astekaria 2019/05/31
arrowItzuli

mundua

Langile ikusezinak

Angelica Villegas

Langile ikusezinak

Harrikoa egiteak, erratza pasatzeak, lurra garbitzeak eta halako eguneroko egitekoek pertsona bat ikusezin egin dezakete, eta, are, lan horien esklabo bihur dezakete; hori gertatzen zaie askotan etxeko langileei, haien funtzio bakarra zerbitzatzea baita. «Denetik egin behar da 50 dolarren truke, eta ezin da. Langilea naiz, baina ez naiz esklaboa; egin daiteke, baina izugarri nekagarria da. Lan egin nuen lehen etxean, andreak ez zidan atseden egun bat ere eman nahi izaten; larunbatean eta igandean ere lan egitea nahi zuen», kontatu du Anak. 36 urte ditu, Michoacangoa da jatorriz, eta hamar urte baino gehiago dira Ciudad Juarezen bizi dela, Chihuahuan, Mexikon.

Hiri horretan, herrialde osoko eta, are, mundu osoko komunitateak bizi dira; izan ere, Mexikoren eta AEBen arteko mugaren inguruan dago, El Paso hiritik (Texas) gertu, hain zuzen. Ondoko hirira pasatu ahal izateko bisa bat duten emakume askorentzat, etxeko lanak diru iturri bat dira; izan ere, astebetean maquila batean operadore gisa lan eginda irabaziko luketen bezainbeste irabazten dute El Pason egun batez lan egiteagatik —lan esku merkearekin, produktuak AEBetara esportatzen dituzten manufaktura lantegiak dira maquila-k—.

Kontraturik gabe

Jarduera hori oso ohikoa da; hala ere, ez dago langileak babestuko dituen arau juridikorik, ez baitaukate kontraturik, eta ordainketak nagusiaren eta langilearen artean egiten baitira zuzenean. «Egunean 100 dolar ordaintzen didate. Zaharrak bainatzen ditut, jatekoa prestatu, botikak eman; zaindu egiten ditut. 24 orduz egoten naiz haienean, han lo egin eta jaten baitut», azaldu du Soniak. 42 urte ditu, eta Veracruzekoa da, baina hogei urte dira Ciudad Juarezen bizi dela, familiarekin.

Esan du AEBetako bi etxetan aritzen dela lanean: batetik, El Pason, eta, bestetik, asteburuetan, Organ izeneko konderri txiki batean, Mexiko Berrian, El Pasotik bi ordura. «El Pason, goizeko zazpietan hasten naiz, eta arratsaldeko bostetan bukatzen dut, baina, ez didatenez jatekorik ematen, jateko zerbait erosten dut iritsi baino lehen. Han, denetik eginarazten didate: arropa garbitu, kozinatu, umeak zaindu, leihoak garbitu, eta abar. Etxe batzuetan, festaren bat badute, logelan itxita egon behar izaten dut, jendeak ni ez ikusteko», gehitu du.

Emakume horiek diotenez, lanbide horretan zorte kontua da dena; izan ere, nagusi batzuk «zintzoak» izan litezke, eta beste batzuk tirano bihur litezke, eta sexu mesedeak ere eskatu. «Hara lanera joan nintzen lehen egunean, andreak proposatu zidan sexu harremanak izatea bere bikotekidearekin, gizon afro-amerikar batekin, eta ezetz esan nion. Gero, mehatxatu egin ninduen mezu bidez. Esaten zidan sandalia- zahar gosekil hutsa nintzela, eta salatu egingo nindutela migrazio zerbitzuan», adierazi du Soniak.

Gainera, Ciudad Juarez eta El Pasoren arteko zubia pasatzen duten bakoitzean arriskuan egoten dira, ez baitaukate bisarik AEBetan lan egiteko, eta, beraz, pasaportea ken baitiezaiekete. Iazko irailetik, Ciudad Juarezko migrazio egoeraren ondorioz, fenomeno bat hedatu zen Mexikoko mugetan, baina, joan den urteko azaroan, migratzaile asko iristen hasi ziren muga honetara.

Jesus Peña Iparraldeko Mugako Kolegioko (Colef) ikerlariak adierazi duenez, hainbat tokitako migratzaileak hartu dituzten ostatuetan egindako errolden arabera, 15.000 pertsona inguru iritsi dira Ciudad Juarezera El Pason babes politikoa eskatzeko asmoz.

Soniak azaldu du zubitik «itzularazi» dutela zenbaitetan, migrazioko agenteak susmoa zuelako lan egitera zihoala El Pasora. «Beste batzuetan ere itzuli egin behar izan dut, ez nintzelako garaiz heldu jaso behar ninduten lekura. Lanegun bat galtzen da horrela. Hamabost minutu berandu iristen banaiz, hantxe uzten naute, ez dira nire zain egoten; hemen, El Pason, nire bila etortzen dira, baina zubian arriskuan jartzen dut neure burua. Batzuetan, ez du merezi, eta mexikarrak berak dira galdera gehien egiten digutenak [migrazioko ofizialak]».

«Abusatu egiten dute»

Soniak kontatu du nagusiek tratu txarrak ematen dizkietela askotan, AEBetan legez kanpo lanean ari direnez abusatzen baitute. «Abusatu egiten dute gutaz; gauza bat eskatzen digute, baina gehiago egitea nahi dute. Horretan lan egiten zuen lagun baten bitartez hasi nintzen ni. Ezin zara pixka baterako eseri, haserretu egiten baitira. Bazkaltzera noanean, esaten dit: 'Oraintxe bazkalduko duzu, baina, lehenengo, bukatu garbitzen, bisita bat izango dut eta'. Pagarengatik jasaten ditugu halako tratuak; izan ere, maquila batean astebetean irabazten dudan bezainbeste irabazten dut hemen egun batean», gehitu du.

Hala ere, Soniak esan du bere lanak okerrera egin duela joan den urtearen bukaeratik: lehen, astean bost egunetan egiten zuen lan, eta, orain, astean bitan bakarrik. «Orain bai, zaila egiten zait, ez bainaiz hain jarraian joaten. Bi astean behin joaten naiz, sakon aztertzen zaituztelako. Esaten duzu erosketak egitera zoazela, baina batzuetan ez dute sinesten, eta itzularazten gaituztenean ezin dugu alegatu, zorte kontua baita. Konturatzen badira lanerako joaten naizela hara, bisa ken diezadakete, bisitariena delako».

Soniak bezala, Anak ere esan du maquila batean egin duela lan bizitza osoan, baina soldata horrekin ezin zuen familia mantendu, eta, beraz, beste aukera batzuen bila hasi zen. Esperientzia, ordea, oso mingarria izan zen, eta lana uztea erabaki zuen. «Depresioa eduki nuen, eta lana utzi nuen; egunean 50 dolar ordaintzen zidaten. Behin, andreak prostituitu ere egin nahi izan ninduen; taberna bat zeukan, eta nik han lan egitea nahi zuen. Dantzatzea nahi zuen. Laguntzen zion gizonak ere jazartzen zidan, baina ezin dugu salatu; ezin dugu ezer esan».

Anak kontatu du lagun baten bidez jarri zela harremanetan Ciudad Juarezko agentzia batekin, El Pasoko enplegatzaileekin zuzeneko tratua egiten duen agentzia batekin. «Agentziak Juarezkoak dira, eta horra jotzen duzu. Ni bi lekutara joan naiz agentziaren bitartez. Denetik egin behar da, baina 50 dolarren truke ezin da. Langilea naiz, baina ez naiz esklaboa; egin daiteke, baina izugarri nekagarria da».

Azaldu duenez, agentziena ere zorte kontua da. Ezagutzen dituen pertsona batzuei 80-100 dolar ordaintzen diete egunean, eta enplegatzaileek ondo tratatzen dituzte, baina gehienei 50 dolar ordaintzen diete. Gainera, lehen egunean musu truk egiten dute lan, eguneko paga agentziarentzat izaten baita.

Horrez gain, langile horiek ez daukate inolako gizarte segurantzarik; istripu bat izanez gero, beren kabuz ordaindu behar dituzte osaketarako gastuak. Casa Amiga erakunde zibileko koordinatzaile Lidia Corderok azaldu duenez, nahiz eta herrialdean ofizial egin duten etxeko langileen egoera legeztatuko dela, Ciudad Juarezen ez dago lekurik emakume horiek aholkatzeko. «Legeztatzea litzateke onena, langileekin kontratu bat egin ahal izatea. Conapred-en [Diskriminazioari Aurre Egiteko Kontseilu Nazionalean] jada ageri da nola egin, eta IMSSan ere izena eman dezakete [Mexikoko Gizarte Segurantzan], haiek ere egin ditzaten legez egin beharreko gutxieneko ekarpenak».

Eskubideak, berez aitortuta

Lanaren Defentsarako Prokuradoretzaren arabera, lan egiten duten etxean bizi diren langileek honetarako eskubidea dute: gauean bederatzi atseden ordu jarraian izateko; egunero hiru orduko atsedena izateko goizeko lanaldiaren eta arratsaldekoaren artean; astero egun bat eta erdiko atsedena izateko; logela eroso eta garbi bat edukitzeko; elikadura nahikoa eta osasungarria izateko; urtero hamabost eguneko soldataren balioko paga bat jasotzeko sari estra gisa, eta tratu duina, errespetuzkoa eta atsegina jasotzeko. Corderok esan du lan handia egin behar dela oraindik etxeko langileen lan eta giza baldintzak hobetzeko.

«Asko falta da ez zaiolako baliorik ematen, oso pobreak diren, arazoak dituzten edo hezkuntza estatusik ez duten emakumeei eragiten dielako. Oso balio gutxi ematen zaio, eta ikusgai izatea eragozten zaio». Azaldu du emakume askoren giza eskubideak urratu egiten direla, eta delituak ilunpean geratzen direla, eremu pribatuan lan egiten dutelako.

«Haiek eremu horretan egiten dute lan, etxeetan, eta indarkeria asko isildu dira han; nagusiki, lan indarkeria, baina baita indarkeria sexuala eta ekonomikoa ere. Gainera, naturalizatu egiten da, ez baitago non salatu». Corderok esan du Conapredek Mexiko Hirian prozesu bat hasi zuela etxeko langileen lana erregularizatzeko, baina mugan ez dago horretaz arduratzen den erakunderik. «Oso zaila da ikusgaitasuna ematea, eta etxeko langileak ez daude artikulatuta. Orain, gizarte segurantza egonik, uste dut askok emango dutela izena Ciudad Juarezen. Emakumeekin egiten dugu lan; ezagutzen dugu gai hau, baina ez dugu arrakastarik izan, batez ere ez dagoelako estatistikarik».

BERRIAn argitaratua (2019/05/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA