iritzia
Nafarroa, arraioa!
Garazi Arrula Ruiz
Eta orain zer. Orain, betikoa. Lehengo telesailetan hain maite zituzten goiko plano horiek, non beste egun bat dela adierazteko herrixka bat zerutik erakusten baita kamera lasterrean, iluntzen eta gautzen. Orain, ekaitza, trumoiak; lurrak har lezakeena baino hagitzez euri gehiago. Orain, itxuraz azkar samar ahaztu dugun hori, edo kontra egitearen mirak harrapaturik ahaztu nahi ez duguna. Ezta hori ere, oraingoan UPN ez baitator bakarrik, oraingoan Ciudadanos eta PP lagun izanen baititu. Ezkerra gehiengoa izan arren. Bistan gelditu da eskuin muturrak, gurean ordezkaririk ez badu ere, agendan eta diskurtsoetan eragina duela, ezartzen dituela eztabaidagaiak, eta alderdiak eskuinerantz mugiarazten.
Estatuko hauteskundeen aurretik honela galdetzen genuen: inork oraindik sinisten al du PSOE izanen dela euskal herritarrontzako salbamendu jaka? Emaitzak ikusita, badirudi baietz, fede itsuko norbait badela. Madrilek ez die nafar sozialistei erabakitzen uzten, ordea, hori ezustea. Galdera da: aurrekariak ikusita, inoiz sinetsi du Txibitek aukera hori bazuela ala jolasean dabil? Eta hasi da kromo trukea: «Nafarroan eginiko txorakeriek» ondorioak izanen dituztela EAEn, PPk; Madrilen enbidoa jotzeaz, UPN; EH Bildu marra gorria dela, PSNk; «Nafarroako aldagaiak» izugarrizko inportantzia duela, jeltzaleek.
«Borrokatoki ekaitzez betea» da oraindik Nafarroa, bai, baina honezkero ez da betikoa, eta ez da berriz izanen. Telebistako goiko plano laster horiek beti argitzen zuten ostera.