ekonomia
Munduko merkatu batasunik handienaren ernamuina jaio da
Jon Fernandez
Edonola ere, Afrikako herrialdeek oraindik ere pauso asko dauzkate emateko helburua lortzeko, oraingoz 23 herrialdek bakarrik berretsi baitute iaz AfCFTA ituna sinatu zuten 52etatik.
ZER DA AFCFT?
Merkataritza itun horri esker, ondasunen eta zerbitzuen merkatu batasuna sortuko dute kontinentean, eta baita aduana batasun bat ere, zeinaren bidez zirkulazio librea izango baitute kapitalek eta herritarrek herrialde sinatzaileen artean. Su txikian egosiz joan den lankidetza baten emaitza da. ABko kideek 2012an jarri zuten martxan merkatu batasunaren proiektua, eta hiru urte eta zortzi negoziazio erronda behar izan dira merkatu bakarra martxan ikusteko. Ituna indarrean sartzeko baldintza zen hura iaz Kigalin sinatutako 52 estatuetatik gutxienez 22k berrestea, eta 30 egun igarotzea; hala, gaur sartuko da indarrean, eta uztailaren 7an ituna berretsi duten herrialdeetako gobernuburu eta estatuburuek goi bilera bat egingo dute, ituna indarrean jarri eta geroko lehenengoa.
BARNE MERKATARITZA GUTXI
ABk merkatu batasuna sortu du beharrizan handia ikusten duelako kontinente barneko merkataritza sustatzeko. Afrikako herrialdeen arteko merkataritza kontinentearen merkataritza fluxuen %18 baino ez da. Kopuru oso apala da, beste kontinente batzuetako barne merkataritzaren fluxuekin alderatuta: Asian, %59ko pisua du bertako herrialdeen arteko merkataritzak, eta Europan, %69koa. Itunari esker, ABk espero du Afrikako barne merkataritza %52 handitzea 2022rako.
AZPIEGITURAK
Afrikaren barne merkatu ahula kolonialismoaren herentzia da, merkataritzarako azpiegitura gehienak metropoli ohietara lehengaiak eta erregaiak esportatzeko eginda baitaude; gainera, herrialdeetako ekonomiek menpekotasun handia diete lehengai eta erregai horien prezioen gorabeherei. Hori aldatzen hastea da AfCFTAren helburua: ABk eta Afrikako Garapenaren Bankuak, esaterako, Aljer eta Lagos (Nigeria) lotu nahi dituzte 4.500 kilometroko autobide transaharar batekin. Gakoa izango da barne merkataritza bizitzeko azpiegiturak sortzea.
MUGA ZERGAK
Merkatu batasunarekin, herrialdeek muga zergak ezabatuko dituzte euren arteko salerosketetarako produktuen %90entzat. Adostu dute produktuen gainontzeko %10 sektore estrategikoetakoak direla, babestu beharrekoak, eta horietan mantendu egingo dituzte muga zergak. Gaur egun, batez beste, %6,9ko muga tarifak ordaintzen dituzte Afrikako konpainiek kontinenteko herrialdeen arteko salerosketetan.
NIGERIA, KANPOAN
Albert Muchanga ABko Merkataritza komisarioaren esanetan, merkatu batasunak «eskala handiko inbertsioak» erakarriko ditu, eta bertako ekonomien produktibitatea handituko du. Hiru herrialde bakarrik daude ituna sinatu gabe, tartean Afrikako ekonomiarik handiena: Nigeria. Hango presidentea sindikatuekin eta patronalarekin ari da negoziatzen, merkataritzaren liberalizazioaren kalte posibleak aztertzen. Afrikako ekonomia oso heterogeneoa da, eta kontraste handiak daude herrialdeen artean garapen industrialari dagokionez; herrialde askok aldebiko merkataritza hitzarmenak dauzkate, eta hainbat estatuk eskualdeko itunak ere badituzte. Afrikako sindikatu nagusiek bilera egin zuten duela bi aste Johannesburgon (Hegoafrika), eta langileen eskubideak errespetatzeko eskatu zioten AfCFTAri; gogoratu zuten ez dietela laga parte hartzen merkatu batasunerako negoziazioetan.
JOERA GLOBALAREN KONTRA
Nazioartean gerra komertziala nagusi den honetan, AEBak eta Txina zein baino zein muga tarifak handitzen ari direla, Afrikako herrialdeek merkatuak liberalizatu nahi dituzte. Muchangak azaldu du zergatia: «Afrika integraziorako bidean ari da; noiz, eta mundua kontrako norabidean doanean. Kontua da Afrikan zatiketaren historiak ez digula inolako onik egin. Beste batzuek pentsa lezakete jada ez zaiela komeni lankidetza aldeaniztuna, baina Afrikarentzat ezinbesteko garrantzia dauka».