iritzia
Aditzen ahalegindu behar
Itziar Diez de Ultzurrun
Voxzaleek badituzte pozarren egoteko bi arrazoi, gutxienez: Espainiako Gorteetara sartu dira eta lortu dute gainerako alderdi espainiarrek beren diskurtsoak eskuinalderago eramatea. Zentralismo, katolizismo eta harrokeria nazional handiagoko erresuma bat dute amets eta birkonkistaren hasieran daudela diote, gerraren lehen garaipena lortu dutela. Ez esan ez dela beldurra emateko modukoa eraikitzen ari diren iruditeria belikoa. Batzuen ustez, ordea, irrigarria baino ez da eta, beste askoren aburuz, erdeinagarria baino ez: zaborra. Zaborra eta kito. Edo faxista ezjakinak eta kito. Halere, agerikoa da zaborra direla esateak ez dituela aurkaratu nahi diren argudioak besterik gabe desagerraraziko. Eta agerikoa ere bada faxista ilustratu eta kulturadun asko egon dela eta dagoela hemen eta munduan.
Batzuek diote eskuin mutur hori hain indartsu suspertu izana independentista katalanen errua dela. Eta kito. Beste batzuek, argudio hori sasikoa dela erakutsi gogoz, behin eta berriz gogorarazten dute mugimendu independentistarik ez duten munduko beste bazter batzuetan ere egin duela gora ultraeskuinak eta, beraz, ez dagoela bi gertakarien arteko loturarik. Eta kito. Ez dakit, bada, niri behintzat loturaren bat badagoela iruditzen zait. Eskuin muturraren gorakada honen atzean errealitate global amankomun batzuk daudela ezin uka, baina tokian tokiko beste faktore batzuk ere badaudela iruditzen zait. Nolanahi ere, argi samar dago espainiar anitzengan halako nahi bat berpiztu dela beren abertzaletasuna eguneroko adierazpide hutsalez haratagoko moduez erakusteko, hein batean min hartu dutelako beren harrokeria nazionalean (Espainiaren zatiezintasunaren doktrinan oinarritua eta arruntean aski izaten duena adierazpide banal eta ia ikusezin batzuekin).
Halere, uste hori nire susmoa baino ez da, ez da azterketa sakon baten emaitza, eta nago horrelakoak direla orain beharko genituzkeenak. Pikara Magazinen Arlie Russell Hochschild soziologo estatubatuarrari eginiko elkarrizketa dago irakurgai. Bost urte eman ditu eskuineko herrikideen ikuskerak aztertzen haien emozio eta motibazioak ulertzearren. Hark dio haien bizipenetan murgildu dela beste Ā«egia emozionalĀ» bat ulertu nahi izan duelako. Datu zientifikoekin erkatu ditu gero ikerketaren emaitzak. Argudio faxisten sustraiak ulertzea da gisa horretako azterlanen helburua, sakoneko errelatoetan (gure uste politiko sendoen oinarri emozionaletan) arreta jarriz, tartean diren faktore guztiei begiratuz eta sinplekeriak hauspotu gabe. Faxismoari bide askotatik egin dakioke aurre.
Voxen kasuan, nire ustez, aztergaia hau ere bada: faxismoarekin pareka daiteke eskuin muturreko nazionalismo espainiar katoliko, zentralista, epikazale eta neoliberal hori? Zeren horretan ez baitatoz aditu guztiak bat eta, gainera, Voxekoak trebeak izaten ari dira besteen irainak beren alde kudeatzen. Voxekoak faxista petoak edo ultraeskuindar hutsak izan, poztekoa da, hasieran nioenez, Hego Euskal Herrian izan dituzten emaitza txarrak, baina ez gaitezen inozoak izan: ez dezagun ahantz birkonkistaz mintzo zaizkigun gurutzatu horiek 45.700 bat boto lortu zituztela estatu osoan orain dela hiru urte eskas eta orain, aldiz, 2 milioi eta erdi baino gehiago. Agian irainak eta erdeinuak ez dira aski izanen haien hazkundea eta gizartean zilegiztatzen hasi diren argudioen zabalkundea geldiarazteko. Horregatik iruditzen zait ez litzatekeela batere desegokia izanen diskurtso horiek sortzen diguten amorrua bideratzeko moduez hausnartzea eta merezi duela Russell Hochschildek urraturiko bidetik joatea eta eskuin muturra arazo politikoak konpontzeko aukera itxaropentsua dela uste duten horien ikuspegietan dauden sustrai emozionalak ere aditzen ahalegintzea.