kirola
Joko ederrenaren zaindari
Imanol Magro Eizmendi
Trinket profesionalaren azken urteetako bilakaera ezin da ulertu Ozafrain gabe. Rene Muskarditz, Jean Claude Biskubi, Filipe Karrikart eta 1980-90 hamarkadetako beste izen handien eta egungo belaunaldi gazte indartsuaren arteko zubia izan zen. Herrian hasi zen pilotan, baina Baigorrin trinketean, Zaharrer Segi klubean, trinket elkarte emankorrenetako batean. Ozafrain bilakaera eta joko klasikoko pilotaria izan zen. Elite mailan lehiatzen hasi aurretik, 1998an buruz buruko munduko txapeldun izan zen Mexikon, Raul Saldaña etxeko pilotariari irabazita.
Goi mailan lehiatzen hasi eta berehala eman zuen zeresana. Atzelari gotorra zen, indartsua, buruz burukoan jokatzeko ahal handikoa. Bi aldiz jarraian izan zen txapeldun, 2003an eta 2005ean. Nafarroa Beherean jaiotako azken txapelduna da oraindik. 2003an, Biskubiri irabazi zion finalean (40-30), eta 2005ean Andde Kurutxarriri (40-17). Ondo dago azalduta, tartean, 2004an, ez baitzen txapelketa ofizialik jokatu. Berezkoen mugimendua puri-purian zegoen garai hartan. Hainbat trinket pilotarik Frantziako Federazioari euren lizentziak bueltatu zizkioten, profesional gisa jokatzen hasteko.
Ozafrain izan zen berezkoen bozeramailea, eta negoziazioetan parte hartu zuen. Afera horrek EPB pilota enpresaren sorrera eragin zuen. Mugimenduan, baina, barne zatiketak egon ziren gero, eta, egun, tarteko eredu bat dago: Eskupilota enpresaren zirkuitua eta federazioaren txapelketak. Bankako jendeari izaera irmoa izatea egozten zaio; mendiko herri bat da, 1.200 metrotik gora dago, eta negoziazio horiekin jarraitu zutenek gogoratzen dute Ozafrainek ospe hori on egin zuela. Pilotarien eskubideak lehenetsi zituen, eta liga profesional bat sortzearen aldekoa zen.
Berezkoen mugimenduan zegoen Patrick Ibarrola ere, eta hura gabe ezin da ulertu Ozafrainen ibilbidea. Baigorriko klubean elkar ezagutu, eta ibilbide osoa egin zuten elkarrekin. Atzo hunkituta zegoen. «Horrelako garaietan tituluak ahaztu egiten dira. Anaia bat galdu dut; umetatik beti elkarrekin egon ginen. Patrickek kalitate anitz zituen, borondate handikoa zen, eta burugogorra,ni bezala». Urte askoan bikote klasikoa osatu zuten, eta bina aldiz irabazi zituzten binakako txapelketa eta Baionako Mastersa.
Ibarrolak 2012an utzi zuen elite mailako pilota, eta Ozafrainek, 2013an. Maila onean utzi zuen gainera, 2012an buruz buruko finalerako sailkatu baitzen. Elite mailako pilota utzi zuen, baina ez zuen gerrikoa eskegi. Izan ere, Berezko izateari utzi, eta amateur mailara itzuli zen, Zaharrer Segiko gazteei laguntzeko asmoz. Amateur mailan bi aldiz izan zen Frantziako txapeldun, klubeko bi aurrelarirekin: Mattin Olzomendi eta Xabi Alcasenarekin.
2017ra arte jokatu zuen amateurretan, gaixotu zen arte. Jokatzeaz bat, bere betiko klubean lanean jarraitu zuen, gaztetxoak entrenatzen eta Jean Marc anaiari laguntzen —Mixel beste anaia Bankako auzapeza da—. Jasotako guztia itzuli nahi zion. «Pertsona izugarria zen; beti zegoen prest entrenatzen ari zirenekin jokatu, edo edozeini entrenatzen laguntzeko. Lan handia egin zuen gaztetxoak entrenatzen eta klubeko ardura hartzen». Gratien Juantorena Zaharrer Segiko presidentearen hitzak dira.
Ozafrain euskalduna eta euskaltzalea zen, eta ohikoa euskararen aldeko ekitaldietan. AEK-ko mintzakide ere bazen; euskara ikasten zutenei laguntzen zien, eta Euskal Irratietako Punpa Xare saioan kolaboratzen zuen. Kantu zaletasun handia zuen, eta abesti batzuk grabatu zituen beste hainbat pilotarirekin. Xenpelar Dokumentazo Zentroko datu basean aurkitu daitezke Ibarrolari bere agurrean idatzi zizkion bertsoak. Bere omenezko elizkizunak bihar izango dira, Baigorrin. Eliza txiki gelditzea espero da.