iritzia
Ni zurekin ezkondu? Ni zurekin... Huawei!
Joseba Barandiaran
Zer dago AEBetako enpresa teknologikoak burtsan dar-dar batean utzi dituen txio sortaren atzean? Zer bizpahiru hilabeterako itxurazko su-etenaren atzean? Jabetza intelektualaren gaineko merkataritza borroka soila? Itxura batean, musika eten eta dantzan norekin ari garen argitu nahi du Trump buruargiak eta, bide batez, Huaweirekin dantza egiteari uko egin diezaioten AEBetako erraldoi teknologikoek; Googlek hala esan du, bederen, eta geu korronte horren tanta bana baino ez gara. Huawei ez baita, finean, Txina baino.
Berez, dantzakidea baino, nago Anaia Nagusia aukeratzera goazela, lagunok. XX. mendeko Gerra Hotza espioi, ileorde, gabardina, agente bikoitz eta buru nuklearren lasterketan kokatu bazen (007ren filmak gogoan), XXI. mendekoa mikroprozesadoreen eta eskuko telefonoen (berez ordenagailu diren horien) baitan jokatuko da. Ongi etorri Gerra hotz teknologikora edo Jon Fernandezek paperotan berriki «altzairuzko oihal digitalaren aroa» bataiatu duenera, nahiz guda zelai berrian Europa ez den lehengoa: munduaren %7-%10 aberats samar bat, ez gutxiago, ez gehiago. Kontua, Txina eta AEBak aurrez aurre, (anaia) nagusigo teknologikoa nork lortuko da. Amazon vs Alibaba. Google vs Baidu. Facebook vs WeChat.
Berpiztu berria den Azkuek, Fundazioak, artikulua dakar: Googlek badaki zer erosten duzun beste konpainietan. Hori bakarrik balitz! Smartphone eta sare sozialen bidez badaki (Google edo delako norbait horrek) zenbat, norekin, noiz, zertarako harremantzen garen. Erosketak, errenta, filiak, fobiak, zaletasunak, kokapen geografikoa, atxikimendua, datsegitak, ez datsegitak, maiztasunak, ohiturak... edo Behobian dugun gure marka onena zein den. Eta gehiena, geuk esanda. Eta, gainera, prozesatzeko gaitasuna duen bati. Geure buruari buruz ez dakizkigunak grafiko bihur ditzake, datu, informazio, botere. Eragin ahalmen.
Zer ez ote dugu uzten, datu sorta erraldoi baten bidez, auskalo noren esku? Finean, zer gara, data set mordoxka bana baino? Oinatz ekologikoa aipatu izan da baina, informazio teknologien garapen eta inteligentzia artifizialaren bidez, gutako bakoitzaren datu oinatzak, negoziorako bai noski, baina kontrol sozialerako, borroka (geo)politikorako eta gizarte manipulaziorako mundu berri bat eratu dute. Horretaz ezer jakin gabe diot, susmo soila da. Luistxori galdetu nahi diot analogikoan topo egiten dugun hurrengoan.
Ez ahaztu Wikileaks, Merkel eta enparauen espioitza. XX. mendean botere lehiaren lasterketa espazioan lehiatzen bazen, 5G eta enparauen plazan egin liteke orain dantza hori. Eta hor Huawei omen dabil buru, bere ia 180.000 langilerekin, horietatik ia 80.000 I+G sailean. Ikertzen eta garatzen. Pentsa, egunero-egunero milioi erdi lan ordu; zer ez ote duten ikertuko eta garatuko enpresa bakar horretan. Eta bertze horrenbertze Mamazon, Gugel nahiz Feisbuken. Nagusitasun teknologikoa dago hemen jokoan, itxura guztien arabera. Zartagin teknologikoaren helduleku estandarra nork finkatu eta, horrekin, nork lehen eta indartsuen heldu. Eta gainontzekooi, kontrol hori nola saihestu edo mugatu.
5G delako horrek, abiadura handiagoaz gain, gailu ezberdinak hobeto konektatzeko edo konbinatzeko modua emango omen du. Alegia, are boteretsuago egingo ditu errai teknologikoen nagusiak. Ez niri galdetu zehazki hori zertan eta nola mamituko zaigun. Baina nago, etorkizuneko botere borroketan, lehen soldaduak eta espioiak bezain garrantzitsu izango direla hacker eta fake news direlakoak; kotxe autonomoetan istripuak eragiteko mekanika jakin beharrik ez dela izango, alegia.
Baina itxura hartzen diot Android, IOS edo dena delakoa izan, sistema operatiboa, finean, garuna nor izan dela hemen kontua; begi-belarriak nork jarri. Horrek bihurtzen du eskua ikusezin eta, ez prezeski Adam Smithek irudikatu gisan, norbanakoaren mesede edo negozio helburu soilarekin: botere manipulazioaren eskuaz ari naiz. Geronek sartu dugu sakela(koa)n Anaia Nagusia, debaldeko festan. Itxuraz doan, eta praktikan geu deskribatzen gaituzten datuen truke, diren aplikazioen eskutik. Anaia Nagusia txinatarra edo estatubatuarra hautatzea egokituko zaigula dirudi, errusiar entsaladaren aukerarik gabe ziurrenik; baina loreak udan ihintza bezala maite ditugu honezkero guztiak ere eta geronek ekarri ditugu, leiho hegitik, etxe barru-barruraino. Geu ari gara, klikaz klika eta txioz txio, munstroa elikatzen. Noiz jango gaituen jakitea baino ez da falta. Alegia, Google edo Huawei zinatekeen arbola hartantxe, ez genuke egin behar kabia. Horrelakorik posible bada. Edo dena eman behar al jako maite den ez-askatasunari?