politika
Txibiteren arrastoaren atzetik
Joxerra Senar
Maria Txibite PSNko idazkari nagusia harremanetan jarri da hiru alderdietako agintariekin, eta hitzorduak lotu dituzte. Asteazkenean, 13:00etan bilduko da Uxue Barkos eta Geroa Bairekin; ostegunean, 12:00etan Eduardo Santos eta Ahal Dugu-ko kideekin eta ostiralean, ordu berean, Ezkerrako ordezkaritzarekin.
Behin betiko emaitzak jakin ostean, laukoak, bloke moduan, hemeretzi parlamentari izango ditu, eskuineko koalizioak baino bat gutxiago. Azken zertzelada horrek Navarra Sumari zein PSNri abantaila taktikoa ematen badie ere, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak laukoaren indarra azpimarratu nahi izan zuen atzo, Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan. «Ematen du Maria Txibitek irabazi dituela hauteskundeak, baina 11 parlamentari ditu, eta laukoak, hemeretzi. Esparzak ezingo du gobernatu Maria Txibiteren babesik gabe».
Zalantzarik gabe, datozen asteetan, gurpil horren inguruan bira egingo du Nafarroako politikak, eta horri begira, lehenbailehen argitu beharreko zalantza da ea zer egingo duen alderdi sozialistak. Otegiren arabera, «PSOEk erregimenaren aldeko pausoa eman eta gobernua Navarra Sumari ematen badio, legealdi osoan egingo duenaren argibidea emango digu». Haren ustez, EH Bilduk oraindik ez du argitu Txibite inbestidura batera aurkeztekotan zer egin: «Ez dugu presidente egingo oraindik zer programa duen argi ez duen inor. Zer egin argitu beharko luke».
Horregatik, negoziazioari begira, PSNri behar baino indar handiagoa ez emateko, kanpainan elkarrekin jokatzeko aukera azpimarratu zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Egia da bigarren indar izateko lehian Alderdi Sozialista nagusitu dela, baina, aurreko legealdiarekin alderatuta, diferentzia handi bat dago: orduan Geroa Baik hartu zuen gidaritza, baina laukoak gehiengo osoa zuen; aldiz, PSNk planteatutako joko eremuan ez dago gehiengo osorik. EH Bilduren abstentzioa lortu nahi du, haiekin hitz erdi bat egin gabe. Horren jakitun, Otegik dei egin dio Barkosi laukoak bere gehiengoa baliatu dezan eta hautagaitza aurkeztu. «Ea zer egiten duen Txibitek», gaineratu du EH Bilduko buruzagiak.
Barkosen erantzuna Otegiri
Atzo, Uxue Barkosek Otegiri erantzun zion tankera horretako erabakiak «Geroa Bairi hartzea» dagozkiola. «Hirugarren indarra izanik eta egonkortasunik emango ez duen gehiengorik gabe, hautetsontziek eman ez dizuten protagonismoa hartzea ez dirudi denik ez koherentea ez eta arrazoizkoa ere». Barkosen esanetan, hark gidaritza izan balu, ez zuen inongo marra gorririk onartuko. «Ardura hori hartu duenak erabakitzen badu norekin eseri, hori ez da inposizio bat».
Barkosen hitzetan, emaitzek agerian utzi dute laukoak ez duela gehiengoa berretsi, baina gehiengoa «aurrerakoia» dela oraindik ere. Hartara, garrantzitsua deritzo lau urteotan hartutako bideari segitzeari, «beste norabide batean eta beste osagai batzuekin bada ere». Horren gidaritza gaur egun PSNren esku badago ere, hainbat ohartarazpen egin dizkio. Lehenik eta behin, egonkortasuna eskatu dio: «Gehiengo osoak bilatu behar dira, modu eta posizio desberdinetan bada ere». Bigarrenik, Barkosek ez du nahi epeak askorik luzatzerik: «Ezin dugu denbora galdu, hamabost urteko historiak erakusten baitu zer-nolako oztopoak agertzen diren gero». Azkenik, egonkortasun hori beste erakundeetara ere eraman nahi dute; ahalik eta udal gehienetara, alegia.
Geroa Baik balizko gobernu horretan egon nahi luke. «Lau urteotako esperientziak erakutsi du lan egiteko gure gaitasuna». Dena den, ez du kontseilari izateko asmorik. «Lehendakari izateko ohorea egokitu zait, eta, formei ere eutsi behar zaienez, kargua errespetatu behar da. Ez du esan nahi Geroa Bairen alde lanean segitzeko asmorik ez dudala».
Eduardo Santos Ahal Dugu-ko idazkari nagusiaren ustez, emaitzek «toki umil batean» utzi dute alderdia. Datorren asteko bileran, jarrera irekia izango du. «Oraingoz zuhur jokatu nahi dugu; entzuteko prest». Argi du eskubideak zabaldu egin behar direla, «atzerapausorik eman gabe».
Ezkerrako Marisa de Simonen ustez, ez dute bazterkeria gustuko. «Edonola ere, programa aurrerakoia duen gobernu bati emango diogu baiezkoa».
Hiru hileko epea negoziatzeko