gizartea
Indar berri baten xerka
Ekhi Erremundegi Beloki
Aci Gasconha da elkarte kultural garrantzitsuenetako bat. Koroak eta dantza taldea dituzte, konferentziak eta erakusketak ere antolatzen dituzte, eta astero irrati emankizun bat prestatzen dute. Orain dela 35 urte sartu zen elkartean egun Bernard Dauga presidentea. «Gaskoiaren akademiarekin batera, BAM sektoreko [Baiona-Angelu-Miarritze] elkarte bakarrak ziren». Sortzez Bokalekoa (Lapurdi) da Dauga; «herri gaskoia». «Gure aitatxik gaskoia pixka bat mintzo zigun, nire aitak ulertzen zuen, baina nire belaunaldiak ez du jaso». Maulera joatearekin hurbildu zen gaskoi kulturara. «Han ohartu nintzen ez nintzela euskalduna; 40 bat urte izanen nituen». Aci Gasconha elkartea ezagutu eta gaskoi kultura berreskuratzen hasi zen. «Gure belaunaldia frantsesez elikatua izan da. Gaskoi kulturarik ez zen existitzen; halakorik ez genuen aipatzen».
Akamarren (Nafarroa Beherea) sortu zen Yvan Barreye. Okzitaniera bere ama hizkuntza ez bada ere, txikitatik izan du harekin harremana. «Nire amatxik gauero bere ohean hartzen ninduen eta ipuinak kontatzen zizkidan». Gaur egun, adinekoen lekukotasunak biltzen ditu, okzitanieraz, Memoires Vivantes elkartearen bidez. Okzitaniera-gaskoi elkarteak biltzen dituen Ligam plataformako presidente ere bada.
Gurasoek frantsesez egiten zioten: «Garaian bazen kezka hori, haurra gaztigatzea zela harekin gaskoieraz mintzatzea». Hala ere, hizkuntzarekiko atxikimendua izan du beti: «Nire parte izan da beti. Hizkuntza horrek lasaitzen nau». Bidaxuneko kolegioan (Nafarroa Beherea) ireki zen lehen gaskoiera klaseko ikasleak izan ziren ondoren.
Euskaldunak eta gaskoiak
Euskararen eta gaskoiaren arteko harreman naturala ezagutu duela dio Barreyek. «Euskaldunak lanera etortzen ziren hona, eta gaskoia ikasten zuten, Aturri bazterreko lanbideen hizkuntza gaskoia zelako. Belaunaldi eleaniztunak ziren, zoragarria zen». Gaskoiek ere euskarazko hitz andana zekizkitela dio. 1980ko hamarkadatik aitzina hartu zuen kontzientzia egoera okertzen ari zela, antolatzen zituzten ikusgarrietara gero eta jende gutxiago joaten zela; garai hartan hasi zen egituratzen, bere hitzetan, Okzitaniaren aldeko mugimendua.
Barreyek euskaldun-gaskoi gisa identifikatzen du bere burua. «Txikitatik frantziar nazio instituzioak frantsesa eman dit, gaskoia etxean nuen, eta euskarazko ehun bat hitz eta espresio dakizkit». Gaskoia eta euskara elkarrekin desagertzen ari direla dio. «Ez dut sekula harreman gatazkatsurik izan frantsesarekin; erabat naturala izan da, eta ondorioz, arriskutsua. Harreman batean bata bestea baino indartsuagoa denean, gaina hartzen diolako».
Gazte garaian, Bokale eta inguruak Euskal Herrian kokatzen zituela dio Bernard Daugak. «Landak kulturalki ez ziren existitzen, haatik bazen euskal kultura bat erakargarria zena. Ondotik deskubritu dut Gaskoinia, bere historia, izan duen lekua». Gaur egun egoera «mugitzen» ikusten badu ere, «zaila» dela dio.
Politika abertzalea dutenekin harremana beti ez da erraza, bere hitzetan, «mugak jarri nahi dituztelako». Haren ustez, bat baino gehiago ez litzateke gaskoiaren eskumena hartzearen aldekoa: «Batzuekin mintzatuta, beharbada erranen dizute gaskoi horiek kakinarazten dutela». Uste hori nondik datorkion galdetuta, Frantziari eta Espainiari begira euskal abertzaleek duten jarrera aipatu du. «Ez dut ulertzen baztertze hori. Euskalduna eta frantsesa izan daiteke», esplikatu du. «Gaztea nintzenean, euskal kultura azkarki sartzen hasi zen, eta gaskoi batzuk haien kulturaz desjabetuak sentitu ziren. Baina norena izanen zen hobena? Nor gelditu zen lo? Euskaldunek beren kultura defendatzen dute; guk ere egin dezagun gurea».
Aipatzen hasita, onartzen du Frantziaren asimilazio politikaren ondorioa dela gaskoiaren ezagutzaren apaltzea. Eta paradoxalki, eredutzat ditu euskaldunak: «Zuek egindako lanari eta bideari segitzen diegu. Gure aldarrikapenak aitzinatzen badira da aitzinetik euskaldunak aritu direlako. Departamenduan gaskoi kultura babesteko laguntza eskatzen diegunean, arazoa ezaguna zaie. Hori elkarte euskaldunek egin dute».
Nor da zilegi?
Bestelako tonu batean mintzo da Guy Mondorge Gaskoi Akademiako presidente eta Angeluko (Lapurdi) PSko hautetsia. Haren iritziz, BAM hirigunea eta Aturri bazterreko eremu guzia Gaskoinia dira, eta ez da zilegi hor euskara garatzea. Alta, argi utzi nahi du: «frantziar jakobino eta anti-euskaldun» gisa ezagutua bada ere, bera ez da hala. «Badu 30 urte abertzaleek ez nautela ulertzen. Erraten dudana bistakoa da, alta: ni ere, haiek bezala, hemengoa naiz, baina ni hemen etxean naiz, eta haiek hemen ez dira beren etxean. Hemen: Baionan, Angelun eta abar; haien etxean dira Itsasun, Azkainen... Hemen euskal diaspora bat ezarri da, baina ez du eskubiderik aldarrikatzeko lurralde hau euskalduna dela. Badira euskaldunak kulturalki euskalduna ez den lurralde batean».
Bizia frantses eta gaskoi «kidetasun bikoitzaren» gainean eraiki duela dio. «Estatu nazio batean nengoen, baina, era berean, gizarte segurantza eta ongi zegozkidan beste gauza andana zituen estatu batean nintzen. Ez naiz sekula eraso egina sentitu». Euskaraz mintzatzeagatik eskolan jazarriak izandako euskaldunen lekukotasunak aipatuta, ukatu ditu, eta haien «asmamena» dela ulertarazi du, frankismoak eragindako errepresioaren «mimetismoz» sortua. «Ez da Frantziaren kulpa egun ez bada gaskoia entzuten». Hizkuntza gutxituen arloan, euskara frantziar estatuaren «haur gastatua» dela nabarmendu du.
Haren iritziz, azken hamarkadetan euskarak eta Euskal Herriak Frantziarengandik instituzionalki jaso duten guzia «bake soziala» lortzeko izan da, bortizkeria politikoaren aurrean. «Guk eskatzen genuen, existitzen ginela erraten genuen, baina baztertuak izan gara. Ez zen dirurik eta ez zen babes politikorik. Noren kulpa da?», galdetu du, kontatu ondotik bere seme alabei ez diela transmititu gaskoia.
Bi orduko elkarrizketan, «euskal jakobinismoa», «euskaldunen kolonizazioa» edo «euskal integrismoa» bezalakoak errepikatu ditu behin eta berriz. «Ez zarete ohartzen nola oharkabean jadanik hor diren gauzak zapaltzen dituzuen, pentze batean ibiliz loreak zapaltzen diren moduan».
Alain Viault hizkuntzalariaren hitzetan, ordea, ez da zuzena euskara edo gaskoia bata bestea baino zilegiago dela dioen diskurtsorik. Bordeleko unibertsitateko irakaslea da, eta hizkuntza gutxituen soziolinguistika landu du bereziki. Hizkuntzek errealitate historiko bat badute ere errealitate soziolinguistikoa ere kontuan hartu behar dela uste du. «Ezin ditugu iritzi esentzialistak onartu; adibidez, erraten dutenak duela 2.000 urte euskara hor zela, eta beraz, naturala dela, eta, era berean, historikoki gaskoia zenez gaskoia izan behar duela erraten dutenak. Errealitatea da bi hizkuntzen eta kulturen presentzia dagoela. Gaur, euskal dinamika nabarmena da, eta jende anitzek bat egiten du. Hori kudeatu behar da». Bretainia hartu du adibide. «Hizkuntza erromanoa mintzo zen eremuetan, Bretainiarekin atxikimendua dutenak bretoieraz mintzo dira egun, historikoki bretoiera sekula erabili ez den lekuetan. Ez da bretoieraren itzulera bat; ez da sekula presente izan. Baina errealitate bat da; beraz, kudeatu behar da».
Hizkuntzen artean izan daitezkeen errezeloak azaltzeko, alde batean zein bestean egin diren akatsak aipatu ditu. «Ez nuke ezer orokortu nahi, gehienetan pertsona gutxi batzuen gauza delako. Izan dira tentsioak gaskoien aldetik, baina, nire ustez, mehatxu sentimendu baten adierazpena dira, ez dena kanpotik heldu, barnetik baizik; okzitaniera bera da mehatxatua. Uste dut are bortitzago bizi dutela euskararekin kontaktuan, okzitanierak duen egoera zailarekin parekatuta euskararen egoera dinamikoagoa eta aldekoagoa delako; baina, funtsean, euskara ere arriskuan dago».
Gaur egungo beharrak
Zer behar du okzitanierak? Bernard Daugaren iritziz, «ez da sekreturik»; irakaskuntzatik pasatu behar du. «Hemendik 10-15 urtera, nork erabiliko du gaskoia?». Ikasgela elebidunak garatzea nahiko luke, calandretek —murgiltze eredua eskaintzen duten eskolek— eskatzen duten inplikazioak guraso gazteak uxatuko dituen beldur.
Beharrak ekonomikoak dira bereziki, Yvan Barreyen iritziz. «Horrez gain, naturaltasunetik ikusgarritasunera pasatu behar dugu». Herriek gehiago komunikatzea nahiko luke, gehiago erakustea zer diren. «Egun euskal dinamikak gaina hartu du, eta normala da. Baina gaskoiaren lekua ere markatu behar da zilegi den tokietan; ez gara Donibane Garazira lobby gaskoia egitera joanen».