politika
NBEk ebatzi du Gorka Lupiañez euskal presoa torturatu egin zutela
Maider Galardi F. Agirre
2007ko abenduaren 6an atxilotu zuten Lupiañez —PSOE gobernuan zela—. Bilboko La Salveko Guardia Zibilaren polizia etxera eraman zuten aurrena, eta, ondoren, bost egun egin zituen inkomunikatuta Madrilgo polizia etxe batean. Atzeman zuten unetik beretik tortura gogorrak, tratu txarrak eta bortxaketa jasan zituela salatu zuen Lupiañezek. Inkomunikazioa amaitu ostean, epailearen aurrean salatu zituen tratu txarrak.
NBEko Giza Eskubideen Batzordeak egiazkotzat jo du Lupiañezek inkomunikazio garaian jasandako torturen testigantza. Euskal presoak salatu zuen Bilboko polizia etxean kolpeak eman zizkiotela barrabiletan, eta pistola bat lokian jarrita mehatxu egin ziotela. Madrilera bidean poltsa jarrita ito zutela ere salatu zuen, baita Madrilgo polizia etxean bost egunez biluzik izan zutela ere. Soka batekin zakila eta barrabilak lotu zizkiotela eta tiraka aritu zirela ere jaso du NBEk ebazpenean. Gainera, Lupiañezek salatu zuen makila batekin uzkitik bortxatu zutela.
Mediku forentseak hiru milimetroko hematoma atzeman zion zakilean Lupiañezi, baita zenbait zauri ere ahoan. Edonola ere, epaileak ez zituen aintzat hartu presoaren salaketak, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak 11 urte eta 11 hilabeteko espetxealdira zigortu zuen, ETAko kide izatea leporatuta. Joan den apirilean, gainera, Auzitegi Nazionalak ebatzi zuen 50 urteko zigorra gehitzea Lupiañezi, ETAk 2007an atentatu bat egin zezan furgoneta bat lapurtu eta familia bat bahitzea leporatuta.
Espainiak ukatu egin ditu presoaren salaketak, eta argudiatu du inkomunikazio garaian mediku baten bisita izaten zuela egunero Lupiañezek. NBEk aintzat hartu ditu bai Lupiañezen eta bai Espainiaren argudioak, baina egiazkotzat jo ditu euskal presoaren salaketak. Gainera, batzordeak eskatu dio Espainiari utz diezaiola inkomunikazio aldia ezartzeari, horrek «torturarako testuinguru egokiagoa ahalbidetzen duelako».
Bide luzea epaitegietan
NBEra jo aurretik, Lupiañezen auziak bide luzea egin du epaitegietan. 2007an bertan salaketa jarri zuen, baina auzia itxi zuen Bilboko epaitegi batek 2009an. Errekurtsoa jarri, eta 2011n bertan behera utzi zuten ikerketa. Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo zuen ondoren, eta baita Giza Eskubideen Europako Auzitegira, baina azken horrek ez zuen auzia aztertu, salaketaren «forma» ez zelako bideragarria. Orain, NBEren batzordeak Espainiari eskatu dio tortura salaketak «berehala» eta modu «inpartzialean» ikertzeko.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hamar euskal herritarren torturen auziengatik zigortu du Espainia 2010etik: Mikel San Argimiro (2010), Aritz Beristain (2011), Martxelo Otamendi (2012), Oihan Ataun (2014), Beatriz Etxeberria (2014), Patxi Arratibel (2015), Xabier Beortegi (2016), Igor Portu (2018) eta Mattin Sarasola (2018).