astekaria 2016/02/05
arrowItzuli

mundua

Antidotoa: abstinentzia

Amagoia Mujika Tolaretxipi

Antidotoa: abstinentzia

Emakumeen giza eskubideak ez daude Latinoamerikako politikari gehienen gai zerrendan: oro har, ezkerrekoetan emakumeen eskubideak elizen boterearekin trukatzeko txanpon bilakatzen dira, eta eskuinekoetan emakumea ezerezten dute konbikzioz. Hori azaltzeko adibide argienak dira herrialdeetan dituzten abortu legeak, eta Zika birusaren hedatzearen aurrean haurdun diren emakumeei emandako erantzunak. Hainbat gobernuk eman dute birusari aurre egiteko erremedioa: haurdunaldiak atzeratzea. Ohiko egoera batean halabeharrez urtean milioika abortu klandestino eta milaka heriotza gertatzen diren herrietan biztanleriaren erdia ezereztearen isla da gobernuek proposatzen dutena.

Brasilek eta Kolonbiak, adibidez, uztailera arte haurdun ez geratzeko aholkatu dute; eta muturrera joanda, El Salvadorrek, 2018ra arte. «Ea, jaunok, nola azalduko dizuet erridikulua dela diozuena?». Egoera absurdoek eragiten duten barrearekin egin du galdera Lilian Abracinskasek (Montevideo, Uruguai, 1959). Uruguaiko Emakumea eta Osasuna erakundeko zuzendaria da, eta Latinoamerikako Segurtasun gabeko Abortuen Aurkako Partzuergoko kidea.

Partzuergoa sare zabal bat da, non hiru arlo elkartzen dituzten: kalean ikusten dutena jasotzen dute, ikerketak egiten dituzte, eta ikerketan ateratakoa oinarri hartuta saiatzen dira proposamenen bidez edozein zirrikitu baliatzen egoera hobetzeko. Ondotxo daki zikari aurre egiteko abstinentzia baino zerbait gehiago proposatu beharko dutela gobernuek.

«Horrenbeste ume mikrozefaliarekin jaiotzeak eta zikarekin harremana duela jakiteak agerian utzi ditu sistemak dauzkan inkoherentziak eta sortzen dituen injustizia egoerak. Eta egoera erabat absurdoak. Haurdun ez geratzeko esateraino!». Zikarenak azpiratua den eztabaida mahai gainean jarriko duela espero du. «Dagoeneko egiten ari direna azkartzeko balioko al du? Eskualdeetako hainbat herritan ikusten ari dira hainbat aukera legearen barruan. Txile orain eztabaidatzen ari da legea —erabat debekatua dago—; Argentinak urteak daramatza, baina ez du gauzatzea lortzen, eta Erdialdeko Amerika da konplexuena, baina arazoa Brasili lehertu zaio».

Brasilen lehertu da

4.000 ume jaio berri dira mikrozefaliak jota, baina OME Osasunaren Munduko Erakundeak ohartarazi du epidemia hasi besterik ez dela egin. Brasilen abortua zilegi zen bortxaketagatik edo emakumearen bizitza arriskuan egoteagatik, eta eztabaida luze baten ondoren onartu zuten anentzefaliagatik onartzea, asko jota egun gutxi batzuk bizitzen baitira anentzefalia duten umeak. Zikak, ordea, mikrozefalia eragiten du, eta umeek, gabezia askorekin jaiota ere, bizitzeko aukerak izaten dituzte. Horra hor gakoa. Brasilen legea aldatu ezean, zikak jotako emakume haurdunek aurrera egin beharko dute, edo legez kanpo abortatu.

Tipifikatuak ez dauden kasuetan, Brasilgo zigor kodeak delitu larritzat dauka abortua, eta horrek klandestinitatean abortatzera daramatza emakumeak: urtean 500.000 eta milioi baten artean kokatzen dituzte ekintzaileek kopuruak. Brasilgo Gobernua, oraingoz, zikari aurre egiteko bitartekoetan dabil: 220.000 militar jarri ditu xomorroak deuseztatzeko, hedatzeko arrisku gehien dituen lekuetan; gizarte laguntzak jasotzen dituzten 400.000 emakume haurduni eltxoak uxatzeko produktuak banatu dizkiete, eta, haurdunaldiak atzeratzea proposatu diete andreei.

Kolonbian ere —oraingoz, zikak gehien eragin duen bigarren herrian— , sei eta zortzi hilabetean ez haurdun geratzeko gomendioa egin dute, baina urrats bat egin dute aurrera. Haurdun dauden 560 emakumek dute dagoeneko birusa, eta, Alejandro Gaviria Uribe Osasun Ministroak nabarmendu du zika duten emakumeek aborta dezaketela.

Kolonbiako Legea 1985eko Espainiako legearen antzekoa da, eta zikaren kasuan ez dago argi zein kausatan sartu behar den, baina Monica Roa abokatu kolonbiarraren ustez (Bogota, Kolonbia, 1976), emakumearen bizitza arriskuan jarri edota osasun fisikoan edo burukoan eragin diezaiokeela dioen kausan sartu beharko litzateke: «Emakumeek ez lukete itxoin behar malformazio fetal bat diagnostikatu arte, abortatzeko eskaera egin dezakete birusaren berri jakin eta berehala». Women's Link Worldwid-eko presidenteorde ere bada Roa, emakumeen eta nesken eskubideak defendatzen dituzten gobernuz kanpoko erakundekoa. Auzibidean jarri zuen Kolonbiako Estatua legeak aurreikusten dituen kausetarako zerbitzuak jartzen ez zituelako, emakumeek informazio nahikorik ez, eta mediku askok ez baitute behar besteko zerbitzurik ematen. Auzia irabazi egin zuen Roak.

Informaziorik ez

Horixe da, orain ere, Roaren kezkarik handienetakoa: «Ministroak jarrera argia dauka, baina argitasun hori ez dute Kolonbiako eskualdeetako osasun idazkariek. Haiek eman behar diete informazioa arrisku gehien duten emakumeei: bai zikari buruz, bai seguruak ez diren haurdunaldiei buruz, eta baita abortatzeko aukerari buruz ere. Baina emakumeek ez dute informaziorik, eta, askotan, osasun idazkariek ere ez dute informaziorik, edo ez dute eman nahi».

Latinoamerikan abortua erabat debekatua ez dagoen herrialde guztietan errepikatzen dira oztopoak legezko kausetan ere abortatzeko, Lilian Abracinskasek dioenez: «Legeak aldatzeko botere politikoarekin dago borroka, baina legea aldatu ondoren medikuen boterearekin egiten dute topo emakume askok. Medikuaren sentsibilitatearen arabera izaten da, kontzientzia eragozpen askatasunaren araberakoa, emakumearen balioaz daukan kontzepzioaren araberakoa, eta ume bat heztea zer den ez dakiten moralista askoren araberakoa».

Elizaren boterea

Elizaren esanetara bizi da gizartea, batez ere eremu pobreenetan. Katolikoen %40 bizi dira Latinoamerikan, eta Eliza ebanjelikoak gogor jo du eremua azkenaldian. Amatasunagatik heriotza tasarik handienetakoa duen eremua ere bada; indarkeria matxista tipifikatu gabea gizonen eskubide bat den lekua, eta bortxaketak eguneroko ogia, baita haiek eragindako haurdunaldiak ere, eta amatasuna testuinguru gogor horretan bizi dute Latinoamerikan. «Abortuaren gaiari beti lotuta joan zaio injustizia soziala. Dirua, baita ondasun material eta sinbolikoak ere. Hemen ikusi duguna da eremu pobreenetan, hezkuntza gutxien dagoen lekuetan, eragin handiena dutela Elizaren-eta talde fanatikoek. Emakumeei sineskera horiek inposatzen dizkiete, eta azkenean beren ikuskera bilakatzen da: garrantzitsuena da umeak heztea, eta amaren bizitzak ez du axolarik. Eliza egunero dute hori gogorarazteko, eta, hortik ateratzen bada, bere ingurunearen kondena dauka; familiatik bertatik hasten da kondena».

Erdialdeko Amerikaren egoera da denetan zaurgarriena, Lilian Abrazinskarentzat: «Bortxaketak zorte txarreko gertakaritzat jotzen dituzte, eta haren ondorioz sortutako haurdunaldiak istriputzat». Finean, emakumearen bizitzak ez du inporta, «jainkoaren graziaz ama edozein egoeratan izateko jaioa dela pentsatzen bada».

Abortu bakoitzak du bere istorioa, eta horiek guztiak azaleratu behar direla uste du, baina nabarmentzekoak iruditzen zaizkio zenbait kasu egoeraren dimentsioaz jabetzeko: «Umeak dauzkagu, haurdun geratu eta leuzemia edo beste gaixotasun larri batzuk izan arren, abortatu ezin dutenak; milaka haur eta emakume bortxatu dauzkagu haurdunaldiarekin jarraitu behar dutenak».

Honela dio, adibidez, Hondurasko Konstituzioan jasotzen denak: «Abortua gizaki baten heriotza da, haurdunaldiaren edozein momentutan edo erditzeko prozesu osoan. Nahita abortua egiten duenari zigorra ezarriko zaio». Beste horrenbeste El Salvadorko eta Nikaraguakoan. El Salvadorren hamazazpi emakume espetxean dira, batzuk 30 urte arteko kartzela zigorra betetzen, umea edukitzera zihoazela beren borondatearen kontra abortatzeagatik. Denak dira gazteak, pobreak, eta ez zuten osasun zerbitzuez baliatzerik izan.

Uruguai beste aldean dago. Abortua zilegi da. Baina hor ere letra txikia irakurri behar dela uste du Abracinskasek: «Haurdunaldiaren lehen hamabi astean zilegi da abortatzea, baina zer gertatuko litzateke epe hori pasatuta daukan norbaiti zika diagnostikatuko balitzaio? Eztabaida ez litzateke faltako».

Antisorgailuen beharra

Egoera larria da, eta egoerak erantzun berehalakoa behar du, Monica Roaren ustez. Ugalketa osasuntsurako antisorgailuen plangintza bati eraginkorrago deritzo, haurdunaldia atzeratzeko gobernuek egiten dituzten gomendioei baino: «Nola egin bestela haurdunaldien %52 planifikaturik ez dauden herrian, non-eta indarkeria sexualaren kasuak oso handiak diren? Plan bat behar da emakumeek tresnak izan ditzaten eta atzera dezaten haurdunaldia».

Ugalketarako plangintzarekin lotuta, Lilian Abracinskasentzat, ezin da ahaztu Latinoamerikan azken urteotan gertatzen ari den fenomeno isildua: trantsizio demografikoa. «Andrea lan merkatura atera eta bizitzaren beste proiekzio bat egiten ari da; ezin du lan egin, eta aldi berean zapi ume izan: zazpi edo zortzi ume izateari utzi, eta bi izaten ari dira, eta horrek, zoritxarrez, ez du prebentzio politikekin eta antisorgailuen erabilerarekin zerikusi zuzenik. Agerikoa da, ugalkortasun erregulazioa badago, abortua bitartekoetako bat da. Hori da adierazle bat esateko abortu kopuruak oso garrantzitsuak direla».

Abracinskas eta Roa bat datoz horrelako egoera ezkorretatik beti ateratzen dela zerbait ona. Ikusezina dena ikusgarri bilakatzeko besterik ez bada.

BERRIAn argitaratua (2016/01/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA