gizartea
Isiltasuna eten, memoria egiteko
Julen Aperribai
Heriotza hark izan zuen erantzun soziala kontuan hartuta, denborarekin kasua «plano intimora» igaro dela uste du Minerrek. Memoria ikuspuntu sozial eta politiko batetik egiteko beharrak eraman du liburua osatzera. Hala azaldu zuen atzo Minerrek, liburuaren aurkezpenean: « Sozialki, ez ginen memoria egiten ari. Eta ez hori bakarrik; intuizioa nuen ez ginela ari transmisioa bermatzen».
Elosegi Ansa gaztearen suizidioaren hamargarren urteurrena du Minerrek proiektuaren pizgarritzat. «Hamar urtean lehendabizikoz, ez nuen omenaldirik egiteko beharrik; ezta loreak eramatekorik ere. Horrek doluaren amaiera iradoki zezakeela pentsatu nuen momentuan, baina hurrengo hilabeteetan ezinegon handi bat sentitzen hasi nintzen gai horren inguruan», azaldu du. Kasuaren karga politiko eta soziala galtzeak eta isiltasuna gailendu izanak eragiten zion ezinegona. Kezka horri tiraka, eguneroko bat idazten hasi zen, «oso modu intuitiboan». Galderak pilatu zitzaizkion, ordea, eta galdera horiei aterabidea emateko asmoz osatu du liburua. «Asmoa ez da izan biografia bat egitea, baizik eta aztertzea sozialki zergatik estali den kasu hau eta, batez ere, gogoratzea bere garaian zer inpaktu izan zuen gertaerak».
Bederatzi testigantza jaso ditu, baina elkarrizketa gehiago egin ditu idazketa prozesuan. Kolektiboki egin nahi izan du memoria ariketa: «Halako mapa emozional eta politiko poliedriko bat osatzen ahalegindu naiz, ahots askotakoa». Ertz desberdinetatik egindako begiradak bildu nahi izan ditu. Hala, Elosegi Ansaren anaia, kuadrillako lagunak, Brayan Altimasbere Hernaniko gazte transexuala, Medeak talde transfeministako kideak, Maialen Lujanbio bertsolaria eta Iratxe Retolaza kultur kritikari eta EHUko irakaslearen testigantzak bildu ditu. Guztien inplikazioa nabarmendu du Minerrek: «Errespetu eta ardura kolektibo handia topatu ditut. Uste dut denek parte hartu dutela badakitelako, pertsonaletik harago, gizartean eragiteko asmo bat baduela proiektuak».
Arazoa, gizartean
«Hau gertatu eta gero, hamar urtera, zenbat aldatu da egoera Euskal Herrian? Benetan pertsona transexualentzat bizigarriak diren jendarte eta herriak eraiki ditugu, edo ez?». Galdera horiek buruan zebilzkiola izan zuen Minerrek Ekai Lersundi gazte ondarroarraren suizidioaren berri, iaz. «Gertakari hark drastikoki konfirmatu zidan ezetz, ez garela jendarte bizigarriak egiten ari», aitortu du Minerrek.
Elosegi Ansaren heriotzatik hona, transexualitatearen «ikusgarritasunean eta ezagutza mailan» asko hobetu dela onartu du Minerrek. Dioenez, hipotesi hori baieztatu dio Brayan Altimasbereren testigantzak ere. Edonola ere, fokua beste nonbait jarri behar dela azpimarratu du: «Ezin dugu jarraitu pentsatzen arazoa pertsona trans horien gorputzetan dagoela edo pertsona horietan gorpuzten dela. Pertsona batek egokiarazi dioten generoarekin gatazka bat erakusten duen momentuan, arazoa ez da pertsona horrena; arazoa sailkapen hori egin duen gizartearena da».