astekaria 2016/02/05
arrowItzuli

kultura

TXOMIN BADIOLA

«Lotsa ematen dit artea nola dagoen ikusteak »

Iñigo Astiz

«Lotsa ematen dit artea nola dagoen ikusteak »

«Bizitzako lehen 40 urteek testua sortzen dute; hurrengo 30ek haren gaineko iruzkinak». Errebisio betean dago Txomin Badiola artista (Bilbo, 1957), eta horregatik gogoratu ditu umorez Arthur Schopenhauer pentsalariaren hitzak. Badu motiborik. Klabea da Badiolaren lana Oteiza eta Txillidaren osteko euskal artearen berrikuntzan, eta 35 urteko ibilbidean egindako lana aitortu zioten horregatik iazko Gure Artea sariarekin. Baina gehiago dago. Martxo aldera argitaratuko dute Badiolak egindako Oteizaren lanen katalogo arrazoitua, eta hilabete batzuk barru atzera begirako zabala eskainiko diote Madrilgo Reina Sofia museoan ere. Hori gutxi ez, ordea, eta pieza sorta berri batekin erakusketa zabalduko du gaur Bilboko Carreras Mugica galerian; pieza berriekin bai, baina obra zaharretan oinarritutako pieza berriekin. Beti nobedade izan beharraren tiraniaren aurka mintzo da Badiola: «Nahikoa konbentzio engainagarria da dena hutsetik sortu behar deneko hori. Beti eman behar duzu uneko nobedadea, baina nire ibilbidea ez da sekula izan horrelakoa: oso ziklikoa naiz, beti nabil kontu berdinen inguruan bueltaka, eta horregatik Schopenhauerren aipamen hori. Nahiko ados nago. Nazkatzen nau etengabe gazte den artistaren ideia horrek».

Biologikoa da, beraz, zure artea ulertzeko modua?

Onartzen ditu muga biologikoak, baina horrek ez du esan nahi sormen lanean intentsitatea galtzen duzunik. Ia beti ihes egiten dizuten gauzekin lan egitea da artearen egitekoa: egiten duzu zerbait, baina badirudi garrantzitsua denak beti ihes egiten duela. Horregatik lan linealari uko egin eta lan ziklikoago horretan murgiltzeko joera, ez baitut uste azken helmuga bat dagoenik. Lan egiteko modu zikliko hori nahikoa argi ageri da Bilboko erakusketan eta Reina Sofian egingo den atzera begirako horretan, baina gainera, zer, eta ibilbidea aitortzeko sari bat ere ematen badizute [barrez], ba badirudi ja aparkatu egin nahi zaituztela!

Erakusketako testuan hau diozu: «Bukatu berri den erakusketa batek beti sentsazio bera pizten dit: azkena den intuizioa».

Beti eduki dut sentsazio hori. Sorkuntza prozesuari propioa zaion dinamika batekin du zer ikusia horrek. Zuk obra bat hasten duzu pentsatuz: «Hau egin nahi dut». Baina gero obrak zera esango balizu bezala da: «Ez duzu puta ideiarik ere!» [barreak]. Obra beste pertsona bat balitz bezala da, antagonista rolean ari zaizuna.

Desafioan.

Bai. Zuk benetan ez dakizu zer nahi duzun; zer nahi duzun jakiteko duzu zerbait egiteko beharra, eta negoziazio horretan obra da tresna bat jakiteko zer den benetan nahi zenuena. Prozesu horretan ziurgabetasuna da nagusi. Alferrekoa da obra bati aurrez norabide zehatz bat ematen saiatzea, eta ez du inongo interesik gainera, helburua deskribatutako negoziazio egoera hori lortzea baita. Ibilbide oso bati eskainitako erakusketa baten kasuan, pilatu egiten dira obra guztien ziurgabetasun horiek.

Baina hau ez da azkena izango.

Ez. Baina inoiz ez duzu aurrez sortutako teknikarik hutsune horri aurre egiteko. Obra bakoitzarekin aldiro sortu behar duzu teknika propio bat.

Pieza bakoitzarentzako espresuki pintzel berezi bat sortu behar bazenu bezala?

Bai, baina gainera pintzel hori ez duzu zuk bakarrik sortzen, obrarekiko lehia horretan doa sortuz. Erakusketa bat amaitzean horregatik dator sentsazio hori: «Ados, orain lortu dut, baina ezerk ez dit ziurtatzen oraingoan zerbait sortzeko izan dudan gaitasun hori hurrengoan ere izango dudanik». Ze kontua ez da soilik aldiro teknika hori sortu behar duzula, baizik eta baita aldiro zeure eskari propioa ere sortu behar duzula, ez baitago zu obra hori sortzera bultzatzen zaituen kanpo eskaririk. Zure desira propioa probokatu behar duzu. Sortzen hastean inoiz ez dakit posible izango den.

Eta zenbat urte daramatzazu artean?

35.

Musikari erreferentzia asko daude erakusketan.

Bitxia da, adibidez, zergatik txertatu dudan pieza handietariko batean baxu jotzailearen argazkia. Biografikoa da arrazoietariko bat. Umetatik aritu naiz artean, nolabait esatearren, hori zelako aldi berean bakartuta eta harremanetan egoteko nuen modua. Baina nerabetan askoz ere indartsuagoa da harreman beharra, eta artea hankamotz zitzaidan horretarako, eta, aldiz, musika ez.

Musika talde bat zenuen?

Bai, argazkian baxua jotzen duena ni naiz. 14 urtetatik 18 urtetarako tarte horretan aritu nintzen taldean, eta artea apur bat bazterrean utzi nuen lehenengoz. Bilbon eman genuen kontzertu batetako irudia da argazkikoa, eta justu garai hartan erabaki nuen Arte Ederretan hastea. 1976koa da argazkia, eta, besteak beste, artean erabat murgiltzeko une hori erakusten duelako dago hor.

Gaur taldearen argazki bat duen eskultura bat ere jarri duzu Bilbon. Donostiara, berriz, Gaur taldeari eskainitakora, zuk eta hainbat artistak sortutako EAE taldearena eraman duzu.

Arte Ederretan hasi nintzenean Gaur taldeko artista mota hori zen erreferentzia, euskal eskola deitzen zitzaiona. Modernitatearen jarraipen modura ikusten genuen hura gure belaunaldikook, gu postmodernitatean sartzen ari ginenean. Arraroa zen. Esango nuke, oro har, mugimendu haren aurkako erreakzio bat genuela, baina indibidualki hartuta, Oteiza beste zerbait zen guretzat, bistan denez. Garai hartarako Gaur taldea nahiko anomaloa zen artearen eta kulturaren arteko harremanari dagokionez.

Zergatik anomaloa?

XIX. mendean, modernitate betea heldu arte, oso erlazio paraleloa zuten kulturak eta arteak. Gizarteak behar zituen kohesiorako ikur handiak eta arteak sortzen zituen ikur horiek. Baina abangoardien ostean dibortzio moduko bat eman zen artearen eta kulturaren artean: kulturak sortzen ditu kohesio sozialerako ikurrak, baina artea hasten da konbentzio guztiak kuestionatzen. 60ko hamarkada da joera horren puntu gorena, eta justu orduan abangoardiako euskal artista batzuk saiatzen dira erreferente bilakatzen Euskal Herrian. Adibidez, hartzen duzu Oteizaren kutxa bat eta nazioartean arazorik gabe txertatzen da joera formal zehatz batzuetan, baina jartzen duzu kutxa hori hemen eta bat-batean hutsune-harrrespil-euskara-ez dakit-zer bat bilakatzen da. Esanahia behartzen zaio eta sortzen da kohesiorako artefaktu bat. Mugimendu hark frankismo anti-euskaldunaren aurkako jarrera politiko bat ere ordezkatzen zuen, eta beraz, zentzua zuen. Garai hartarako erabateko salbuespena zen, ordea. Beste mundu batekoa iruditzen zitzaigun hori guztia guri. Bi piezetariko batean horregatik ageri da Gaur taldearen argazkia, eta horregatik dago bestean EAE taldearen izenean egin genuen ekintzaren irudia bestean. [Banku baten aretotik Oteizaren eskultura bat lapurtu eta Udalari entregatu zioten, pieza herriari emateko liberatu zutela esanez]. Mugimendu haren guztiaren azken keinu moduko bat izan zen.

Oteizak kutxa bat jarri eta ikusleak harrapatzen zuen euskal munduaren erreferentzia. Zure erakusketan kontrakoa: piezen aurrean biluzik dago ikuslea.

Badaude keinu batzuk, baina erabat babesgabe uzten zaituzte, bai. Ez dago laguntzarik.

Piezek ikuslea gainditzea nahi duzula dirudi.

Babesgabetasuna baliagarri zaion ikusle batekin jokatzen dugu. Kontua ez da jenda uztea aterpe gabe eta kito, baizik eta babesgabetasun horrek zerbait eragitea harengan. Baina kasu gehienetan ikuslea ez da sartzen horretan. Jokatzen dugu ikuslea sartu egingo balitz bezala, baina nahiko inozoa da pentsamendu hori.

Komunio nostalgia bat?

Beti dago halako zerbait, baina une honetan, ordea, ikurrok sortzeko gaitasunik ez du artistak. Merkatua da ikur handiak sortzeko gaitasuna duen bakarra. Haiek sortzen dituzte gobernuak erorrarazteko gai diren ikurrak. Guri ezin zaigu eskatu sinbolo handirik eraikitzeko, eskatzen ahal zaiguna da zalantzan jartzeko existitzen diren sinboloak. Horretara hel gaitezke asko jota orain.

Entzuten zaitut eta Donostia 2016 datorkit burura. Bizikidetzarako tresna modura aurkezten dute han kultura.

Bilbon ere izan zen halako kontu bat: Avignongo Foroa. Kultura kohesiboaren apoteosia zen hura, eta planteatu zidatenean ea zein zen artistaren lana hor, nik argi esan nien haiek inbertsioekin eraiki nahi zuten guztia deuseztea zela gure egitekoa. Hori bakarrik egin dezakegu. Ikur handiak sortzeko eskatzen zaionean jendeari sortzen dena baldin bada Donostia 2016ko inaugurazio ekitaldiko zubiaren eta bizikidetzaren kontu hori, hori da kitsch hutsa eta lotsagarria. Baina lotsa hori jendeak duen ikur behar horren sintoma ere bada. Jendea ez da ohartzen hain justu ere potroetatik harrapatuta dituztenek soilik dutela ikur horiek sortzeko gaitasuna. Guk egin dezakegun bakarra, apur bat molestatzea da.

Arteak badu bere merkatua, ba.

Lotsa ematen dit artea nola dagoen ikusteak. Nik lotsa sentitzen dut ikustean artean ere gainontzeko guztian bezala nagusitzen den paradigma merkatuarena dela. Arteari buruzko inolako interesik ez dago, eta albiste guztiak dira dirutzei buruzkoak. Artearen prentsa arrosa moduko horrek etsitzen nau apur bat.

Mantra moduko bat da kasik Euskal Herrian arte kontestu berezia dagoela esatearena.

Gaur taldearen kasuan edo EAE taldearen kasuan talde dinamika zen nagusi, eta orain esango nuke komunitate dinamika gailendu dela. Aldea da taldeak norabide moduko bat duela, eta komunitateak norabide askotako erlazioak izateko aukera eskaintzen duela. Komunitate hori hemen dago, ez dago halakorik beste inon. Eta hori erabili dut, adibidez, atzera begirakoa lantzeko.

Nola?

Komunitatean egin ditut komisariotza lanak. Artista talde batekin. Haiek dira Reina Sofian zer egongo den eta zer ez den egongo erabaki dutenak. Pentsaezina zait bakarrik lan egitea.

Estima handian duzue artistek komunitate hori, baina aski baloratzen dute erakundeek?

Kalostra arte eskolaren kasua hor dago. Kontestu horren materializazioa zen Kalostra, irrigarriak ziren aurrekontuak eta ezin hobeak izan dira emaitzak. Baina sostengua kendu diote. Harrigarria da ikustea erakundeek nola menostu duten halako eraginkortasuneko proiektu bat, noiz eta 2016arekin lotutako festak abiatu dituztenean. Tabakaleran sekula egon gabea nintzen, eta haluzinatuta geratu nintzen aurrekoan zentzugabekeria harekin. Harekin zer egin ere ez dakite. Mingarriena da, gainera, Tabakalera izan dela Kalostra desegiteko erabili duten argudioa. «Ala bata ala bestea», esan dute, baina Tabakaleran ez dute proiekturik, edukiontzi bat dute, eta ez dakitenez zer egin harekin, eta bazutenez funtzionatzen zuen beste gauza bat, ba nahi izan dute funtzionatzen zuen hori Tabakalerara eraman esan ahal izateko han zerbait dagoela. Baina Kalostrak funtzionatu badu izan da dagoen lekuan dagoelako. Tabakaleran ezin du funtzionatu.

Oteizaren katalogo arrazoitua kaleratuko dute martxoan. Hainbat urtez egon da tiraderan.

Erabat itxi nahi dudan zikloa da.

2011ko udan ere horixe esan zenidan. «Honekin kito Oteizarekikoak». Eta hemen gaude berriz.

Bai, baina oraingoan bai. Eskaerak izan ditut jarraitzeko, baina esan diet bukatu dela eta amaitu dela eta kito. Lana zorrotza da. Oteizaren obrari buruz jakin nahi duzun guztia hor dago. Ja ez naute ezertarako behar. Hor dago dena. Egin behar zen, egin dut, listo.

BERRIAn argitaratua (2016/01/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA