kultura
Emazte madarikatuak
Joana Ibargarai
Pablo Aguero argentinarra 2006an egin zen ezagun, Primera nieve film laburrarekin (Lehen elurra), eta hainbat sari jaso zituen Eva no duerme (2015, Evak ez du lo egiten) eta Madres de los dioses (2015, Jainkoen amak) film luzeekin. Orain arte Argentinan lan egin izan du, baina aldi honetan Euskal Herria hautatu du, XVII. mendeko gertakari bat oroitarazteko. 2020an estreinatuko duen Akelarre obra ekoizteko, Euskal Herriko La Fidele eta Sorgin Films ekoiztetxeekin ari da lanean, eta Marseillako (Frantzia) Tita Productions enpresarekin.
Sei emazteren arteko laguntasuna agertzen da Akelarre-n, zeinetan Amaia, protagonista, askatasunaren alde borrokatuko baita. Oihaneko besta batetik itzultzean, Bordeleko epaile batek Amaia eta haren lagunak sorginak izateagatik salatuko ditu. Seiak auzipetuak beren burua salbatu nahian dabiltza film osoan. Amaia Aberasturik (Zigortzaileak, 2009; Umezurtzak, 2013; Vitoria 3 de marzo, 2017) du Amaiaren rola antzezten, eta Garazi Urkola, Irati Saez de Urabain, Jone Laspiur, Lorea Ibarra eta Yune Nogueiras aktoreek egiten dituzte beste bost sorginen rolak. Aberasturik azaldu du film osoan «ihesaldi» bat bizi dutela sei lagunek.
Beraz, Akelarre-k XVII. mendeko drama historiko bat «leialki» kontatzen du, zeinetan Pierre de Lancre magistratu frantziarrak (Bordele, 1553-Paris, 1631) sorgin ehiza bat egin baitzuen Lapurdin. Erregeak agindurik, De Lancre epaileak sorginkeria ikertu zuen Lapurdin, 1609an. Helburua «herria purifikatzea» zuen, «demonioen menpe zeuden sorgin guziak garbituz». Hala, sorgin ehiztariak hainbat lagun salatu, torturarazi eta hilarazi zituen. 1612an argitaratutako Aingeru txarren eta demonioen aldakortasuna izeneko liburuan, sorginen kontrako tesia luze eta zabal azaldu zuen, gizartearentzat haien garbitzea «beharrezkoa» zela aldarrikatuz.
Agueroren filmean, Alex Brendemuhl aktoreak (Bartzelona, 1972) du Pierre de Lancre epailearen rola jokatzen. Nahiz eta filmaren mezu nagusia «haren kontrako kritika bat» izan, jokalari katalanak azaltzen du pertsonaiaren arrazoinamendua ulertzeko eta defendatzeko «argumentuak xerkatu» behar dituela. «Bada zerbait interesgarri pertsonaia horretan, beste genozidioekin egin daitekeelako paralelismoa; beti gezurretan eta asmakuntzetan oinarriturik diren seinaleengatik justifikatzen dituzte horrelako ekintzak».
Gainera, Pablo Aguero zuzendariaren ustez, usaiako filmek «inkisidorearen tesia berresten» dute, haiek idatzitako testuak errealitatea balira bezala. Hemengo biztanleak «ezjakinak» bezala erakusten zirela gehitu du, eta kanpokoak aldiz «arrazoia zuten zibilizatzaile gisa». Aguerok uste du ez zela erakusten kanpoko jendea etorri zela errepresioa baliatuz. «Hizkuntza baten debekatzera etorri ziren, satanikoa zela pentsatuz. Kultura baten zapaltzera etorri ziren».
Egoera horren erakusle, euskara eta gaztelania baliatzen dituzte Akelarre-n. Aberasturik azaltzen duenez, herriko emazteen artean euskaraz ari dira, baina epailearekin eta boterea irudikatzen duten gizonekin, gaztelaniaz.
Atzo eta gaur
XVII. mendeko gertakari horretaz baliatu da Aguero «gaurko egoeraz mintzatzeko». Haren ustez, iraganari begiratzea «garrantzitsua» da ulertzeko gaur nola pentsatzen den eta emazteek duten tokia nola «naturalizatu» den. Badira hamar urte Aguerok film horren egiteko gogoa zuela, baina garaian ekoizle guztientzat «pentsaezina» zela azpimarratzen du. Filma finantzatzeko urteak behar izan ditu, eta anartean «aktualitateak harrapatu» duela erran du, 2016an gizartea «iratzarri» baita bat-batean, #MeToo eta halako mugimenduekin.
Hain zuzen ere, Aberasturik gaurkotasuna ikusten dio filmatzen ari direnari; ustez sorginak diren horiek «injustizia bat» jasan zutela erran du. Aberasturiren iritziz, oraindik injustizia «asko» daude emazte izateagatik, eta filmak kontatzen du nola sorginkeria eta horren inguruko guztia «asmakuntza» bat baizik ez ziren: «Azkenean, emazte normalak ziren, eta haien atzetik ibili ziren inkisidoreak, auskalo zergatik, eta gaur egun ere emakumeak bagaude injustizia asko jasaten».