astekaria 2015/10/16
arrowItzuli

gizartea

GHK-ko ordenagailu batetik 69.000 artxibo ezabatu dituzte; asko, errauste plantari buruzkoak

Iñaki Petxarroman

GHK-ko ordenagailu batetik 69.000 artxibo ezabatu dituzte; asko, errauste plantari buruzkoak

Idoia Altuna Zubietako errauste plantako arduradun ohiaren aurka aurreko agintaldian jarritako salaketa kentzea erabaki du Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak (GHK). EAJk eta PSE-EEk erakundearen ardura hartu eta berehala hartu dute erabakia, erakundearen administrazio kontseiluaren lehen bileran, irailaren 18an. Adituek egindako peritu txostenen arabera, Idoia Altunaren laneko ordenagailutik 69.000 artxibo desagerrarazi dituzte, 64.332 kanpoko disko gogorretik, eta 4.652 ordenagailu eramangarrian instalatutako disko gogorretik. Artxibo gehienak errauste plantaren proiektuari buruzkoak dira, ezabatutako dokumentuen izenburuetatik ondoriozta daitekeenez. Eta desagertutako dokumentazioaren bolumenaren tamainaz ideia bat egiteko: artxiboen izenburuak bakarrik kontuan hartuta, 1.600 orri baino gehiago pilatu dira.

2013ko abuztuaren 15ean GHK-k (orduan EH Bilduren eskuetan) salaketa bat jarri zuen Idoia Altunaren aurka Donostiako Auzitegiko 3. Instrukzio Auzitegian. Hain zuzen ere, Fujitsu Siemens ordenagailu baten disko gogor baten eta Samsung HN M101XBB markako kanpoko disko gogor baten «bidegabeko jabetzea» egotzi zion.

Desagerrarazi eta denbora batera, epailearen esku utzi zuten ordenagailua, eta auzitegian luzaro eduki ostean, epaileak GHK-ri itzuli zion, 2015eko martxoaren 16an. Geroztik, konputagailua aztertzeari ekin zioten GHK-ko arduradunek. Besteak beste, Juan Martos Luque peritu informatikariak ordenagailua aztertu eta frogatutzat jo du «ezabaketa masiboa» egin zutela dokumentazioarekin, «ezabatze ziurreko teknikak» erabiliz. Horrekin bat dator Daniel Sanz San Martin ingeniari informatikariak egindako beste txosten bat ere.

Hain zuzen ere, 2013ko abuztuaren 12 eta 13 artean ezabatu zituzten dokumentuak, txosten perizialen arabera. Ezabaketa modu segurua erabilita, artxiboak berreskuratzea ezinezko egin zuten. BERRIAk eskuratu ditu bi adituen txostenak, eta ondorio berera iristen dira biak. Ildo horretan, Martos Luque perituak egindako txostenaren arabera, ezabatutako informazioaren %80 baino gehiago «desagertze seguruen teknikak» erabilita egin da. Kasu honetan, agirien gainean idatziz ezabatu dituzte dokumentuak.

Bi aditu informatikari horien txostenak diotena berretsi du Ertzaintzak berak egin eta epailearen esku utzitako azterketa batek ere, askoz ere modu zuhurragoan bada ere. «Litekeena da ezabatutako artxibo batzuek ez edukitzea beharrezko informazio guztia berriz irekiak eta ikusiak izateko», ondorioztatu du Ertzaintzaren txosten perizialak.

Ezabatutako dokumentu horietako asko Zubietako errauste plantaren adjudikazio, kudeaketa eta garapenari dagozkio. Ordenagailua Idoia Altunak erabiltzen zuen lanerako eta 69.000 artxiboak ezabatu ziren egun eta ordu horietan (ezabaketak egin zituzten orduak ere zehaztuta daude txosten perizialean) haren esku zegoen konputagailua, haren aurka salaketa jarri zutenen arabera. Altunak berak ere tratu txar eta bahiketagatik salatu zituen GHK-ko beste bi langile, baina epaileak artxibatu egin du bere salaketa. Altunak helegitea jarri du epailearen azken erabakiaren aurka.

Konputagailuko artxibo gehienak galdu badira ere, baten batzuk berreskuratu ahal izan dituzte, 190 bat artxibo, hain zuzen ere. Ezabatutako agirien artean daude, besteak beste, Zubietako errauste plantaren oinarri izan ziren datu eta informazioak: hondakinen sorrera datuak eta Zubietako hondakinen zentroaren finantzaketa diseinua, besteak beste. Datu horiek denak ezabatu izanak garrantzi handia dauka, ez baitago jakiterik egindako inbertsio, ustiaketa eta mantentze aurreikuspenak zuzenak diren eta zer eragin izan ditzaketen herritarrentzat.

Delituak egon daitezke

GHK-k Altunaren aurka jarritako salaketa kenduta, ikusteko dago zer egingo duen Fiskaltzak orain. Izan ere, orain arte auzia aurrera eraman dutenen arabera, delitu bat baino gehiago egon daitezke kasu honetan: bidegabeko jabetzea eta kalte informatikoak, besteak beste. Hain zuzen ere, Espainiako Zigor Kodearen 264. artikuluak zehazten du sei hilabete eta bi urte bitarteko zigorra, «edozein bitartekoz, programa informatikoak eta bereak ez diren dokumentu elektronikoak baimenik gabe eta modu larrian, kaltetu, aldatu, ezabatu edo erabileratik kanpo uzten dituenarentzat».

BERRIAn argitaratua (2015/10/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA