astekaria 2019/05/31
arrowItzuli

bizigiro

Gaskoi kulturaren taupadak

Ainize Madariaga

Gaskoi kulturaren taupadak

Okzitaniaren zabala Euskal Herriraino ere iristen da. Horren lekuko dira dagoen kultur elkarte andana: ematen ez badu ere, hamar bat badira. Euskal Elkargoak hautatu duen hizkuntza politikak okzitaniera ere onartu du, eta horrek zenbait elkarte berpiztea ekarri du.

Elkarte okzitaniazaleen mapa Peio Dibonek marraztu du; Elkargoko okzitaniera teknikariak. Izan ere, Elkargoak hizkuntza politika proiektua bozkatu aitzin diagnosi bat egin baitzuen ikusteko okzitanieraren eta kulturaren inguruko elkarteak zertan diren Ipar Euskal Herrian. Bozketa horrez geroztik, Iparraldean euskarak hamabost teknikari dauzka, eta okzitanierak bakarra.

Jakin behar da Okzitaniako hizkuntzari okzitaniera erraten zaiola, baina bere baitan baduela gaskoia, dituuen aldaera anitzetarik bat. «Gaskoiak berezitasun anitz ditu; horregatik, jendea aski atxikia zaio», esan du Dibonek. Berez, Garona ibaiaren hegoaldean dira gaskoiez mintzo: Bordeletik Tolosaraino.

Zuzen esateko, hamabi dira gaskoi elkarteak Euskal Herrian: lau Baiona-Angelu-Miarritzen, bortz Bidaxuneko lurraldean eta bi Bastidan (Nafarroa Beherea); eta bat Ahurtin (Lapurdi).

Dibonek esanguratsuenak zerrendatu ditu. «Urte osoan badira ekitaldi garrantzitsu batzuk gaskoiaren eremuan, baina ezin konparatuzkoak dira Herri Urratsek duen arrakastarekin!».

Horietarik aipagarriena zaio Xarnegu Eguna. Beti formatua bera du festibalak, larunbat gauean kontzertu emanaldia egoten da eta biharamunean Lous Charnegous elkarteak antolatzen duen gaskoien eguna, maiatzaren lehenaren inguruan.

Data bertsuan, La Maiada aste gaskoia ere antolatzeko usaia aspaldikoa dute Angelun (Lapurdi); duela 40 bat urtekoa. «Gaskoien eta bereziki Landetako besta bat da: herriko etxeek edo besta batzordeek pertsona bat omentzen dute pinu bat landatuz; oso alaia eta koloretsua izaten da». Badu hiru urte Bokalen ere gauza bera egiten hasi direla. «Zinezko programazio eder bat antolatzen dute, garaikidea da, on egiten du!».

Baionako bestetan badute okzitaniarrek protagonismoa, irekiera-ekitaldian herriko etxeko balkoitik Lo prosei olerkia gaskoiez irakurtzen baitu urtero ezaguna den gaskoi edo frantses batek. Horrez gain, San Izpiritu auzoan gaskoi akademiak ostatua zabaltzen du egun horietarako, eta kantu eta dantza gaskoiak egiten dituzte.

Irailean, Val d'Adour Maritime elkarteak Si l'Adour m'était conté ibaiaren bestaren seigarren edizioa izanen du aurtengoa. «Aturri ibaia argitan ezartzea dute xedea, hala, ibaiari lotuak diren ofizio zaharrak eta gaur gelditzen direnak ezagutaraztea. Egia da gaskoiak biziki lotuak direla Aturriri, eta alderantziz ere!».

Bastidako Clarenza Bastide de l'oralité elkarteak bi festibal antolatzen ditu urte guziez, 2017az geroztik, Primaderan eta Larrazkenean izenekoak. Gaskoi kultura eta hizkuntza agertzen dira han.

Toki berean, Memoire Vivante elkarteak ahozko lekukotasunak biltzen ditu badira hamar urte. Hastapenean, Bastidako gaskoia biltzeko ideia bazen ere, egitasmoa publiko bilakatu da, eta, departamenduak bultzaturik, Baionaraino ere hedatu ziren. Ahotsak.eus edo Mintzoak.eus taldeek egiten duten ahozko ondarearen bilketaren antzekoa.

Aci Gasconha Angeluko elkarteak helduentzako okzitaniera ikastaroak antolatzen ditu, eta CFPOC ematen ditu -AEK bezalako elkartea-. Horrez gain, dantza tailerrak, koro mistoa eta gizonezkoena ere badituzte. Okzitanierazko literatura funtsa apailatu dute mediatekan, ororen eskuragarri.

Bokaleko SICSBP Los Bidaous talde folklorikoak dantza eta zango makuluetan ibiltzea du. Aturri behereko elkarte guztiak Ligams Gascon deu Baish Ador federazioan bilduta daude. Preseski, datorren asteburuan dute bilkura publikoa egitekoa. «Gauza franko antolatzen dira kultura gaskoiaren inguruan BAMetik Bidaxuneraino [Nafarroa Beherea], haatik, ez dute elkarren berri, eta honi esker zubiak egiten dira, ahots bakarra dute eta indartzen dira», esan du Dibonek.



Goulamas'k talde okzitaniarraren kontzertua, aurtengo Xarnegu Egunean, Bardozen. / JACQUES ANICET

Xarnegu Eguna.
Hizkuntzen bidegurutzea

Elkartea 2005ean sortu zen, eta hamabost urteak ospatu berri ditu hilabete honen hasieran. Bardozen (Lapurdi) antolatu kontzertu soil batetik hasi, eta oraingo egunean Bidaxuneko lurraldeko zazpi herriak besarkatzen ditu Xarnegu Egunak: mintzaldi, erakusketa, antzerki, ibilaldi, altxor-bilatze eta bisita gidatuak antolatzen dituzte. «Xarnegu identitatea bultzatzeko eta horretaz harro egoteko helburua du festibalak», esan du Laurie Rolando kideak, «Xarneguk adiera gaitzesgarria badu ere, nahasketa adierazten du, Euskal Herrian den lurraldea izanik ere, ez baitira herri horiek ez euskaldunak, ez gaskoiak, ez eta biarnesak ere». Azaldu duenez, jendea betidanik mintzo da bai euskaraz bai eta gaskoiez ere. Xarles Bidegain euskaltzainak ikertu du eskualde horretan mintzo den euskara «berezia». Programazio osoa hiru hizkuntzatan egiten dute, haiek «bultzatzeko». Gainera, talde euskaldun, gaskoin eta biarnesez gain, urrunagokoak ere ekartzen dituzte. Tokiko sorkuntzaren alde aritzeko bertako jendearengana joaten dira, «haien eskaerak zeintzuk diren jakiteko».




Los Charnegous elkarteko Baroumes, umorezko ipuinak gaskoiez kontatzen. / LOS CHARNEGOUS

Los Charnegous.
Okzitaniera-gaskoia, lau haizeetara

Eskolan hizkuntzak debekatu zituzten belaunaldikoa naiz, eta debekatzen duten guziak motibatzen nau!», hasi da Jean-Claude Barroumes. Samatze eta Akamarreko (Nafarroa Beherea) elkarteko sortzaile eta lehendakaria da. Horregatik, hain zuzen ere, «biarnesa, euskara eta gaskoia ama-hizkuntzak bultzatu eta entzunarazi nahi ditugu». Izan ere, ondare bizia den aldetik «merezi baitute salbatzea», horregatik biarnes/gaskoi gaueko kurtsoak ematen ditu elkarteak, gainera, Bidaxuneko eskola eta lizeo elebidunetan parte hartzen du umorezko ipuin-kontalari gisa. Gisa berean, Gaskoi Eguna antolatzen du Xarnegu Egunen igandean: meza gaskoiez eskaintzen dute, gaskoi bazkaria eta gaskoizko animazioak: a cappella kantariak, lehengo tresnen aurkezpena eta ipuin kontaketa, esaterako. «Gero eta jende gehiago etortzen da, beraien aita-amen eta amatxi-aitatxien hizkuntza nahi baitute entzun». Irrati emankizunak ere egin izan ditu.








'Hospitalités' antzezlanak etorkinak eta Bastidarrak ditu mintzagai. / LAURE CELLIER ETA PIERRE NYDEGGER

Clarenza.
Ahozko sorkuntza babesteko

Clarenza elkarteak Bastidako (Nafarroa Beherea) ondare materiala eta ez-materiala babestea eta baloratzea du helburu, lekuko sorkuntza artistikoa dela medio, eta horregatik ematen dio garrantzi berezia ahozkotasunari. Hiru ideiarekin antolatzen dituzte beti ekitaldiek: kultura baserri aldera ekartzea, Bastidako artisauak diruz laguntzea, eta transmisioa. «2017an sortu genuenean, kulturen topaleku izan nahi genuen, eta hori dugu helburu lehena», azaldu du Francis Dagorret elkarteko lehendakariak. Urte osoan lanean aritzen badira ere, bi saio nabarmentzen dira: irail bukaerako Larrazkenean jaialdia eta iragan berria den Primaderan. Horietan musika, dantza eta antzerkia uztartu dira bi egunez, ezohiko emanaldietan. «Baliteke neguan ere hitzordu bat gehitzea», esan du. Gauza «berriak» ezagutarazi nahi dituzte, «tradizio hutsean egon gabe, forma berriak emanez». Horren adibidea Hospitalités antzezlana da: zortzi herritar elkarren artean kontu-kontari jartzen ditu lanak. «35 aldiz eman dugu Europan barrena! Harritu gaitu gure istorioek jendea zenbat hunki duten».








Nadau taldea, Bidaxuneko Agramont jauregian, Bidache Culturek antolatu kontzertuan. BIDACHE CULTURE

Bidache Culture.
Xarneguak: ez euskaldun eta ez gaskoi

Bidaxune lurraldeko bost herrietako kultura-foklorikoa bultzatzea xede du elkarteak. «Ez gara okzitaniarrak ez eta euskaldunak ere: xarneguak gara, etiketarik gabekoak», esan du Jean-Paul Sudaka elkarteko buruak. Haurrentzako liburua argitaratu berri du: Biduzen gaindi; euskaraz, okzitanieraz eta frantsesez. «Desberdina denari nahi dugu zabaldu». Okzitaniera batuaren alde egin dute horretarako, «populazioaren hiru laurdenak ez baztertzeko. Okzitaniera ahoz transmititu izan da luzaz, baina bakoitzak bere aldetik berezitasunak hartzen joan da, elkar ez ulertzeraino». Sudakaren aburuz, liburuari esker, «gaskoia eta euskara eskola elebidunetan bakarrik entzuten duten haurrek gurasoekin parteka dezakete». Elkarteak Ondarearen Eguna, erakusketak eta kontzertuak antolatzen ditu. Frantziako historiaren inguruko liburuak argitaratzen ditu, frantsesez. «Eskualde ttipitik atera behar da bertzeengana joateko» uste du lehendakariak. Hala, euskara edo gaskoi hutsez aritzea «irekiduraren kontra joatea» dela uste du Sudakak.



BERRIAn argitaratua (2019/05/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA