astekaria 2019/06/07
arrowItzuli

gizartea

Etorkizuneko zimendua jartzen

Garikoitz Goikoetxea

Etorkizuneko zimendua jartzen

Nola uztartu berrikuntza eta egonkortasuna, aldaketa eta sendotasuna. Datozen urteetako bideari buruz gogoeta zabal bat martxan jarri du BERRIAk. Hamabosgarren urteurrena izan zuen iaz, eta etorkizuna bermatzeko erronka ipini zuen lehentasun. Zimenduak jartzen ari dira. Batetik, etxe barruan lantzen ari dira BERRIAk datozen urteetan zer aldaketa egin behar dituen eskaintzan eta funtzionamenduan. Bestetik, babesa sendotzen ari da: bai BERRIAlagunena, bai erakundeena. Norabide hori sakontzea izango du erronka orain, Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko lehendakariaren esanetan: «Horixe da gure erronka: indarrak batzea eta kohesionatzea».

Akziodunen urteko batzarra egin zuen BERRIA Taldeak atzo, Martin Ugalde kultur parkean, Andoainen (Gipuzkoa). Iazko diru kontuen berri eman zuten bilkuran. Goraldia ageri da datuetan: diru sarrerek gora egin dute, batik bat publizitatean izandako igoeragatik eta BERRIAlagunen ekarpenagatik. Papereko egunkarien salmentak, berriz, ez du norabide hori hartu, nahiz eta aurreko urteetan baino leunagoa den galera.

Ohiko egunkarien kontsumoan aldaketa handia izan da urteotan, eta Internet ari da zentraltasuna hartzen. Horrek zabalkunde handiagoa ekarri dio BERRIAri, jende gehiagorengana heltzea, baina diru sarrerak eskuratzeko zailtasuna dauka Internetek oraingoz. Komunitatea ari da eusten, inoiz baino gehiago: ia 15.000 BERRIAlagun ari dira proiektuari ekarpena egiten. Oinarri sendoa da, baina ezinbestekoa da hori hedatzea.

Erakundeen esparruan emandako pausoa da beste berritasuna. 2016an diru laguntzen sistema aldatu egin zuen Eusko Jaurlaritzak, aurreko taldeak, eta BERRIAk inoiz baino babes txikiagoa jaso zuen. Gobernu aldaketarekin, gogoeta bide bat egin dute erakundeek eta hedabideek, eta beste eredu bat adostu: kostu estandarrak izango ditu oinarri, eta instituzioek hedabideen kostuaren zati bat estaliko dute laguntzen bidez. Urtean 2,3 milioi euro jasoko ditu BERRIAk.

Gogoetaren oinarriak

Urrats garrantzitsuak dira, baina sakondu beharrekoak. Bada urte eta erdi BERRIAn etorkizunari buruzko gogoeta abiatu zutela: datozen urteetarako plan estrategiko bat ontzen ari dira. «Jauzi bat» egitea da helburua: erreferentzialtasuna areagotzea, eta horrela irakurle eta laguntzaile gehiago lortzea. Hots, hilabeteotako urratsak sakontzea, etorkizuna bermatzeko are babes handiagoa behar baitu BERRIAren egitasmoak.

Salto hori egiteko, hiru oinarri aipatu dituzte. Batetik, komunitatea: BERRIAk sorreratik izan du herritarren babesa, «herritik sortutako proiektua» baita, eta hori sendotu nahi dute komunikabideen aldaketa garaiotan. Bestetik, lantaldea: baldintza gogorretan aritu dira, urteetan soldata izoztuta eta jaitsita. Egonkortasuna lortzeko urratsek bide eman dute lan baldintzetan aldaketak egiten hasteko. Soldatak gaurkotzea adostu dute, hamar urtean lehen aldiz. Igo egingo dituzte, nahiz eta oraindik komunikabideetako batez besteko lansarien azpitik egon.

Hirugarren oinarritzat hartzaileak jarri dituzte, «Euskal Herria egiten eta birsortzen» ari diren herritarrak eta eragileak. BERRIAk ere izaera hori du, Zabalondo lehendakariaren hitzetan: «Proiektu hau ez da gutxi batzuona, Euskal Herriarena da: herriari zor zaio eta herriarentzat da». Ohartarazi du globalizazio garaiotan «erronka handiak» dituela Euskal Herriak, eta BERRIAk baduela zer egina. «Proiektu hau behar-beharrezkoa dugu etorkizunean ere euskaldunok geure tokia izan dezagun munduan. Horregatik lagundu eta sendotu behar da».

Elkarlanaren garrantzia

Erronka horiei erantzuteko, lankidetzaren bidea jorratu behar da, BERRIA Taldeko lehendakariaren esanetan. Ohartarazi du mugak agerikoak direla —«geografia, biztanle kopurua, euskaldun kopurua, irakurle kopurua...»—, eta elkarlanean aritu behar dela horiek gainditzeko. «Bakanduta ez dago aurrerabiderik». Elkarlana areagotzeko lau ardatz aipatu ditu: euskarazko hedabideak, euskalgintza, instituzioak eta askotariko sektoreak —kultura, hezkuntza, enpresa arloa...—. «Banako ale atomizatuak batuta, biderkatzaile den indarra era daiteke». Indarrak batzeko garaia dela nabarmendu du Zabalondok, bideak elkartzekoa. «Denok irabazteko».

BERRIAn argitaratua (2019/06/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA