astekaria 2019/05/31
arrowItzuli

gizartea

«Bizi nahi dugu»

Ekhi Erremundegi Beloki

«Bizi nahi dugu»

Klima aldaketaren kontra agintariak hartzen ari ez diren neurrien aitzinean, beren haserrea erakustera atera ziren atzo mundu guziko milaka gazte, klimaren aldeko ikasle grebari erantzunez. Euskal Herrian ere izan ziren mobilizazioak: Baionan, ehunka gaztek manifestazioa eta protestak egin zituzten, eta Bilbon eta Donostian ere elkarretaratzeak egin zituzten.

Baionako Cassin lizeoan zuten ezarria ordua atzo goizean, eta handik abiatu ziren, ziztu bizian, hiriko karriketan barna. Manifestazio buruan, galdera bat: «Zer nahiago duzu: planeta urdin bat ala ongi erretako planeta bat? Alda sistema, ez klima». Martxoaren 15eko mobilizazioan baino jende gutxiago elkartu bazen ere, «pozik» agertu ziren antolatzaileak, eguraldi hobearekin jende gehiago biltzea lortuko zutela jakitun.

Atzo ere ez ziren falta izan oihuak eta kantuak: «Bero, bero, klima baino beroago» edo «1, 2, 3 gradu krimen bat da gizakiarentzat». Gazteen «infantilizazioa» ere salaketen artean izan zen: «'Kutsatu, kontsumitu eta isilik egon!', hori da gazteei ematen zaien mezua», oihukatu zuten behin eta berriz martxan. Etxetik ekarritako pankartetan ere lelo probokatzaileak izan ziren: Irri egin, hiltzen ari zarete, zioen horietako batek; aberats gutxiago eta erlauntz gehiago eskatzen zituen beste batek, frantsesez hitz jokoa eginez. Martxoaren 15ekoan ez bezala, hitzaldi gehienak bi hizkuntzetan egin zituzten atzo, eta mobilizazioan egindako oihuetan ere presentzia handiagoa izan zuen euskarak.

Baionako Lafayette galerien aitzinean gelditu ziren lehenik, modaren industriak «ingurumenari egiten dion kaltea» salatzeko. «Gaur egun, jantzi markek gero eta gehiago kontsumitzera pusatzen gaituzten estrategiak plantan ematen dituzte. Ehungintza munduko industrietan kutsakorrenetariko bat da. Modak munduko CO2 isurien %10 eragiten ditu, eta, modarengatik, munduko uraren %20 kutsatua da», adierazi zuen Romain Fucaud Xalbador kolegioko ikasleak. «Jantzi andana botatzen ditugu. Gehienetan, ez dira birziklatuak. Segundo bakoitz, munduan, kamioi bat jantzi errea edo lurperatua da. Hondakin horiek berrerabiliak izan daitezke», gaineratu zuen. Egunerokoan aldaketak egitea proposatu zien bertaratutakoei: «Oso gutxi erabiliak izanen diren jantziak erosten gelditzea eta erabiltzen ez diren jantziak ez botatzea».

San Leon itzulgunean ere egin zuten geldialdia. Han da Burger King hanburgertegia. Martxan parte hartzen ari ziren L214 elkartekoei utzi zieten mikroa orduan —talde horrek agertu zituen Mauleko hiltegiko bortizkeria irudiak—: «Ingurumenaren aldeko borrokan gazteak sostengatzera etorri gara, eta bereziki hazkuntzak ingurumenean duen eragina salatzera», adierazi zuen Virginie Sabourin kideak. «Ura, deforestazioa, antibiotikoak, garraioa, hilketa... Eragin ikaragarria du». Mauleko hiltegiko irudiak agerraraziz hiltegiko langileen bizitza pribatua urratu dutelakoan auzipetuak izan direla jakin da aste honetan, baina ez zuen aferaz iruzkinik egin nahi izan.

RN10 errepidetik manifestazioan segituz, Angeluko BAB2 merkataritza gunean bukatu zuten mobilizazioa ikasleek. Han, supermerkatuko karroak hartuta, sarreretako bat blokeatu zuten momentu batez, gehiegizko kontsumoak eragiten dituen kalteak salatzeko. Laster mobilizazio gehiago eginen dituztela ere iragarri zuten.

Frantziari, isiltasuna

Baionako suprefetura aitzinean egin zuten hitzaldi nagusietako bat, Frantziako Estatuari mezu bat helarazteko. Askatasuna, berdintasuna, anaitasuna leloa gogora ekarri zuten, «herritarrak entzuteko prest den» eta «justizia eta joritasuna» nagusitzen diren estatu «demokratiko» baten promesa egiten dutela azpimarratuta. Baina atzo mobilizatu zirenen iritziz, lelo horren engaiamendua ez da betetzen martxoaren 15ean karrikara jautsi ziren 200.000 gazteentzat. «Haurtuak dira, berreskuratuak dira, eta haien buruzagiek ez dituzte serioski hartzen», salatu zuten Bernat Etxepare lizeoko Leire Gonzalezek eta Ombeline Canovasek. «Desesperatuki» mezu bat pasatu nahi dutela erran zuten: «Bizi nahi dugu!».

Haien hitzetan, engaiamendua ez da betetzen «klimaren ondorioak» jasaten dituzten «milioika» jendeentzat: «Estatuak epe laburrean pentsatzen baitu, eta neurri konkretuak ez dituelako hartzen 1,5 graduko igoeran egoteko». Engaiamendua ez da betetzen hurrengo belaunaldientzat ere: «Gutiengo baten etekinen zerbitzatzeko eginak izanen diren sakrifizioen ondorioak jasanen dituzte».

Klimaren aldeko ikasleek salatu zuten badela hamar urte militanteak eta zientzialariak «gure heriotzara eramaten gaituen» sistemaren arazoak salatzen ari direla. Baina haien ekintzek gehienetan eragin txikia dutela deitoratu zuten. Frantziako Gobernuaren ekintza falta salatzeko, joan den otsailetik Emmanuel Macron presidentearen argazkiak lapurtzen ari diren aktibisten kasua ekarri zuten gogora, eta horietarik sei auzipetuak izanen direla nabarmendu: «Gobernuak begiak ixten ditu, eta bere arduragabekeria erakusten du».

Martxoaren 15eko mobilizazioan, prefetura aitzinean ahalik eta harrabots gehien egitera deitu zuten, estatuaren ordezkariek «ikasleen haserrea» entzun zezaten. Atzo, kontrako jarrera hartu zuten, isiltasuna atxikitzera deituz: «Gure hitzek ez dute eraginik». Auzipetutako sei militanteei babesa erakutsi nahi izan zieten horrela.

BERRIAn argitaratua (2019/05/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA