astekaria 2019/05/31
arrowItzuli

iritzia

Berezkoa

Iñigo Aranbarri

Berezkoa Iñigo Aranbarri

Ostera ere munduko tokirik ederrena denen ahotan, kontu zatar hori hizpide. Pilotariena, ea harritu nauen. Ezetz. Harritu ez? Ez, hitza ez dela harritu. Amorrutik du gehiago; aspaldi onarturiko etsipenetik bestela, baina harridurarik ez. Eta hala da, whatsapp talde batean, libre eta gazte botatzeak neska pilotariek sukaldean behar dutela eta ez frontoian ez nau ezustean harrapatu. Halaxe. Ez ninduen ez gertaerak harritu eta are gutxiago barkamen eskeak. Trumoiaren osteko zaparrada bezain aurrez ikustekoa zen desenkusa: «gustu txarreko eta lekuz kanpoko txantxa bat», ez omen zen asmoa inor mintzea. Eta hahor guztiaren azalpena.

Izan ere, asmorik gabe min ematen duenak dena dio. Hasteko, ez bada joan inor mintzera, berezkoa duela horretarako abilidadea. Eta hori da larriena istorio honetan: ez dute sentitu inor mintzen ari direnik inguruan dagoelako antzeko txantxak egin eta lagun arteak txalotzea, emakumeak sukaldean ikusi dituztelako gizonek kirola egiten duten artean. Umeei ikasitako erantzuna dute defentsarako: hamaika aldiz entzun badugu horrelakorik, zergatik dago gaizki justu orain? Eta nahi gabe, oinez erakutsi dien gizartea ari dira salatzen.

Susmoa dut, azken beltzean, betiko eskeman gaudela harrapatuak. Munduan ibiltzeko era bi, aurrez aurre. Deitu nahi den bezala, naturala alde batean eta kulturala bestean. Berezkoa, jatorra, genitalitatea da, potroak eta potroetan jarritakoa oinarri, halaxe izan delako beti honetan zein beste arlo askotan. Berez etorri zaigu mundua horrela, ez gara produktu historiko bat. Kultura, aldiz, denok dakigu zer den: artifizialtasuna eta pedantekeria. Eta nekea, batez ere nekea. Hainbeste gauza ikasi beharra egunero, hainbeste galdera egin beharra norbere buruari. Etengabeko gimnasia hau, gure egunerokoa sustraietaraino erre dezakeen praktika gaiztoa.

Bi munduren arteko gerra da, eta ez dago begira egoterik.

BERRIAn argitaratua (2019/05/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA