gizartea
Sartaldean eukaliptoa, sortaldean 'Cryptomeria'
Iñaki Petxarroman
Espezie horren monolaborantza sustatu da isurialde atlantikoan, eta, orain, haiek zer espezierekin ordezkatu pentsatzen ari dira lur-jabeak, gaitzak zabaltzen jarraitzen baitu, eta pinudi asko lehor-lehor baitaude. Lurraldearen mendebaldean, pinudiak eukaliptoarekin ari dira ordezkatzen, «%90etan», Urko Ibañez Bizkaiko Basozainen Elkarteko idazkariak adierazi duenez. Gipuzkoan eta Nafarroa iparraldean, berriz, beste espezie batzuk landatzen ari dira: Cryptomeria japonica (zedro japoniarra), Douglas izeia eta sekuoia, besteak beste. Gipuzkoako mendebaldeko haranetan ere (Deba arroan, kasu) eukaliptoa aldatzen ari dira.
Gipuzkoako Diputazioak dioenez, oraindik ez daki zenbat eukalipto landatu diren, ez baititu landaketa horiek laguntzen, eta, beraz, ezta zenbatzen ere. Hala ere, esan du ez dela Bizkaian bezainbeste sartzen ari.
Eta horretaz ohartu dira talde ekologistak ere. Aitziber Sarobe biologo eta Naturkoneko kideak dioenez, Gipuzkoan oraindik ez da egon halako presiorik eukaliptoa sartzeko. «Baina hau ulertu behar da: baimenak aldundiak eskaintzen ditu, baina aginduak sektoreak ematen ditu, bere interesen arabera, eta aldundiak horri men egiten dio. Hau da, egur sektoreak eukaliptoa sartzeko apustua egiten badu, oso zaila izango da hori ekiditea. Egia da oraingoz Cryptomeria horrekin, izeiarekin eta beste espezie batzuekin ari direla». Nafarroan ere —ipar-mendebaldean bakarrik dago intsinis pinua, eta gehienak gaixorik— pinudi asko ari dira botatzen, baina, Iñigo Villanueva basozainak jakinarazi duenez, ez dute eukaliptorik sartu oraingoz. «Espezie berri batzuk ari dira erabiltzen, Cryptomeria tartean».
Lur-jabeak, aholku eske
Pinudiak galdutzat jota, lur-jabe asko aholku eske joaten dira basozainengana, egur sektoreko kideengana edo diputazioetara. Urko Ibañezek jaso ditu halako asko: «Basozainok ez diogu esango inori eukaliptoa landatzeko, jakina, kontserbazioaren ikuspegia kontuan hartuta. Ekonomiari begiratzen baduzu, ordea, etekina ateratzeko aukera erraza eta ziurra da. Arriskuak zein diren esaten diegu: suteak, lurra mineral gabe geratzea... Baina zaila izaten da pertsonak konbentzitzea. Ez diete kasu handirik egiten aholkuei».
Garbi dauka Bizkaian eukaliptoekin ordezkatuko dituztela pinuak. Zergatik han bai eta Gipuzkoan ez? «Kantabriako joera sartzen ari da hemen ere, hura eukaliptoz josita baitago. Lur-jabe batek landatzen du, eta, kutsaduraz, ondokoak ere bai. Badakigu Bizkaiko klima ona dela eukaliptoarentzat, eta jendeak ziurrera jotzen du probak eginda dauzkalako jadanik, eta hamabost urte barru etekin ekonomikoa iritsiko zaiolako».
Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendariak adierazi du erabakia lur-jabeena dela. «Gogoratu behar da baso eremuen %85 pribatua dela. Orain arte isurialde atlantikoko baldintza sozioekonomiko eta forestaletara hobekien egokitu den espeziea intsinis pinuarena izan da. Banden gaitzagatik kasu batzuetan, eta pinuen birlandaketa ezinezkoa delako beste batzuetan, jabe asko pentsatzen ari dira zer landatu. Eta erantzuna eremuaren baldintzen araberakoa da: lur mota, altuera... Zenbait espezierekin ari dira orain: Cryptomeria eta beste konifero batzuk, edo eukaliptoa».
Baskegurrek aholkularitza ematen dizkie jabeei, hainbat faktore kontuan hartuta: «Gaitzekiko tolerantzia maila, lur eremura egokitzeo aukera, jabearentzako errentagarritasuna... Hautaketak iraunkortasunaren hiru ardatzei erantzun behar die: ingurumena, ekonomia eta gizartea. Basogintzako ikerketan lanean ari dira gaitzarekiko erresistentzia handia izango duten zuhaitzak lortzeko».
Sarobek uste du egurgintza sektorea «epe motzeko begiradarekin» ari dela. «Ez du sistema aldatu nahi, eta, beraz, behar du beste espezie bat pinua ordezkatzeko. Hori eukaliptoa da. Pinuak adina diru ematen du, eta ez dakite beste espezieekin hala den. Tonaka egur pilatuta dauzkate luzerako, eta hori dirutza bat da urteetarako. Egoera hau mauka bat da sektorearentzat. Prezioa haiek jartzen dute, lehengaia gaixo baitago».
Ikuspegi globalago baten beharra ikusten du. «Modernizatu egin behar da basogintza, eta hori egiten da ekoizpena ingurumen kalteei lotuz; hau da, ingurumen kalteen araberako diru laguntza politika bat ezarriz. Espezie batzuk eta matarrasa bezalako teknika bortitzak ezin dira diruz lagundu, are eta gutxiago malda handietan, eta bertako espezieak sustatu behar dira horren ahul dugun basabizitza berreskuratzeko».
Gipuzkoako eta Bizkaiko diputazioek ematen dituzte baimenak mozketak egiteko. Eta, aldi berean, landaketa berriak eta haien kudeaketa laguntzen dituzte. Eukaliptoaren landaketa ez dute laguntzen, baina bai haren kudeaketa, garbiketa, botika tratamendua eta bestelakoak... Horretaz kexu dira ekologistak. «Espezie batek dauzkan eraginak ez dira bakarrik egurraren prezioan neurtzen. Neurtzen da lur zoruaren kalitatean, bioaniztasunean, basoak sortzen dituen kalteetan. Bada, kalteak ez dira diruz zigortzen».
Pinudien aroa
Baskegurreko arduradunak aitortu du asko handitu direla pinuak botatzeko eskaerak. Baimenak ematen direnetik zuhaitzak botatzen diren arte urtebeteko epea izaten dute lur-jabeek, eta, beraz, oraindik datu zehatzen zain daude. «Badakigu hazkunde bat dagoela botatzeetan, baina oraindik ez daukagu emaitza garbirik».
Baina aitortu du egoera «larria» dela: «Oso kezkatuta gaude. Duela urte batzuetatik ari da zabaltzen Euskadin, baina azken urtean oso azkar hedatu da. Gure ustez, ordea, gaitzari aurre egin dakioke tratamendu fitosanitario bidez. Gure lehen aukera da oxido kuproso dosi oso txikien bidez tratatzea». Ekologistek gogor jo dute tratamendu horren aurka, eta Espainiako Gobernuak ez du baimenik eman oxido kuprosozko airezko fumigazioak egiteko. «Adituek ematen diguten informazioaren arabera, oso tratamendu eraginkorra da, eta ez du toxikotasunik sortzen, ez gizakientzat, ez ingurumenarentzat. Ministerioak ez du baimenik eman airezko tratamendurako, baina bai lurrezkorako. Modu esperimentalean ari gara proba egiten, Neikeren bidez, eta espero dugu horien emaitzekin epe labur-ertain batean baimena izatea airez fumigatzeko».
Saroberen ustez, «astakeria hutsa» da hori. «Gainera, ez dakigu eraginkorrak diren edo ez. Ez daukate bermerik. Aire bidez fumigatzeak ez dauka inolako justifikaziorik. Eta lurretik egitea, dirudienez, ez da oso zentzuzkoa, zeren eragina izatekotan, kontaktu zuzenaren bidez eduki baitezake. Ez dugu ulertzen zergatik tematu diren konponbiderik bermatzen ez duen zerbaitekin».
Saroberen iritziz, pinudien aroa amaitu egin da. «Lur-jabe txikiek diote ez dutela nahi pinu hori. Gainera, pentsa daiteke horrenbeste monolaborantza intentsibo jasanda, endekatze fase batera iritsiko dela. Eta lurzoruari ere begiratu behar zaio. Gure inpresioa da lurzoruak ere pobretuta daudela. Azken finean, guk dioguna da begirada zabalagoz begiratu behar zaiola arazoari».
Baskegurrek uste du itxaron egin behar dela. Hala ere, dioenez, aire bidezko tratamendua egin ezin izatea «arazo bat» da «egoera larrian» dagoen sektorearentzat. «Kontuan hartu behar da klima aldaketaz hitz egiten denean aipatzen dela petrolioaren bidezko eredu linealak ordezkatu behar direla eredu zirkularrak dakartzaten ekoizpen berriztagarriekin. Bada, Euskadiko industrian erabiltzen den egurraren %80 gure basoetatik dator. Euskadiko baso eremuaren %32 intsinis pinua da, eta %80 hori sortzen du». Horregatik, haren iritziz, gaitza arazo bat da, ez bakarrik lur-jabe eta industria horientzat, baizik eta gizarte osoarentzat. «Izan ere, gutxitu egiten du modu lehiakor eta iraunkorrean lan egiteko aukera, etorkizuneko bioekonomia erreala sortzen joateko Euskadik berez daukan lehengai berriztagarri oparo bakarrarekin».