta jokatzeko moduetan ere urratsak egiteko. Selekzio guztiak ari gara horretan, eta alde horretatik ere hobekuntzak eta berrikuntza aterako direla uste dut.

Gorakada hori tarteko, ikusmin handiagoa sumatu duzu Munduko Kopa honetan, aurrekoan baino? Horrek presio handiagoa eragiten dizue?

Bai, nabari dugu ikusmin handiagoa dagoela, gehiago ezagutzen gaituztela, eta jendea adiago dagoela zer egiten dugun. Hori ona da, bai onerako, bai txarrerako. Izan ere, esan nahi du emakumeen futbolarekiko interesa dagoela. Presio handiagoa ez dugu nabari; nik, behintzat, ez. Garrantzitsuena da gauzak argi izatea, eta zure onena ematea. Hala, zeure buruarekin lasai egongo zara. Hortik aurrera, kritika positibo zein negatiboak erlatibizatzen jakin behar duzu, duten balioa ematen, eta hobetzeko baliatzen.

Ikusgarritasunari lotuta, zer iruditu zitzaizun Alemaniako jokalariek egindako bideoa? Eta zer sentitu zenuen Times Square AEBetako jokalarien irudi handiz beteta ikustean?

Harrotasuna. Izugarria iruditu zitzaidan Alemaniako jokalarien bideoa, errealitate bat jarri baitzuten agerian. Orain gutxi arte jende gutxik ezagutzen zituen, eta bi aldiz munduko txapeldun izandakoak dira. Horretan ere aurrerapauso bat eman da, eta zaleen eta gizartearen bultzadak lagunduta, gu ere urratsak egiten ari gara errealitate hori ikusarazteko. Zaleek berek eskatzen digute hori, eta guk ere badugu ardura sozial bat horretarako. Kontzientzia gero eta handiagoa da. Borroka hau guztiona da.

Zuretzat bigarren munduko kopa da. Zer moduz iritsi zara?

Gustura eta sasoi onean ailegatu naiz, bai fisikoki, bai psikologikoki. Motibazio eta ilusio handia daukat Munduko Kopa hau jokatzeko. Onenekin lehiatzea ikasten eta hazten segitzeko aukera aparta da, eta hori ahalik eta gehien baliatzen ahaleginduko naiz.

Nola daude beste hiru euskal herritarrak: Lucia Garcia, Nahikari Garcia eta Mariasun Quiñones?

Oso ondo. Lanean, hamaikakoan leku bat izateko, eta denerako prest. Polita da txapelketa hau haiekin partekatzea.

Uste duzu egunen batean Munduko Kopa jokatu ahal izango duzuela euskal selekzioaren elastikoarekin ?

Polita litzateke, baina ez da erraza. Lan asko egin behar da, eta bada horretan ari den jendea eta erakundeak. Konfiantza izan behar da haiengan.

Zer balorazio egiten diozu PSGrekin egindako denboraldiari?

Denboraldia ez nuen ondo hasi, belaunean min hartuta egon bainintzen. Baina, osatuta, maila onean aritu naizela uste dut. Beste aurrerapauso bat eman dudala uste dut; eskarmentuak horretan lagundu dit. Nahiz eta oraindik ere lan asko egin behar fisikoki eta erritmo aldetik ligaren neurrira egoteko, behintzat, badakit zer eskatzen zaidan, eta horrek lagundu egin dit. Oso gustura eta eroso nago.

Aurreko sasoian, Frantziako Kopa irabazi zenuten; sasoi honetan, ordea, esku hutsik geratu zarete. Zer falta zaizue Olympique Lyonen mailara iristeko?

Egia da ez dugula titulurik irabazi, eta, alde horretatik, ez dugu gure helburua bete. Beraz, ezin gara pozik egon. Baina ni baikorra naiz izaeraz, eta nahiago dut gauzen alde onei begiratu. Hala, uste dut gertu gaudela Lyonengandik. Ligako hiru jardunaldiren faltan, puntutan berdinduta geunden, eta pena izan zen beren zelaian 5-0 irabazi zigutela. Aitzakiarik gabeko garaipena lortu zuten, baina ez da inolaz ere izan denboraldi honetan bi taldeen artean egon den aldearen isla. Lyon maila handiko taldea da, munduko jokalari onenen selekzioa baita. Gu, ordea, talde gaztea gara. Pixkanaka ari gara eskarmentua hartzen, eta hori funtsezkoa da halako talde handi bati aurre egiteko. Bide onetik goaz.

Zure talde ohietako batek, Realak, Espainiako Kopa irabazi zuen estreinakoz. Euskadi Irratian egon zinen partidari buruzko iritzia ematen. Nola bizi izan zenuen?

Sekulakoa izan zen, oso ederra. Ezuste handia eman zuten, eta ederra izan zen denboraldia hala amaitzea. Euskal Herriko, Gipuzkoako emakumeen futbolarentzat sekulako bultzada da, urte askotako lanaren emaitza eta saria. Asko poztu nintzen, batez ere etxeko jokalariengatik. Zentzu onean, inbidia handia pasatu nuen. Handia izan behar du zure betiko taldearekin titulu bat irabazteak. Lorpen honek balio behar du Realak emakumeen futbolaren aldeko egiten duen apustua areagotzen segitzeko, proiektuari jarraitutasuna emateko eta jokalarien baldintzak hobetzeko bidean pausoak ematen segitzeko.

Hala egingo dutela uste duzu?

Baietz uste dut, momentua delako eta zaleek eskatzen dutelako. Jokalariekiko exigentzia handitu egingo du errealitate berri honek, baina prest ikusten ditut horretarako.

Realak zure taldekide Andrine Hegerberg fitxatu nahi duela zabaldu da. Nolako jokalaria da?

Oso jokalari teknikoa da, jokoa erraz ulertzen duena, eta langilea. Gainera, izaeraz oso gertukoa da. Oso azkar hasi zen frantsesa ikasten eta Parisko lekuak ezagutzen. Ahalik eta azkarren egokitu nahi zuen klubera eta hirira, eta horrek asko esaten du jokalari bati buruz.

Zer eman diezaioke Realaren jokoari?

Esperientzia eta kalitatea. Frantzian eta Ingalaterran jokatu du, eta liga horietan eskarmentu handia lortu du. Puntako ligak dira. Kalitateari dagokionez, futbola ikusteko gaitasuna nabarmenduko nuke. Oso bizkorra da jokaldiak sortzen, eta aurkarienei aurre hartzen. Realari asko lagun diezaioke horrek.

Athleticen ere jokatu zenuen. Nola ikusi duzu haren sasoia?

Uste dut denboraldi txukuna egin dutela or har. Sekulako meritua dute etxeko jokalariekin goian egonda, beste taldeen maila gero eta handiagoa baita. Urtero lortzen dute hori, gainera. Datorren denboraldian, entrenatzaile berria izango dute, eta hori ere pizgarria da. Osasunak eta Alavesek Bigarren Mailan egindako denboraldia ere kontuan hartzekoa da. Zenbat eta euskal talde gehiago egon goian, orduan eta hobeto, horrek aukera gehiago ematen baitie bertako jokalariei goiko mailetara iristeko eta azken urteetan harrobian egiten ari den lan onari jarraipena eman ahal izateko.

BERRIAn argitaratua (2019/06/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA