gizartea
EGA azterketak amaitu dira EAEn
Jokin Sagarzazu
Aurten, EGArako deialdi bakarra egon da —bi egiten ziren lehen— Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. HABEren C1 azterketa egin nahi dutenek horretan matrikulatzeko epea zabalik izango dute ekainaren 26tik uztailaren 9ra arte. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hartu du EGA kentzeko erabakia, eta, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoan izango du eragina.
Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, berriz, indarrean jarraituko du EGAk, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamenduaren eta EEP Euskararen Erakunde Publikoaren eta Euskaltzaindiaren ardurapean, hurrenez hurren. Oinarrian oso antzekoak izan arren, ez dira azterketa berberak. Nafarroan, proba egokitzeko asmotan dira; bereziki, lehen atala: Atarikoa.
EAEn, EGAren euskara maila bera frogatzen du HABEren C1ak. Baina ezberdintasun batzuk daude bien artean. Nagusiena: C1ean ez dago atariko probarik, ezta berridazketa ariketarik ere, eta idazmen proban testu bakarra eskatzen dute. Denborari dagokionez ere laburragoa da C1a.
Orain, HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen ardura izango da maila guztietako tituluak eskuratzeko deialdiak egitea, euskaltegietan ikasten ari diren ikasleen kasuan, eta herritar guztientzako deialdi irekietakoak ere bai. EGA azterketa ez zegoen HABEren ardurapean, Hezkuntza Sailarenean baizik. IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen esku egoten jarraituko dute, berriz, EAEko administrazioetako funtzionarioek hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko azterketek.
Proba polemikoa
Egunkari honek jakin duenez, Jaurlaritzak 2016-2020 agintaldira begira euskara agirien eraketa, egituraketa eta berrantolamenduari buruz eginiko plangintzaren barruan kokatu du EGA kentzeko erabakia, eta hori bat dator 2017-2020rako Euskararen Agenda Estrategikoan finkatutako asmoekin. Horren arabera, egun indarrean dauden deialdien egituraketa berri bat ezarri nahi du Hezkuntza Sailak.
EGAk 30 urtetik gorako ibilbidea egin du, eta azterketa horri buruzkoak beti agertu dira polemika kutsutan; askotan, joko politikoarekin lotuta. Kritiketan, azterketaren «zailtasuna» —eta, bereziki, Atarikoarena— azpimarratu izan dute maiz. EAEn, lautik batek soilik gainditu du azken urteetan. Aurkezten ziren pertsonen —bereziki ikasleen— kopuru handiek ere eragin dute kezka —10.000tik gora lagun urtero—.
Zifra horiek murriztu dira azken deialdietan; bereziki, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleek aitortuak dituztelako euskara gaitasunak ikasketak B edo D ereduan egitearen truke: C1 mailakoa, unibertsitate ikasketak eginak dituztenek. Hori izan da azken urteetako aldaketarik nabarmenena EGAri dagokionez. PSE-EEk Eusko Jaurlaritzan bakarrik gobernatu zuenean (2009-2012) hartu zuen neurria.
Geroztik, beste hainbat urrats egin dira. 2013-2014 urteetan, HABEk eta euskaltegiek gogoeta sakon bat egin zuten elkarrekin, euskalduntzearen curriculuma guztiz egokitzeko Hizkuntzen Europako Marko Bateratura. 2016an jarri zituzten abian aldaketa batzuk; sei mailatan banatu zituzten HABEren tituluak, eta horietatik hiru —C1 barne— azterketa libre bihurtu zuten, ez soilik ikasleentzat. 2015ean, Eusko Legebiltzarrak aho batez eskatu zuen EGA probaren egoera berrikusteko.