gizartea
Mugimenduak gelditutakoa
Ibai Maruri Bilbao
1972an hasi zen Iberduero argindar konpainia -egungo Iberdrola- erreaktore biko zentrala eraikitzen. Gaur egun, leku hori Lemoizen parte da, baina, garai hartan, Basorda ingurua Mungia zen. «Proiektuak Mungiako Udalaren hiri ordenamendu plana urratzen zuen, eta udalak protesta egin zuen. Baina frankismo garaia zen, eta aurrera egin zuten, orduan haiek baitziren legea», gogoratu du Martin Anso Eguzki talde ekologistako kideak. Lemoizen hasi, eta Ispasterren (Bizkaia), Deban (Gipuzkoa) eta Tuteran (Nafarroa) beste zentral bana eraikitzeko baimena eskatu zuen Iberduerok. Tuterakoak erreaktore bakarra zuen; besteek, bi. «Berehala hasi zen herritarren erantzuna. Ordura arte inoiz ezagutu gabeko mobilizazioak izan ziren», azpimarratu du Ansok. «Beste faktore batzuk ere egon ziren: ETAk oso gogor jo zuen; konpainia elektrikoak zorpetuta zeuden; PSOEk iragarritako atzerapena zentralak erreskatatzeko izan zen. Proiektua bertan behera geratzea hainbat faktorek eragin zuten, bai, baina herri mugimendua erabakigarria izan zen».
Zentrala eraikitzeko obrak abiadura bizian hasi ziren. Tarte batzuetan, epeak aurreratuta. Irudian, 1976ko egoera. BERRIA
Estebaranzek bi etapa bereizi ditu. 1975etik 1979ra artekoa izan zen lehena: «Aurretik saio batzuk egon ziren, baina urte horietan hartu zuen indarra herritarren mobilizazioak. Proiektuen inguruan bizi zirenek abiatu zuten. Azpiegitura jakin horien kontrako mugimendua izan zen. Bertan behera uztea zen aldarrikapen bakarra». Garai hartakoak dira manifestaziorik jendetsuenak. Orduan hasi zen energia nuklearraren aurkako mugimendua ere. 1979-1980tik aurrera, beste belaunaldi batek hartu zuen lidergoa. «Ikuspegi antikapitalista batetik, nuklearren aurkako komiteak kritikatzen hasi ziren nuklearrak ereduaren ardatz zireneko gizartea. Bigarren etapa hori ez zen hain jendetsua izan mobilizazioei dagokienez, baina bai sakonagoa politikoki eta irudimentsuagoa protestetan». Orduan sortu zen gaur egunera iritsi den mugimendu ekologista.
Mobilizazioen parte izan zen indarkeria ere. «Garai hartako talde armatuek gatazkan parte hartu zuten», gogoratu du Estebaranzek. ETA militarra, ETA politiko-militarra eta komando autonomoak aipatu ditu, besteak beste. «Indarkeria hori gogorra izan zen. Adibidez, ingeniari buru bien hilketa oso latza izan zen. Baina ez zen indarkeria bakarra, eta ez nuke esango hori bakarrik izan zenik erabakigarria». Kaleko indarkeria azpimarratu du; kasurako, Iberdueroren bulegoen aurkakoa, baita langileen sabotajeak ere. «1978an, erreaktorearen aurkako ekintza bat egon zen, langileetako batzuek egindakoa. Bi urte behar izan zituzten konpondu eta uranioa jasotzeko prest jartzeko. Langile asko zeuden aurka». Estebaranzek uste du bigarren ildo hori «oso erabakigarria» izan zela Lemoizko proiektua gelditzeko erabakia hartzeko orduan. «Herriak aurkako jarrera sendoena erakutsi zion zentrala zen».
Zentraleko material berreziak Santanderko Estudios Nucleares S.A. enpresatik ekarri zituzten Lemoizera. BERRIA.
Euskal Herrian egingo ziren beste hiru zentralen proiektuak 1970eko hamarkadarako baztertuta zeuden. Lemoizekin, ordea, aurrera jarraitzeko asmoa zuten. Espainiako Gobernuak beste zentral batzuk ere bazituen baimenduta Euskal Herritik kanpo. Eta, atzeraldi bat onartu arren, martxan ipini zituzten ondoren, ordurako eginda zeudelako. Are gehiago: 1986an, Txernobylgo zentralean (egun, Ukraina; garai hartan, Sobietar Batasuna) izandako istripuaren ondoren ere, Espainiako Gobernuak beste zentral bat egiteko baimena eman zuen. Beraz, Estebaranzen ustean, aurretik izandako beste istripu batzuek ere ez zuten aparteko eraginik izan gobernuaren erabakian. Lemoiz da mobilizazioek gelditu zuten proiektu bakarra.
«Aurki», Jaurlaritzarena
Gaur egun, Espainiako Gobernuarenak dira zentrala eta hura dagoen orubea. 2017an, PPren gobernuak eta EAJk Espainiako aurrekontuak adostu zituzten. Jeltzaleen babesaren truke, PPk hainbat baldintza onartu zituen: besteak beste, adostu zuten Lemoizko zentrala Eusko Jaurlaritzaren eskuetara igaroko zela ahalik eta lasterren. Zentsura mozioa etorri zen gero, gobernu aldaketa, hauteskundeak bata bestearen atzetik... Oraindik egin gabe dago jabego aldaketa hori. Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak BERRIAri esan dionez, «aurki» egingo den esperantza dute. Espero dute Espainian gobernu berria osatzen denean egingo dela urrats hori.
Prozesu hori kritikatu egin du Ansok. «Hori adostu zutenean, lurrak oraindik Iberdrolarenak ziren. Estatuari eman behar izan zizkion, eta, gero, hark tramitazioa egin behar du euskal erakundeen esku uzteko. Prozesu horrekin ez gatoz bat. Iberdrolak badu erantzukizun bat, eta, horregatik, dirua jarri behar zukeen ingurua lehengoratzen laguntzeko. Baina dirurik jarri gabe alde egiten utzi diote». Eguzkiko kideek Espainiako Gobernura jo zuten azalpen eske, eta erantzun zien Iberdrolak «inolako kargarik gabe» utzi zuela jabegoa, «Eusko Jaurlaritzak ingurua dagoenean uzteko asmoa duelako». Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak, ordea, jadanik iragarria du arrain haztegi bihurtu nahi duela. BERRIAk egunotan galdetu dio asmo horrekin jarraitzen ote duen, eta baietz erantzun du. Baina ez du azalpen gehiagorik eman nahi, ez behintzat jabegoa eskuratu arte.
Hainbat atentatu izan ziren. Irudian, Angel Pascual Mugika ETAk hildako ingeniari buruaren autoa, tiroketaren ostean. BERRIA.
Anso ez dago haztegiaren kontra; uste du badagoela horretarako lekua, baita foru hauteskunde kanpainan PPk proposatutako energia berriztagarrien inguruko azpiegitura bihurtzeko ere. «Bi aukeren artean, sakon ezagutu gabe, seguruenik egokiagoa izango litzateke energia berriztagarriena. Baina orain ez da hori lehentasuna». Eguzkik hiru aldarrikapen ditu: ingurua lehengoratzea, publiko bihurtzea eta ados jartzea. «Gure ustez, Lemoizen edozer gauza egingo dela ere, historiarekin koherente izan behar du. Basordako kala lehengoratu egin beharko litzateke. Parke publiko bat eskatzen dugu, erabilera publikoa izango duena, eta memoriak lekua izango duena. Eta erabakia ezin da aldebakarrekoa izan. Hortik aurrera, beste edozer egin daiteke, adostuz gero. Leku asko dago zentralean».
Ansok azpimarratu du lursaila publikoa dela, eta herritarrek «garesti» ordaindu dutela. Izan ere, Espainiak argindar konpainiekiko «zorra» aitortu zuen atzerapenean: «Zentralak ez egiteak eragingo zien diru sarrera galeraren ordaina». «1996 eta 2015 bitartean, gainprezio bat ordaindu dugu Iberdrolaren fakturetan. Guztira ia 6.000 milioi euro izan dira. Jaurlaritzak hori kontuan hartu beharko luke». Estebaranzek uste du zentralak ikur izaten jarraitu behar duela: « Frogatzen du herri mugimendu buruargiak kapitalismoaren zentzugabekeriak geldi ditzakeela».
Basorda ingurua erabat aldatu zuten. Itsasoko eta inguruko erreketako ura erabiliko zuen zentralak. Besteak beste, urtegi bat eraiki zuten handik gertu. Luis Jauregialtzo / Foku.
Zentrala ia prest zegoen lanean hasteko. Irudian, kontrol mahaia. L. Jauregialtzo / Foku.