astekaria 2019/05/17
arrowItzuli

bizigiro

ISABELLE GEFFROY, 'ZAZ'

«Ez zaio beldurrik ukan behar ezberdin izateari »

Ainize Madariaga

«Ez zaio beldurrik ukan behar ezberdin izateari »

Isabelle Geffroy Zaz (Chambray-les Tours, Frantzia, 1980) nazioarteko lehen lerroko boz frantsesa tai gabe dabil taulagainez taulagain. Eskualdea ongi ezagutzen du: Izar Adats auzo herriko talde landesak egin zuen famatu 2010ean, bertan egon zen bi urteetan. Hortik aitzina, bere baitatik abiatu, eta Effet miroir du karrikaratutako hondar diskoa. Baionan bi kontzertu emango ditu —bat atzo eta bestea gaur— biak Kanboko Xan Mixel Garikoitz kolegioko 200 ikasleren koroak lagundurik. Kontzertuen hasieran, euskal kantari bat gonbidatu dute, baina «sorpresa» atxiki nahi dute. Zazen birak Londres, Tokio eta Osakara eginen du jauzi heldu den astean.

Euskal Herria ez zaizu arrotza.

Bazuen aspaldi ez nintzela zuen eskualdeetara jautsi. Hemen nuen ukan ene lehen esperientzia profesional gisa: ordaindu egin zidaten kantatzearen truk. Izar Adats taldeari esker izan zen, bi urtez aritu bainintzen tai gabe mugitzen; zinez akigarria zen, baina esperientzia bikaina! Guhaurrek genuen dena egin behar: muntatu eta desmuntatu... Hamabost lagun ginen bertan ari; familia handi bat bezalakoa zen. Orduan dut lanbidea ikasi.

Euskararekin egin duzu jada topo.

Izar Adats taldean, tarteka, aperitifaren momentuan, euskaraz kantatzen hasten ziren taldekideak. Hor nuen lengoaia entzuten. Kantu ederrak dira, sakonak, urrunetik heldu direnak. Oso espiritualak eta identitarioak, erroetan ontsa barnaturik direnak, ahantzi behar ez den zerbait magikoa dira.

Zein da euskaraz kantatuko duzun abestia?

Sorpresa da! Zinez ederra da; ileak tente jartzen zaizkit. Kantu garrantzitsua da. Batzuen artean hori hautatu nuelarik, Nellyk [Guilhemsans] erran zidan oso kantu garrantzitsua zela. Arras ni sentitzen naiz kantu horretan.

Nola joan da elkarlana 200 ikasleekin?

Biziki harro naiz. Sekulako lana da burutu dena hemen. Bi orenez taula gainean irautea nekeza da, beraz, pentsa haur batendako! Errepikan bi haur trenpu sartu dira, uste dut beroak eta emozioek eraginik. Sekulako esperientzia izan da. Nellyk ikaragarriko lana egin du amodioz beterik; inpresionatu nau. Jende ederra da, zinez. Lehen aldia dut horrelako elkarlanarena; dena egokitu dugu haur koro batekin emanaldia eskaintzeko. Zoragarria da.

Zer mezu dakarzu?

Partekatu eta elkarrekin proiektuak sortzearena. Berez, duela hiru urte sortutako Zazimut proiektuaren barnean sartzen da hau, zeinek lurra eta bizidunaren errespetua baititu oinarri. GKE ttipiak laguntzen ditut gisa horretan; zoragarria da. Proiektuak ekarri dizkit bozkarioa eta jende berria ezagutzea. Ikusten duzu ez zaudela bakarrik, eta badela mundu osoan etengabe lanean ari den jendea, heziketa eta garapen iraunkorraren alde. Ororen buru, mundu hobe baten alde, eta biharko gizartearentzako balio baikorren alde.

Estilorik baduzu?

Denetarik egin nahi dut: pop, jazz, variété française, rock eta manouchearen arteko nahasketa da enea.

Zer ematen dizu kantuak?

Konexioa. Munduarekin eta bozkarioarekin konektatua egoten naiz kantatzen dudalarik, bai: munduarekin lotzen nau. Uste dut lorios garelarik gure lekuan gaudela. Egia da ez dela beti erraza alegera izatea, baina lantzen eta elikatzen den zerbait da. Ez pentsa! Gertatzen zait bozkarioan ez egotea, baina burua berriz altxatzen dut, eta beti haren bila nabil. Asebetetzen nau loriak. Gisa berean, kantatzea transmisioa ere bada: mezu, emozio eta balioak ondokoei helaraztea.

Preseski, zein dira zuretzat balio garrantzitsuak?

Denok desberdinak garela eta berezitasunak dauzkagula. Hain zuzen, horiek dute edertasuna ekartzen. Munduan dena da konparazioa, baina desberdintasun hori aberasgarria da. Ez zaio beldurrik ukan behar ezberdin izateari eta norbera izateari, betiere errespetuan: emakume, haur, artista, homosexual... Beldurra ezjakintasunaren eta amodio eskasaren marka da.

BERRIAn argitaratua (2019/05/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA