astekaria 2019/05/31
arrowItzuli

politika

Aldaketak kale egin du Nafarroan, eta EAJ are sendoago agertu da EAEn

Enekoitz Esnaola

Aldaketak kale egin du Nafarroan, eta EAJ are sendoago agertu da EAEn

Bi ideia nagusi atera daitezke atzoko udal eta foru hauteskundeetatik: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, EAJk sendotu egin du nagusitasuna —gainera, Gasteizen irabazi egin du, 2015ean ez bezala—; Nafarroan, 2015ean aldaketa instituzionala gauzatu zuen laukoak kale egin du, batik bat ezker estatalaren emaitza txarrengatik, eta udal bozetan toki jakin batzuetan abertzaleak ez dira gai izan eusteko. Hala ere, aitortu behar da Navarra Suma (UPN, PP, C's) igo egin dela (%36, 19 aulki; lehen, UPNk 15 eta PPk 2), eta PSNk ere izan duela hazkundea (7tik 11ra). Beraz, euskal nazioaren ikuspegitik, atzerakada nabarmena gertatu da, Nafarroako porrot elektoralagatik.

Nafarroan orain ikusi beharko dena da gobernuburu Javier Esparza (NS Navarra Suma) irabazlea jarriko den ala, GB Geroa Bairen babesarekin, eta Maria Txibite (PSN) bigarrena. Bart Uxue Barkosek (GB) bere taldearen botoak eskaini dizkio Txibiteri. Dudarik gabe, Sabin Etxearen balekoa baluke jokaldi horrek —GBko parte da EAJ—; izan ere, Hegoaldeko instituzio nagusietako mapa homogeneizatuko lukete, EAJ/GB eta PSE/PSNren arteko gobernuekin. Iruñeko Udala soilik lukete hortik kanpo, alkatetza NSren ala, karanbola politiko batekin, EH Bilduren esku egonik —GBk ez ezik, PSNk ere babestu beharko luke Joseba Asiron bigarren bozkatuena—.

Dena dela, atzoko emaitzak errespetatzeko presioa jasoko du PSNk datozen asteetan Nafarroako entitate handi batzuen aldetik; aurrekariek diote men egin izan diela presioei. Lehendakaritzaz gain, irabazle izan den aldetik NSk horren arabera berreskuratuko ditu edo ez alkatetza batzuk: Tafallakoa, Lizarrakoa, Barañaraingoa... Tuterakoa seguru dauka, gehiengo osoa erdietsi baitu.

EAJ-PSE, gora; bozak EAEn?

EAEn EAJkoak izango dira hiru ahaldun nagusiak eta hiru hiriburuetako alkateak. Espainiako Gorteetarako emaitzak eta atzokoak aztertuta, ikusgai dagoena da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak aurreratuko dituen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Legealdia amaituz gero, datorren urteko irail bukaeran lirateke, baina azken bi hitzordu elektoralekin aurreikusi ahal da EAJren eta PSEren gehiengo osoa hurrengo legebiltzarrean. Orain ez daukate, aulki bategatik, eta Jaurlaritzak ez zituen aurtengo aurrekontuak aurrera atera. Biek egin dute gora foru hauteskundeetan: EAJk Araban 7,7 puntu, Bizkaian 5,4 eta Gipuzkoan 4, eta PSEk Araban 7,7 puntu gora, Bizkaian 4 eta Gipuzkoan 0,5. EAJk ia 70.000 boto irabazi ditu EAEn, PSEk ia 75.000. EH Bilduk, ia 25.000

Bizkaian, zaharra berri: EAJ oso erraz garaile. Pena bat izango du: Batzar Nagusietan eta Bilbon aulki batera geratu da gehiengo osoa lortzetik. Ezkerraldean eutsi die alkatetzei. Bermeon EH Bilduri kenduko dio. Durangon ere EAJ irabazle, baina EH Bilduk eta EPk alkatetza ken diezaiokete. Araban ezker abertzalearen alkatetza historiko batean jarriko da: Laudiokoan. Gipuzkoan lortu du Arrasateri, Zarautzi eta Tolosari eustea, baina EH Bilduk kendu dizkio batzuk: Bergarakoa eta Zumaiakoa, esaterako, eta, EPk sostengatzen badu, Ordiziakoa ere bai.

Gipuzkoan ibili da ondoen EH Bildu. Aipatutako kasuez gain, Errenteriari eutsi dio, Azpeitiari ere bai, Pasaian eta Andoainen aurrena bukatu du, Oiartzunen nagusi... Datu adierazgarri bat, ordea: forukoetan EAJtik 14.000 botora geratu da, eta udalekoetan, 1.000ra. Nafarroan udal handi asko galduko ditu. Gasteizen Miren Larrion hirugarren geratu da.

PSE-EEk hirigune handietan duen nagusitasunari eustea lortu du: Eibarren, Lasarte-Orian, Irunen, Ermuan edota Portugaleten. Ez Pasaian —baina segi dezake alkatetzan—; eta Ezkerraldean ez du alkatetzarik berreskuratuko.

Galtzaile nagusiak: Elkarrekin Podemos EAEn eta hango indarrak Nafarroan, eta EAEn PP.

Europako bozetan, abertzaleei dagokienez, eurodiputatu izango dira Izaskun Bilbao (EAJ, CEUS) eta Pernando Barrena (EH Bildu, Orain Errepublikak).

BERRIAn argitaratua (2019/05/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA