astekaria 2019/06/07
arrowItzuli

iritzia

Mintzomatxismoak

Xabier Paya Ruiz

Mintzomatxismoak Xabier Paya Ruiz

Duela zenbait hilabete, urtearen hasiera samarrean, lagun batek eskatu zidan euskal hiztunok sistematikoki jasaten ditugun erdeinu, gutxiespen eta keinu gaitzesgarrien multzoa izendatzeko hitzen bat sor nezala, Euskadi Irratian duela zenbait urte egiten nuen «berba zaharrak eta hizperriak» kolaborazioa gogoan.

Hasieran pentsatu nuen badela termino bat hizkuntzekiko beldurra adierazteko, hau da, «glotofobia», abiapuntu gisa balia nezakeena... baina, egunak etorri, egunak joan, udaberriak ekarri zidan berba zehatz batez erditzeko inspirazioa: «mintzomatxismoak».

Luis Bonino Mendez psikologoak dioenez, mikromatxismoak dira gizonen nagusitasunari eusteko erabiltzen diren esaera eta ekintza sotilak, emakumeen autonomiaren aurka egiten dutenak hainbat aldetatik. Paralelismoari jarraiki, mintzomatxismoak dira hizkuntza handiaren nagusitasunari eusteko erabiltzen diren esaera eta ekintza sotilak, hizkuntza txikien autonomiaren aurka egiten dutenak hainbat aldetatik.

Mikromatxismo ezagunak dira gizon batek emakume bati behar ez duen azalpena ematea (mansplaining ingelesez, euskaraz arzalpena, Estitxu Garai Artetxek ederki ekarria), gizonak abizenekin eta emakumeak izenekin aipatzea, emakumeei beti tragoa ordaintzea, pardelak aldatzeko tokia emakumeen komunean baino ez egotea, edo emakume bati galdetzea nola uztartzen dituen lana eta etxeko zereginak, besteak beste.

Mintzomatxismo ezagunak ere badira: talde batean euskaraz ez dakien pertsona bakarrarengatik hizketan gaztelaniaz edo frantsesez egin beharra, adibidez, hizkuntza handien zapalkuntza ahalbidetzeko teknika eraginkorra da, hizkuntza txikien hiztunak hizkuntza edo edukazioa galtzearen arteko dilema estresatuan jarrarazten dituena. Mintzomatxismoak dira Pinturas Margoak edo Montajes Muntaketak bezalako enpresen izenak, euskara marketin kosmetikora murrizten dutenak (nola esango dituzten izenok euskaraz, Margoak margoak?). Mintzomatxismo gutxiesle ohikoa da euskaldun bati galdetzea zer esan nahi duen bere izenak, bakero batek Zezen Eseriri galdetuko liokeen bezalaxe. Galdera hori kanpotarrengandik etortzen zaigu askotan, eta, agian, ohitura horren ondorioz, mintzomatxismo arrunta da kanpotar itxura dutenei euskaraz ez egitea, hizkuntza jakiteko eskubidearen zalantza kenduz. Izan ere, emakume matxistak existitzen diren bezala, badira hizkuntza txikien hiztun mintzomatxistak ere, ingurune jakinetan saiakerarik egin gabe hizkuntza aldatzen dutenak, euskarak gaztelaniak edo frantsesak adina balio ez dutela uste dutenak, edo euskal herritar batzuek euskaraz ez jakitea zilegi ikusten dutenak.

Mikromatxismo hedatuak dira emakumeak ia larru bizitan eta gizonak tapa-tapa eginda erakusten dituzten iragarkiak. Era bertsuan, euskaraz pentsatu gabeko edo euskara jazarritako iragarkiak ere mintzomatxistak dira («Atsedenik ez drogarik gabe» zioen hura ororen buru), baita itzulpen automatiko zakarrak eta zabarrak erabiltzen dituzten prentsa-ohar, webgune eta abarrak. Eta ikurretan emakumea gonarekin eta haur jaioberrien ondoan irudikatzea mikromatxista den bezala (egia esan, mikro hori makro samarra da batzuetan), Euskal Herrian euskara paisaia linguistikotik ezabatzen duten errotuluak ezin mintzomatxistagoak dira.

Mikromatxismoen sendabidea ezaguna da: lehenbizi, gizonok isildu beharra dugu, emakumeen ahotsa gehiago entzun dadin; bigarrenik, parekidetasunaren aldeko esaldi eta ekintza sotilak jarri behar ditugu aurreko desegokien tokian. Bada, hizkuntzaren kasuan, tratamendua antzekoa da: hizkuntza handiek isildu beharra dute lehenbizi, txikiei mintzatzen utziz, eta, ondoren, guztien parekidetasunaren bilaketa amaigabeari heltzeko konpromisoa hartu beharra dago, «glotofeminismoaren» bidean.

BERRIAn argitaratua (2019/06/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA