astekaria 2019/05/24
arrowItzuli

gizartea

Betiko saihestu du Ibarrek heriotza zigorra

Jokin Sagarzazu. Maite Asensio Lozano

Betiko saihestu du Ibarrek heriotza zigorra

Bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zioten atzo goizaldean Pablo Ibarri. Euskal jatorriko estatubatuarra heriotza zigorraren mehatxupean zegoen, baina Fort Lauderdaleko (Florida, AEB) herri epaimahaiko hamabi kideek aho batez hartu behar zuten erabaki hori, eta ez ziren ados jarri. Bizi guztiko espetxealdia ere ez da aukera ona, baina itxaropen izpi bat ireki dio Ibarri: bere abokatuek jada iragarri dute epaiketa berriz egiteko eskatuko dutela. Hala gertatuko balitz ere, Ibar ezingo lukete hiltzera kondenatu; hau da, heriotza zigorra betiko saihestu du.

1994ko ekainean hiru pertsona hiltzeaz erruduntzat jo zuen epaimahai berak urtarrilean. Bigarrenez epaitu zuten krimen horiengatik: 2000. urtean izan zen lehen auzia, eta heriotza zigorra ezarri zioten, baina 2016an epaiketa berriz egitea agindu zuten, Ibarren aurkako froga fisiko nahikorik ez zegoelakoan. 47 urte ditu Pablo Ibarrek egun, eta ia 25 daramatza preso; horietako hamasei urte heriotzaren korridorean egin zituen.

Ibarren aurkako bigarren epaiketa honetan, joan den ostiralean abiatu zuten azken fasea, sententzia zehazteko. Fiskalak heriotza zigorra eskatua zuen, baina epaimahaikideak ez dira ados jarri; beraz, bizi guztiko kartzelaldia ezarri diote. Erabakia, dena den, ez da irmoa. Heriotza zigorra baztertu arren, Ibarren defentsa ez dago konforme ebazpenarekin, errugabea dela uste baitu. Hala, epaiketa berriz egiteko eskatuko du Apelazio Auzitegi Federalean. «Heriotza saihestu izana lorpen bat da, baina ez da nahikoa», adierazi du Heriotza Zigorraren Aurkako Pablo Ibar elkarteko buru Andres Krakenbergerrek.

«Hau ez da prozesuaren bukaera, iraupen lasterketa baten hasiera baizik», erantsi du. Izan ere, apelazio prozesua urteetan luza daiteke. Bizi guztiko zigorraren beste ondorio batzuk, aldiz, lehenago iritsiko dira: kartzelaz aldatuko dute Ibar; familiaren bizitokira hurbiltzea espero dute senideek. Aurrez aurreko bisitak ere egin ahal izango dizkiote; azken hiru urteetan, pantaila bidez baino ez dute harekin hitz egin.

«Irregulartasun» salaketak

Hiru hilketaren erantzule egin dute Ibar: Casimir Sucharski, Floridako ostalaritza klub baten jabea, eta Marie Rogers eta Sharon Anderson, han lanean ziharduten bi emakume; gizonaren etxean hil zituzten, tiroz, lapurtzera joandako bi gizonek. Handik hamazazpi egunera atxilotu zuten Ibar, droga trafikoarekin loturiko liskar batean. Horretan aritzen zela aitortu izan du Ibarrek, baina beti ukatu du hilketaren egilea zenik. Harekin batera, beste gizon bat ere atxilotu zuten, eta hiltzera kondenatu, baina apelazio bat irabazi zuen, eta bigarren epaiketan, errugabetzat jo zuten.

Ibarren aurkako akusazioan gako izan dira hilketen lekuko segurtasun kameren grabazioak eta han topatu zuten elastiko bateko DNA arrasto batzuk. Bi frogetan irregulartasunak daudela salatu du Ibarren defentsak: irudiei buruz, ez delako argi ikusten hiltzailearen aurpegia -epaiketan, FBIko perituek berretsi zuten hori-, eta bideoaren zati batzuk desagertu egin direlako auzibidean; eta DNA probei dagokienez, horien zaintza ez zelako behar bezala egin, fiskalak manipulatu egin zituela salatu dute abokatuek.

«Irregulartasun» horiek erabiliko ditu orain defentsak beste epaiketa bat galdegiteko. Gogoratu dute, halaber, urtarrileko epaiaren biharamunean epaimahaiko kide batek adierazi zuela erabakian atzera egin nahi zuela, baina epaileak ez zuela kontuan hartu. «Epaiketan ikusitakoak adierazten du ez dela erruduna», berretsi du Krakenbergerrek.

BERRIAn argitaratua (2019/05/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA