iritzia
'Brexit'-a ito-puntuan: ziria ala saria?
Maite Iturre
Londresen dagoeneko hamahiru dira alderdi kontserbadorearen buru berria izateko aurkeztu diren hautagaiak. Bai, hamahiru: brexit-a nola gauzatu definitzeko zailtasunak, lidergo argi baten eza eta alderdiaren barne zatiketa agerian uzten dituen datu argigarria bezain kezkagarria. Izan ere, hauteskunde orokorretara deitzeko ekimena hartu beharrean, Mayk etengabeko tirabiretan murgilduta diren torien esku utzi du hurrengo lehen ministroa zein izanen den ebaztea, eta horrekin batera, Erresuma Batu osoa dibortzio zail honetan gidatuko duen pertsona nor izanen den erabakitzea.
Hau guztia, gainera, Downing Street-ek egin nahi ez zituen europar hauteskundeetako emaitzek toriak bosgarren indar gisa kokatu dituzten honetan, bozen %9,1 eskasarekin eta 15 eserlekuren galerarekin -orain bakarrik lau eurodiputatu dituzte, SNPk baino apenas bat gehiago-. Erakutsitako etengabeko anbiguetateak direla eta, hauteslegoak nabarmen zigortu ditu bai kontserbadoreak bai laboristak ere (laugarren indarra), brexit-a ala «Remain» (geratu) muturreko alternatibak sarituz. Brexit-aren alderdia lehen indar izanik ere, europazale argiek (Liberal Demokratak, Berdeak eta, bertzalde, Eskozia, Gales eta Ipar Irlandako SNP, Plaid Cymru, Sinn Fein eta Alliance Party of Northern Ireland) eserleku gehiago eskuratu dituzte Bruselan. Portzentajeak ikusirik ere, eta laborista eta kontserbadoreak alde batera utzita, brexit-aren aurkakoek bozen %40,4 lortu dituzte, eta aldekoek, %34,9.
Bereziki aipagarria izan da SNPk lorturiko emaitza: Eskozia osoan alderdi bozkatuena izan da, eurodiputatu bat gehiago lortuz. Areago, SNPko Alyn Smith eurodiputatuak aukera handiak ditu aste honetan European Free Allianceko presidente bilakatzeko, eta, ondorioz, Europarlamentu berrian eragin nabarmena izatera deitua den Berdeak-EFA taldearen presidenteordea ere izateko.
Europar hauteskundeetarako erabilitako hauteskunde sistema proportzionalak agerian utzi du duela hainbat urte hasitako bipartidismo britainiar tradizionalaren gainbehera eta paradoxa handia mahai gaineratu du: Erresuma Batua Europako Batasunetik ateratzeko gidatu behar duen alderdia da, hain zuzen ere, europarlamenturako babes gutxien jaso duen estatu mailako alderdia. Eta gainera, gaur-gaurkoz ez du ez lider, ezta bide-orri argirik ere ez. Halako baldintzetan, biziki zaila da aurreikustea Downing Streeteko egoitzatik nor aterako den Europar Batasunaren ate joka joateko.
Baina Bruselan ere atea nork irekiko duen ez da batere argi. Hauteskundeetako emaitzen ondorioz hor ere orain arte nagusi izan den popular eta sozialdemokraten arteko Europar Batasuna gidatzeko binomioak gehiengoa galdu du. Horrek Europako batzordeko presidentea eta goi kargu nagusiak izendatzeko akordio zabalagoak bilatzera behartuko ditu, eta horretan ere ez dirudi erraza izanen denik Europako herrialdeen lurralde eta ekonomia-aniztasuna orekatzea. Horrela, beraz, kasurik hoberenean, uztail amaierarako Mantxako kanalaren alde bateko eta bertzeko agintari berriak izendatuak izanen dira, baina bertze deus ez dago argi.
Londresek teorikoki dituen aukerak hauek dira: Europar Batasuna akordiorik gabe uztea, akordio berria erdiestea edo brexit-a ezeztatzea. Eta horietara iristeko tarteko pauso posibleak ere badaude: hauteskunde orokorretara deitzea, konfiantza-eza mozioa eztabaidatzea edo bigarren erreferendum bat egitea (kontuan izan behar da egindako erreferenduma ez zela juridikoki loteslea, baizik eta soilik aholku-emailea). Aukera horien guztien artean lehen ministro berriak zein hautatuko duen ez dago aurreikusterik, ezta horretarako zein babes maila lor lezakeen ere ez. Halaber, ikusteke dago brexit-aren inguruan zein jarrera negoziatzailea izanen duten agintari europar berriek: Erresuma Batuak Europar Batasuna uzteko urriaren 31ko datari tinko eutsi adostutakoa batere berrikusi gabe ala malgutasun handiagoa eskaini epea luzatuz edo ateratzeko akordioa bere osotasunean birnegoziatuz?
Haien arteko harremanarekiko deserosotasuna oinarri, Erresuma Batuak zein Europar Batasunak soberako zurruntasuna erakutsi dute orain arte; ondorioz, bideragarriak diren akordioetara iristeko duten ezgaitasuna agerian geratu da. Ito-puntuan daude. Epe luzera begiratuta, larriagoa dena: zer-nolako auzotasun harremanak eraiki nahi dituzte eta horretarako zein engaiamendu hartu eta zein lagatze egiteko prest daude? Funtsean, horrenbertze itzuli-mitzulik norabiderik eza erakusten dute bi aldeetan; eta bitartean, denbora aitzin doa.
Urriaren 31 da zirt edo zart egiteko epemuga. Aferak dauden bezala egonda, ironikoki pentsa liteke ez dela kasualitatea izan dataren hautaketa: izan ere, badirudi ordurako agintari europarrek Halloweeneko haurren «trick or treat» («ziria ala saria») formulan kateaturik segituko dutela.