astekaria 2016/01/29
arrowItzuli

mundua

XAVIER ARBOS

«Erabakitzeko eskubidea helburu politiko legitimoa dela uste dut»

Aitor Biain

«Erabakitzeko eskubidea helburu politiko legitimoa dela uste dut»

Independentziarako bidea «apur bat gelditu» dela uste badu ere, konstituzioaren erreforma «lehenago edo geroago» egin behar dela dio Xavier Arbosek (Bartzelona, Katalunia, 1954). Federalismoa litzateke konponbiderik «egokiena» beretzat.

PSOEren federalismoaren proposamena idatzi zuten adituetako bat izan zinen. Hauteskundeen emaitzak ikusita, konstituzioa erreformatzeko aukerarik ikusten duzu?

Egia esan, ez naiz batere baikor emaitzak ikusi ondoren. Eta baikor diot, uste dudalako federalismoa dela konponbiderik egokiena eta hala izatea nahiko nukeelako. Baina oso zail daude kontuak. Hala ere, ezinbestekoa da konstituzioaren erreformari buruz hitz egiten hastea. Kontuak egun dauden moduan ikusita, konstituzioaren erreforma egin beharko litzateke. Eta emaitza dena delakoa izanik ere, Kataluniako herritarrei galdetu ondoren; ezinbestean. Horrek huts eginez gero, bestelako neurri batzuk jarri beharko lirateke mahai gainean: erreferendumari edota independentziari buruzko galdeketa bat. Baina azken aukera izan beharko luke horrek.

Erabakitzeko eskubidea zer esana ematen ari da Madrilgo negoziazioetan.

Aitortu beharra dago erabakitzeko eskubidea, kontzeptu gisa, ez dagoela egungo zuzenbide konstituzionalean, ez eta nazioarteko zuzenbidean ere. Hala ere, helburu politiko legitimoa dela uste dut, nahiz eta erreferendumak ez ditudan gustuko.

Kongresuko negoziazioei dagokienez, ez da ahaztu behar Espainiako presidentetzari buruz ari garela, eta, beraz, botereaz. Hori dela eta, ez dut uste erabakitzeko eskubidearen kontuak eraginik izango duenik horretan, ez eta Katalunian ere. Nork agintzen duen izango da garrantzitsuena. Horrek bai, izan dezake eraginik. Uste dut orain ikusten ari garena ez dela alderdien indarrak neurtzeko jarrera bat besterik.

Dena den, alderdi politiko katalanen abstentzioa behar du gutxienez Pedro Sanchezek presidente izan nahi badu. Lor dezakeela uste duzu ?

ERCrekin oso zail du Sanchezek; koherente izan da beti, eta oso zaila da baiezkoa ematea. Democracia y Llibertat edo Convergenciari dagokionez, berriz, beti esan izan da bi eskutara jokatu izan duela. Orain ezezkoa esaten badu ere, ez nintzateke harrituko akordioa lortuz gero. Uste dut ez direla oso urrun joan; itzuliko direlakoan nago; izango dute zer esanik oraindik.

Kataluniari finantzaketa modu berezi bat emanda, amaitu daiteke independentziarako bidea?

Beharbada, bai. Nork daki. Estatu guztian finantzaketa sistema berdintsu bat egotea nahiko nuke. Baina, hala ere, oinarri bati eutsita, berezitasunak egon daitezke; Euskadi, Nafarroa eta Kataluniarenak, kasurako. Hori egingarria dela uste dut, baita egitura federal batean ere. Kataluniari finantzaketa sistema berezi bat emateak egoera aldatuko balu, ez nuke arazorik izango. Are gehiago, uste dut alboratu behar ez den aukeretako bat dela. Ez litzateke konponbide egokiena izango, nire ustez, baina, egoera ikusita, aukera ona litzateke.

Noraino jo dezake Auzitegi Konstituzionalak, Kataluniak independentziarako bidean jarraituz gero?

Egun planteatuta dagoen moduan, bi bide ditu auzitegiak. Alde batetik, duela gutxi onartutako erreforma baliatuta, hau da, Kataluniako Parlamentuaren edota gobernuaren ekintza baten aurka egin, eta balizko erantzuleak zigortuta. Eta, bestalde, arlo penaletik jota, Masekin egin den modu berean.

155. artikuluari buruz hitz egin da asko.

Espero dut horraino ez iristea. Baina, bai, egia da: 155.artikulua ere aplika dezake. Hala ere, artikuluak interpretaziorako tarte handia uzten du. Nire interpretazioaren arabera, ez da egia autonomia desegiteko aukera uzten duenik. Hala ere, neurri oso gogorrak izan daitezke.

BERRIAn argitaratua (2016/01/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA