astekaria 2019/05/24
arrowItzuli

gizartea

Bidaia noiz amaituko zain

Julen Aperribai

Bidaia noiz amaituko zain

Irun asko gustatzen zait, eta gustatuko litzaidake bertan geratzea». Ezegonkortasunak markatutako zazpi urteko bidaiaren ostean, Abdulek —ez da benetako izena— esker oneko hitzak besterik ez ditu Irunekin (Gipuzkoa) eta bertako herritarrekin. Lau hilabete daramatza bertan, eta aurrez ezagututako herrialde askotan baino erosoago dago. «Oso jende ona dago hemen. Alemanian eta Frantzian bestelako jarrerak jasan behar izan nituen. Jendea ez da hemen bezain abegikorra. Arrazakeria gehiago sumatu dut hemendik kanpo. Poliziak ere ez du hainbeste jazartzen, eta lasaiago bizi naiteke». Irungo San Juan plazan bildutako harrera sareko kideei begira egin ditu hitz horiek. «Arroparekin, janariarekin, ikasketekin; guztiarekin lagundu didate».

Izan ere, Abdulek badu egungo egoera zerekin alderatu. 34 urte ditu, eta bederatzi urte inguru daramatza Eritreatik, bere herrialdetik kanpo. Sudanera joan zen lehenik, eta bost urtez bizi izan zen bertan. Kristaua da, eta, Sudanen gehienak musulmanak izanik, erlijioarekin arazoak izan zituen. Hilabete gutxi batzuk Libian eman eta gero, Mediterraneoa igaro zuen. Beste askok ez bezala, itsasontzi handi batean gurutzatu zuen itsasoa. «1.500 pertsona inguru izango zituen itsasontziak», gogora ekarri du. «Eta sartzea lortu nuen. Ez neukan bidaia txartelik, baina sartu ahal izan nuen». Asilo eskaerak egiten hasi zen Italian, eta hala jarraitu du izan den gainerako herrialdeetan ere. Frantzian eman du denbora gehien, Angulemako errefuxiatu kanpamentuan, eta, burokraziarekin eta Poliziarekin izandako hamaika tirabiraren ondoren, Irunera iritsi zen.

Giro politikoak bultzatu zuen Abdul Eritreatik alde egitera: «Nire herrialdean arazo asko ditugu. Diktadore bat daukagu agintean. Ez dago askatasunik, ezta giza eskubiderik ere». Hala ere, egoera politiko nahasiak herrialdeko mugak gainditzen ditu, hark dioenez, eta ez du hitz onik Sudanez eta Libiaz ere. Jaioterrian falta zuen askatasunaren bila egin zuen ihes Ousmanek ere —ez da benetako izena—; bera, Gineatik. Jazarri egiten zioten askatasun sexuala: «Gustatzen ez zaizkidan gauza asko ditu nire herrialdeak. Harremanak gizonen eta emakumeen artekoa behar du izan, eta ez da hori nik nahi dudana; gizonezko batekin nahiago dut nik. Nire familiak ez zuen onartzen hori, eta beraz hona etorri eta hemen lasai bizitzea erabaki nuen. Dena dela, familiako arazo bat bainoago, arazo politiko bat da». 23 urte ditu, eta hiru hilabete daramatza Irunen.

Abdulek eta Ousmanek Irunen ematen dute eguna. Gaztelera klaseetara joaten dira, goizez nahiz arratsaldez. Helduen Hezkuntza Iraunkorrean aritzen dira, eta Irungo Harrera Sareko kideek emandako klaseak ere hartzen dituzte. Bizi, ordea, Hondarribian (Gipuzkoa) bizi dira. Irunen bada migratzaileei aterpea emateko zentro bat, baina behin-behineko egoeran daudenak soilik hartzen dituzte, egun gutxiren buruan bidaiatzen jarraitu asmo dutenak. Egonaldi luzeagoetarako aterperik ez zela eta, Irungo sareko kideek Hondarribiko apaiz batekin hitz egin zuten, Kaputxinoen komentua zerbitzu horretarako erabili ahal izateko. «Ondo gaude bertan. Lo egiteko eta deskantsatzeko leku bat dugu, eta jan ere ondo egiten dugu», dio Ousmanek.

Ebazpenaren esperoan

Azken hilabeteetan migratzaile gutxiago iristen diren arren, are gehiago dira bidaia eten eta Euskal Herrian geratzea erabaki dutenak. Harrera sareek hainbatetan salatu dute haien oinarrizko beharrei erantzuteko zerbitzuak falta direla. Asilo eskaera egiten dutenak eta CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordearen programetan dauden migratzaileak egoten dira egoera horretan. Hala daude Abdul eta Ousman; Espainiako Gobernuaren ebazpenaren zain daude biak.

Irunen ez dago CEARen harrera programarik, baina EAEn badira antzekoak, Eusko Jaurlaritzak martxan jarriak. Halakoren batean lekua ematen badiete, Abdulek eta Ousmanek Irun utzi beharko dute; ez dute, baina, horretan askorik pentsatu nahi. «CEARen ebazpena iristen bada, lekualdatu egin beharko dut; ez dut beste aukerarik. Deitzen ez badidate, ordea, hemen geratuko naiz», dio Ousmanek. Duela hiru hilabete egin zuen asilo eskaera, eta Poliziak elkarrizketatu zain dago. Hala dio protokoloak: asilo eskaera egin ondoren, elkarrizketarako egun bat zehazten dute, eta, hori egin ostean, ebazpenaren zain egon beharra dago. Bitartean, migratzaileek behin-behineko baimen bat lor dezakete, txartel gorria deiturikoa; lan egiteko bidea ematen die, besteak beste.

Luzerako begiradarik ez

Tramite burokratikoak eginda baditu ere, Abduli etsipena nabari zaio baimenez aritzean. Ez du esperantza handirik harrera programetan, eta badu horretarako motiborik: «Frantzian nintzela, Italiara itzuli behar nuela esan zidaten, eta orri batzuk eman zizkidaten hegazkinerako txartela lortu ahal izateko. Poliziaren bidez paper horiek lortu nituen, baina aireportuan ez zizkidaten onartzen. Hiru aldiz joan behar izan nuen aireportura, eta hiruretan ukatu zizkidaten paperak». Esperantza ez ezik, denbora asko galdu duela dio. Adierazi du legezko bideetatik jo arren Europan ez duela lortu «inongo dokumenturik». Horrez gain, Poliziak emandako tratu desegokia salatu du: «Esan nien ez nintzela turista, eta asilo bila joana nintzela Frantziara. Nire arazoa ez da gosea, baizik eta nire herrialdean diktadura bat dagoela». Asilo eskaera egina du Euskal Herrian ere, eta Poliziak maiatzaren 30ean elkarrizketatuko du. Ebazpenaren zain geratu beharko du horren ondoren.

Ousman ere elkarrizketaren zain dago. Luzera begirako begiradak saihestu nahi ditu, hala ere; oraingoz, gaztelera ikasi eta lan bila hasi nahi du. «Ez daukat ezer askorik Poliziarekin hitz egiteko. Pixkanaka hasiko naiz galdeketa prestatzen».

Ezegonkortasun hori ikusirik, Abdul eta Ousmanentzat ez da erraza etorkizuneko asmoez aritzea. «Gustuko dut idaztea, eta gustatuko litzaidake horri denbora eskaintzea», dio Abdulek. Ousmanek, aldiz, ikastea du buruan, gero lan bila hasteko: «Horretarako nago hemen. Dena den, paperik gabe ez dago lanik. Pixkanaka egin nahi ditut gauzak; oraingoz ikasi, eta aurrerago hasiko naiz galdezka batean eta bestean. Datorrena datorrela ere, prest nago».

BERRIAn argitaratua (2019/05/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA