astekaria 2019/05/31
arrowItzuli

politika

EAJ-PSE, nahierara

Jon O. Urain

EAJ-PSE, nahierara Jon O. Urain

Hamaika arretagune zituzten igandeko hauteskundeek, eta horiek adina ondorio azaleratu zituzten emaitzek. Besteak beste, hauxe: aspaldiko osasuntsuen dago EAJ-PSE ituna. Bai kuantitatiboki, baita, batez ere, kualitatiboki ere; bi alderdien baturak gobernatzen ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde nagusi guztiak, herritarrek indartu egin dute apustu hori, eta aliantzak Nafarroara eta Madrilera zabaltzeko abagunea dauka. Sei urte dira EAJ eta PSE erakundeetan elkar ulertzen hasi zirenetik, 1998tik 2013ra bitarteko etenaren ostean. Aurrez, 1987tik 1998ra bitartean gobernatu zuten elkarrekin Eusko Jaurlaritzan. Orain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde nagusietan zeukaten gehiengoa handitu dute, eta ulergarria izan daiteke Urkulluk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzeko tentazioa izatea; zertarako gobernatu gutxiengoan, baldin eta goranzko joerari eutsiz gero Jaurlaritzan ere gehiengo absolutuarekin agintzeko aukera badago? Urkulluk dauka erantzuna.

EAJ, EAEren neurrira

Zaila zirudien 2015eko marka ontzea. Eta hobetu du EAJk: eutsi die hiru foru aldundiei eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkatetzei. Ez edonola: gehiengo absolutuaren atarian geratu da Bizkaian eta Bilbon, eta hazkunde ikusgarria izan du Araban (hamahiru batzarkidetik hamazazpira); lehen indarra izatera igaro da Gasteizen (bost zinegotzitik zazpira); eta, Gipuzkoan, bi batzarkide gehiago (hogei) eskuratu ditu, eta dezente egin du gora Donostian (bederatzitik hamaikara). Botoetan, zer esanik ez: 408.000 lortuta, udal eta foru hauteskunde batzuetan 2003tik lortutako emaitzarik onenak dituzte —EArekin koalizioan aurkeztu ziren orduan—. Bakarka, onenak 1983tik. Zaila da EAJren nagusitasunaren zergatiak azaltzen, baina erraza hura ikusten: boto gehien dituen indarra da errenta altuena duten eskualdeetako zonalde ugaritan —Arrasate, Donostia, Durangaldea— nahiz errenta apalenekoetan —Arabar Errioxa, Enkarterriak—; indarra dauka eremu euskaldunetan nahiz erdaldunagoetan; landa eremuetan nahiz urbanoetan. Haustura lerro guztien gainetik igarotzeko gai dela dirudi, eta homogeneoa da Euskal Autonomia Erkidegoan. Gaur-gaurkoz, EAEko argazkia EAJren oso antzekoa da.

Barakaldo eta Ezkerraldea dira nagusitasun jeltzalearen paradigma: ezkerrak askotariko eskaintza eginda ere, EAJk PSErena zen alkatetza bat lortu zuen 2015ean, eta hurrengo bozetan botoen %50 hazi. Santurtzin, Barakaldon, Portugaleten eta Sestaon 7.000 boto baino gehiago irabazi ditu, eta soilik Sestaon egin du behera: Naval ontziolaren herrian. Lau herriak aintzat hartuta, 2015eko parean dago EH Bildu, baina bitartean EAJ gora doa.

'Sanchez efektua' berriro

Hilabete pasatu da Espainiako Gorteetarako bozetatik, eta orduan Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak lortutako hazkundearen olatua baliatu zuten PSE-EEk eta PSNk ere. Jakinda udal eta foru hauteskundeak neurri batean bigarren itzuli bat izan zitekeela, ikusteko zegoen zenbateraino eragin zezakeen Sanchez efektuak Hego Euskal Herriko bi alderdien emaitzetan.

M-26ak erantzun ditu galdera batzuk. Batetik, 2007az geroztik izandako boto eta parlamentari kopururik handiena eskuratu du PSNk. Fernando Purasen garaitik ez zituzten sozialistek hamaika parlamentari eta 68.664 boto. Horiez harago, boz hauek erakutsi dute beste elementu baten balioa: norberaren emaitzez harago, ondo kokatzea gainerako alderdien indar korrelazioan. Nafarroako bigarren indarra da PSN; 23 urteren ondoren, Nafarroako Jauregian agintzeko modua du.

Bestetik, PSEk ere gogoetarako emaitzak lortu ditu. Baikor izateko arrazoi handi bat dauka: koalizio gobernu batean, ohiko joera da bazkide handia haztea txikiaren kaltetan. Ez dirudi joera horrek sozialistei eragin dienik: batzarkide kopurua bikoiztu dute Araban (bostetik hamarrera), laugarren indar izatetik bigarren izatera igaro da Gasteizen, batzarkide bat berreskuratu du Bizkaian (8), bigarren indar izatera pasatu da Bilbon eta batzarkide kopuruari eutsi dio Gipuzkoan. Testuinguru horretan, Ernesto Gasco Donostiako sozialisten buruak kezkatuta beharko luke, bi zinegotzi eta postu bat galdu baititu hiriko udalean, Eneko Goia alkate jeltzalearen mesedetan; indartsuagoa izan da Gasco efektua Sanchezena baino, kontrako norabidean bada ere.

EH Bildu: garaipen pirrikoa

Nondik begiratzen den, EH Bilduk topa ditzake kontsolamendurako eta negar egiteko arrazoiak. Aurkia, Arnaldo Otegi koalizio subiranistako koordinatzaileak lehen erreakzioan esan zuena: 346.000 boto lortu ditu EH Bilduk: «sekula» izan duen emaitzarik onena. 2011n, 314.000 inguru jaso zituen Bilduk, baina, orduan Aralarrek eskuratutako 37.000 botoak kontuan hartuta, 350.000 inguruan ibili ziren gaur egun EH Bildu osatzen duten indarrak. Atzera eginez gero, EAk eta HBk 340.000 boto jaso zituzten 1991n, eta 1987an, Eusko Alkartasuna sortu berritan, Herri Batasunak eta EAk 450.000 inguru bildu zituzten. Horrek, besteak beste, adierazten du alderdiek bat egiterantz jo badute ere soziologiek beste modu batera funtzionatu dutela.

2015eko bozekin alderatuta, EH Bilduk gora egin du orokorrean: 13.000 gehiago Gipuzkoan, 10.000 Bizkaian, 1.000 Nafarroan eta parean da Araban; herrialde horretan bigarren indarra da orain, eta Iruñean ia 10.000 boto gehiago lortu ditu 2015ean baino. Berriro ere, portzentajeen ifrentzua: Gasteizen postu hobea espero zen, Araban ez du eragiteko gaitasunik izango, Bizkaian EAJren nagusitasuna ia erabatekoa da, Gipuzkoan batzarkide kopuru berarekin geratu da (17) eta, Nafarroan, alkatetza galduko du Iruñean eta beste hainbat herritan. Botere instituzionala eta eragiteko gaitasuna galduko ditu. Aurrera doa, baina lehiakide nagusia baino askoz mantsoago, hura higatu ezinda.

Nafarroako ardurak

Aparteko irakurketa merezi dute Nafarroako emaitzek. Batetik, eskuinen estrategiaren arrakasta dago: Navarra Sumak lortu du eskuin espainiazalearen aldeko botoaren xede aglutinatzailea: UPN-PP-C's baturak 115.000 boto lortu zituen duela lau urte, eta hiruren arteko koalizioak beste 8.000 boto eskuratu ditu. Aritmetika parlamentarioan, hamazazpitik hogeira hazi da; asmatu dute formulan. Bestetik, Uxue Barkosen gobernuaren aldeko indarrek porrot egin dute gehiengoari eusteko zereginean; emaitzak eskuan, nagusiki Ahal Dugu-rena da ardura: botoen bi heren galdu ditu (30.000 inguru); zazpi parlamentaritik bost. Aldaketaren bertuteetako bat izan zen nork bere esparru soziologikoa mobilizatzeko edo esparruez harago ilusioa pizteko gaitasuna izatea; ez da ez bata ez bestea gertatu Espainiako ezkerrean. Ezintasun horrek desmobilizatu du sektore bat, edo PSNra uxatu, nahiz eta boto ihes hori gertatu zen A-28an eta gertatu den orain ere hainbat lekutan. Geroa Bai eta EH Bildu hazi dira, baina ez dira gai izan Ahal Dugu-tik joandako botoak erakartzeko PSNren neurri berean.

PP: berrasmatu ala hil

Bestalde, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan mapak ez du arrasto laranjarik, eta apenas duen urdinik; Ciudadanosek galdu egin ditu 2015ean zeuzkan ordezkari apurrak, eta beherakada ezin geratu jarraitzen du PPk; 55 zinegotzi eta 11 batzarkide lortu ditu Euskal Autonomia Erkidegoan, 24 zinegotzi, sei batzarkide eta beste 35.000 boto galduta. Hogei urtean, batzarkideen, zinegotzien eta botoen bi heren galdu ditu, lau hauteskunde daramatza segidan emaitzak okertzen eta, batez ere, gobernu aukera izateari utzi dio bere bi gotorlekuetan: Araban eta Gasteizen. Bere burua berrasmatu beharko du aurrerantzean, desagertu nahi ez badu.

BERRIAn argitaratua (2019/05/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA