politika
Herritar, baina soilik erdizka
Maite Asensio Lozano
Nikaraguakoa da Bellorin, iparraldeko Condega herrikoa. 30 urte ditu, eta duela lau heldu zen Donostiara. «Lehengusu batek eskaini zidan etortzea. Familiari lagundu nahi nion: han banuen lana, baina dirua ez zen nahikoa». Enpresa zuzendaritzako lizentzia edukita, banku batean ziharduen Nikaraguan, baina hango ikasketek ez dute onarpenik hemen. «Banekien ez nentorrela nire eremuan lan egitera». Andrazko etorkin askok bezala, zaintzaile dabil egun: «Emakume bat zaintzen aritu naiz lau urtez, egoiliar. Oso eskertuta nago haren senideekin: paperak legeztatzen lagundu didate».
Baina ez da nahikoa. Herritartasuna erdizka du Bellorinek: betebeharrak bai, baina eskubideak, ez guztiak. «Irregular zaudenean ere zergak ordaintzen dituzu, erosketetan, adibidez. Eta paperak dituzunean, gizarte segurantza-eta pagatzen duzu, errenta aitorpena egin... Eta ondo iruditzen zait. Baina erakundeetan migratzaileoi laguntzen edo kalte egiten diguten legeak onartzen dira; guk ere izan beharko genuke iritzia emateko eskubidea».
Hain justu, udal bozetan dute etorkinek parte hartzeko aukera gehien Hego Euskal Herrian —ez, ordea, foru hauteskundeetan—. Europako Batasuneko estatuetatik heldutakoek botoa eman dezakete, eta Espainiarekin aldebiko ituna sinatua duten herrialdeetatik iritsitakoek. Gainerakoek Espainiako nazionalitatea eskuratu behar dute. Hori da Bellorinen kasua: «Oso prozesu luzea da: urte asko joan daitezke».
Ostegunean Nikaraguan izandako greba orokorraz mintzatzean, erakutsi du arreta handiz erreparatzen diela jaioterriko albisteei. Baina hango hauteskundeetan ere ezin du parte hartu. «Herrialde barruan daudenek soilik bozka dezakete. Nik ez daukat aukerarik, ez han, ez hemen».
Erakundeak, urrun
Hauteslekuan, ikusminez begiratu die botopaperei. Arrotzak zaizkio: aspaldi bozkatu zuen azken aldiz, eta urrun dauka berriro bozkatzeko modua emango dion abagunea. Eta arrotzak zaizkio, ondorioz, hemengo instituzioak eta politikariak ere: «Ezin bozkatzeak erakundeetatik urruntzen zaitu. Informatuta zaudenean eta boto eskubidea duzunean ohartzen zara nora jo behar duzun». Baina sufragiorako eskubidea bi ahoko ezpata dela erantsi du, erantzukizun handiko jarduna: «Bozkatzera joan aurretik, jakin behar dugu hemengo politikak nola funtzionatzen duen, zer eskaintzen duen alderdi bakoitzak... Eskubidea dugunean, ondo erabili ahal izateko».
Izan ere, zuzenean eragiten dioten alorrak izan dira jokoan atzoko hauteskundeetan. Haren lan eremua, esaterako: udalek eta diputazioek kudeatzen dituzte zaintza zerbitzu gehienak. Hain justu, zaintzen ari zen andrea zahar etxe batera eraman zutenetik, langabezian dago Bellorin: «Arreta soziosanitarioari buruzko ikastaroa egiten ari naiz, egoitzetan lan egin ahal izateko». Dena den, sektorearen zailtasunen jakitun dago. Gogora ekarri du Gipuzkoako zahar etxeetako langileak greban daudela, eta deitoratu du aldundiak ez esku hartzea lan gatazka horretan: «Zahar etxeetan lan egiteko, diputazioak trebakuntza eskatzen digu, baina gero ez du zerikusirik gure soldatarekin eta lan baldintzekin?».