politika
Ahal Dugu amilduta eta PSN bigarren izanik, aldaketarenak egin du
Joxerra Senar
Aldaketa nabarmenetakoa eskuinaren beraren mugimenduak ekarri du. Apirilaren 28ko bozetan, Navarra Sumak ez zuen behar bezain ondo funtzionatu; atzo, aldiz, bai. Alde batetik, Vox-en mehatxua erabat uxatu zuen. Bestetik, duela lau urte Ciudadanosek oinari tiroa jo zion, eta ordu hartan eskuratutako 9.994 botoak bere alderantz ekarri ditu koalizioak. Hartara, botoen %96 zenbatuta, 19 parlamentari lortu zituen, aurreko legealdian UPNk eta PPk zituzten parlamentari kopurua gaindituz. Iruña Park hotelean, pozarren hartu zuten emaitza. dituztelako. Garaipenagatik poz handia izanagatik, berandu atera zen iritzia ematera Javier Esparza. Orroeka hartu zuten: «Laukoa garaitu dugu. Gobernua zuzenduko dugu, abertzalerik gabe eta populistik gabe. Nafarroak ezetz esan dio laukoari eta esperimentuei». Txibite deituko duela aurreratu zuen.
Hala ere ez du ziurtatuta gobernua eskuratzea. Nafarroako jauregian sartzeko giltza PSNk izango du, eta Sarasate pasealekuan ematen du bestelako asmoak dituztela. «Presidente! presidente!» oihuka agurtu zuten Maria Txibite militanteek. Hark aurreratu zuen «gobernu aurrerakoi baten lidergoa» hartu nahi duela: «Ez diogu botorik emango Esparzari, eta ez dugu akordiorik egingo EH Bildurekin».
Hurrengo negoziazioen ekinaldia hartzeko, funtsezkoa zen bigarren indar izatea, eta lehia horretan PSNk irabazi zuen. Duela lau urteko gainbehera eten eta gorantz egin dute nabarmen sozialistek, apirilaren 28an izandako joerarekin bat eginez.
Geroa Bai hirugarren geratu zen, eta duela lau urteko parlamentari kopuru bera izan arren, Uxue Barkosek onartu zuen orain PSNri dagokiola gobernua zuzentzeko ardura. Bi mezu argi utzi zizkion Txibiteri: batetik, gobernuaz gain, gehiengoak osatzerakoan udaletako «gehiengo aurrerakoiak ere» kontuan izan ditzala, eta bilatu dezala «akordioa, anbiziozko posizioei uko eginda».
Geroa Bairen modura, EH BIlduk gora egin zuen botoetan. Aldiz, Ahal Dugu-k bost parlamentari galdu zituen eta Ezkerrak bat. Ahal Dugu-ko Eduardo Santosek onartu zuen «hausnarketa sakona» egin beharko dutela.