astekaria 2019/05/17
arrowItzuli

kirola

Laukoak atzetik dakarrena

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Laukoak atzetik dakarrena

Prest dago dena. Gaur hasi eta igandera bitartera arte, Euroligako Lauko Finala jokatuko da Gasteizen, gizonezkoetan. Lau talde arituko dira aurrez aurre jokoan, Europako saskibaloi titulu garrantzitsuena lortzeko asmoz. Guztira, 15.000 ikuslek beteko dituzte Buesa Arenako eserlekuak. Hala ere, partidak ikusteko aukerarik ez dutenek ere edukiko dute saskibaloiaz gozatzeko parada; izan ere, zaleentzako gunea jarri dute hiriaren erdigunean. Hotelak eta ostalariak pozik daude jende andanarekin. Herritarren artean, ordea, kezka da nagusi.

Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Baskoniak eta Euroligak elkarlanean antolatu dute bost milioi euroko aurrekontua duen ekitaldia. Erakunde publikoen artean lau milioi euro jarri dituzte, eta Baskoniak, bat. Gaur jokatuko dira bi finalerdiak. Lehena 17:30ean hasiko da, Fenerbahceren eta Analodu Efesen artekoa. Haren ostean jokatuko da bigarrena: CSKA Moskuren eta Real Madrilen artean, 21:00etan. Igandean jokatuko da finala (20:30), eta orduan jakingo da zein den Euroligako txapeldun berria.

Buesa Arenan jokatuko dira partidak, baina hiriaren erdigunean ere saskibaloia izango da protagonista; izan ere, zaleentzako gunea jarri dute. Plaza Berrian egongo da karpa nagusia -euria emanda dago-, eta inaugurazioa ere hantxe egingo da gaur, 10:45ean. Foru Plazan eta Andre Mari Zuriaren Plazan ere zaleentzako guneak egongo dira. Leku horietan ez ezik, Mendizorrotzako kiroldegian, Aihotz plazan eta Santa Barbara plazan ere ekitaldi ezberdinak egingo dituzte.


Zaleentzako gune berezia, Gasteizko Plaza Berrian. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Bestalde, antolatzaileek jakinarazi dute garraio publikoan zerbitzu bereziak egongo direla, eta bisitariei eskatu diete haren aldeko apustua egiteko. Ertzaintzak ere eman ditu aholkuak. Hiriaren erdigunean ez ezik, pabiloian ere egingo dituzte segurtasun kontrolak. Ikusleek debekatua izango dute pabiloiaren barrura objektu arriskutsuak sartzea; esaterako, suziriak. Aldarrikapen ikurrak ere debekatuta egongo dira.

Halere, debekuak uste baino lehenago iritsi dira. Segurtasunaren aitzakian, mobilizazioak debekatu dituzte. Esaterako, Gasteizko mugimendu feministak elkarretaratzera deitu zuen iragan astean, lapurreta batean hildako emakume baten heriotza salatzeko. Ertzaintzak, ordea, ez zien baimenik eman hura egiteko. Final Four-Euroliga honi ez agiria sinatu duten zenbait kolektibok ere salatu dute «eskubide murrizketak» jasan dituztela. Tartean dago Indar Baskonia, Baskoniak duen zale talderik handiena.

Hirian, iritzi ezberdinak

Lauko Finalak oihartzuna izango du munduko bazter askotan. Bilduko diren bisitariez gain, komunikabideetako profesionalak ere hirian egongo dira. Ramiro Gonzalez Arabako Diputatu Nagusiak esan du hiria eta ingurua ezagutarazteko, «sekulako aukera» dela finala Gasteizen jokatzea. Lauko Finala inoiz hartu duen hiririk txikiena da, eta 14.000 zale espero dira, gutxi gorabehera; gehienak, Espainiatik, Turkiatik -lehiaketako babesle nagusia Turkiako hegazkin konpainia bat da-, Errusiatik, Greziatik, Israeldik eta Frantziatik etorriak. Halako ekitaldi batek, baina, atzetik dakartza aldeko zein kontrako iritziak.


Toloño tabernako leihoetan, jokalarien irudiak jarri dituzte. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Gema Guillerna NH Canciller Ayala hoteleko zuzendaria da. Hark begi onez ikusi du Lauko Finala hartzea: «Aste zaila izan bada ere, ilusioz gainezka gaude; hoteleko atarian 'beteta' kartela jarri dugu ia-ia». Izan ere, aldez aurretik egin zituzten erreserbak Euroligako antolatzaileetako batzuek. Egoera berean dago Silken hotela ere. Leire Aranburu da bertako zuzendaria: «Hotelaren %85 eman genion antolakuntzari; gainera, logelez gain, aretoak ere hartu dituzte barne antolakuntzarako». Hoteletako zuzendariek nabarmendu dute logela guztiak hartuak dituztela asteburuan, eta biek jasoko dituztela finaleko antolatzaileak, babesleak edota kazetariak.

Ostalariek ere izerdi franko egingo dute datozen egunetan. Fernanda Ibarguen Andre Mari Zuria jatetxeko zerbitzaria da, eta esan du elikagai eta edari gehiago eskatu dituztela datozen egunetarako. Horrez gain, positiboki baloratu du egitasmoa: «Gasteiz txikia da, jende gutxik ezagutzen du, baina egitasmo honek lagunduko du turistak erakartzen eta hiria ezagutarazten»e

Ostalariek iritzia logikoa da, baina argudioak gehitu dizkiete azalpenei. «Hiriko ekonomiarentzat aukera bikaina da; gainera, lanpostuak ere sortu dira, ostalaritza zerbitzuetan jende gehiago beharrezkoa delako», azaldu du Guillernak. Silken hoteleko zuzendariak, berriz, gaineratu du hiriarentzako «doako publizitatea» dela, etorkizunean turista gehiago etortzeko aukera eskainiko duelakoan.

Guztiak, baina, ez dira aldeko iritziak. «Ekimenak, dudarik gabe, izango du eragin ekonomikoa, baina sektore eta pertsona jakin batzuentzat», mintzatu da kritiko Iñigo Moñux gasteiztarra. Haren ustez, halako final bat antolatu beharrean, hirian badaude bestelako lehentasunak; esaterako, kultur ekitaldi gehiago sustatzea edota hain ezagunak ez diren kirolen aldeko apustua egitea. Judith Unanue ere gasteiztarra da, eta Lauko Finala hiria ezagutarazteko aukera bat izan daitekeela onartu arren, ez du babesten. Hark Moñuxek esandakoarekin bat egiten du: «Badaude bultzatu beharko liratekeen bestelako ekitaldiak; adibidez, gizarte mugimenduetatik sortutako proiektuak».

BERRIAn argitaratua (2019/05/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA