astekaria 2019/06/07
arrowItzuli

bizigiro

Errautsetatik hodeietara

Izaro Zinkunegi Barandiaran

Errautsetatik hodeietara

M.Lehanneur
Sugarrei gorazarre

Lehen zen bezalakoa berreraiki ala eguneratu; eztabaida ugari piztu dituzte Notre Dame katedralaren berreraikitze lanek. Eztabaida horien erdian, Mathieu Lehanneur diseinatzaile frantziarrak eraikin gotikoaren orratza suaren itxurarekin eraberritzeko proiektua plazaratu du. Diseinatzaileak adierazi duenez, sutea irudikatzeko modu bat izango litzateke. Beraz, Lehanneurren proiektuan, katedralak erre zen egunean -apirilaren 15ean- zuen itxura izango luke; ez lehengoa, ezta eguneratua ere.

Mundua begira jarri zuen irudi hura ez ezik, diseinatzailearen beraren Fireplace obra ere badu abiapuntu proposamenak; hain zuzen, forma bereko tamaina txikiagoko obra bat da aipatutakoa. Notre Damekoa laba harriarekin egingo litzateke, eta urre koloreko orriekin estali. Oraingoz ez dago argi barruan zer izango lukeen.



Sebastian Errazuriz
Suziri bat, guztien aurka

«Hau ez da Notre Dame berreraikitzeko egiazko proposamen bat»: hori esanez hasten da Sebastian Errazuriz diseinatzaile txiletarrak zabaldutako deia. Irudian ikusten den moduan, hegan abiatzera doan suziri batek ordezkatzen du katedralaren orratza. Artistak argi esan du: «Ikusleen pazientzia bukatzeko egindako obra bat da». Notre Dameren sabaiak bere horretan geratu beharko lukeela uste du. «Erromak eta Greziak bezala, Frantziak ere bere historia besarkatu beharko luke, eta harro egon zauri berriaz». Aitzitik, Frantziako Senatuak aste honetan erabaki du katedralak sutearen aurreko itxura bera izan beharko duela. Nolanahi ere, Asanblea Nazionalaren erabakiak eragina izango du legea onartzerakoan.


Ulf Mejergren Architects
Hausnartzeko igerilekua

Suediako Ulf Mejergren Architects arkitekto estudioak Notre Dame katedralaren sabaian estali gabeko igerileku bat egiteko proiektua plazaratu du. Eraikin gotikoa gogoetarako espazio publiko bihurtzea da haien asmoa. Horrez gain, Parisko ikuspegi paregabeak ere eskainiko lituzke igerilekuak, egileen iritziz.

Horretarako, suak suntsitutako katedraleko orratza eta teilatua berreraikitzea baztertu dute. Aldiz, alboetako kanpai dorreak, hegaletako zutabeak eta beirazko leihoa mantendu dituzte euren proposamenean. Horrela, gurutze forma izango luke igerilekuak. Eta aurreikusi dute sutearen aurretik katedralaren sabaian zeuden hamabi apostoluak igerilekuaren ertzetan jartzea, zaindari modura. Zaharberritze lanak egiten hasi aurretik kendu zituzten apostoluak, eta ez zituen suteak kaltetu.




Who Cares?! Design
Quasimodoren ganbara

Austriako Who Cares?! Design arkitekto taldeak Notre Damen inguruan eraikitako kontakizun bat du abiapuntu: Victor Hugok idatzitako Parisko Andre Maria eleberriko protagonistarentzako luxuzko ganbara bat eraikitzea da haren asmoa. Sabaiko gurutzearen bi aldeetan estali gabeko lorategiak egitea proposatu du. Haietako batean, helikopteroek lur hartzeko gune bat aurreikusi dute. Bi kanpandorreen arteko espazioa, berriz, estalia izango litzateke. Hori litzateke Quasimodoren bizitokia, eta igerileku bat ere izango luke barrenean.



Studio NAB
Landareen eta erleen haztegia

Frantziako Studio NAB arkitekto estudioak ingurumena zaintzearen aldeko apustua jarri du mahai gainean Notre Dameren sabaia berreraikitzeko: landareentzako berotegi erraldoi bat egongo litzateke teilatuan. Eta orratzean erle haztegi bat jartzea da haren asmoa. Egileek azaldu dutenez, egungo egoera eta etorkizuna hartu dituzte kontuan; hain justu, klima aldaketaren gaia pil-pilean den garai honetan, bizitza eta biodibertsitatea zaintzea da haien xedea. Katedralaren goialdeak sutearen aurreko forma bera izango luke gutxi-asko, baina beirazkoa izango litzateke. Hamabi apostoluak berotegiko lorategian jarriko lituzkete.





BERRIAn argitaratua (2019/05/31)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA